Kongoko Errepublika Demokratikoak eta Ruandak bake akordio bat adostu dute

Ekainaren 27an dira ituna sinatzekoak, eta, zehaztu dutenez, helburu nagusia da Kongoko Errepublika Demokratiko ekialdeko gatazka amaitzea. Lurralde osotasuna errespetatzeko eskatu diote elkarri.

Hainbat desplazatu Goma hirian, joan den urtarrilean. MARIE JEANNE MUNYERENKANA / EFE
Hainbat desplazatu Goma hirian, joan den urtarrilean. MARIE JEANNE MUNYERENKANA / EFE
Iratxe Muxika
2025eko ekainaren 19a
14:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Kongoko Errepublika Demokratikoko eta Ruandako Gobernuek bake akordio bat hitzartu zuten atzo, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, AEBak aritu dira bitartekari, eta heldu den ortziralean elkartuko dira Washingtonen ituna sinatzeko. 

Aurreakordioaren zehaztapenak emateko, ohar bateratu bat argitaratu dute bi herrialdeek —mugakideak dira— eta AEBetako bitartekariak. Bertan jasotzen dute Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean gertatzen diren gatazkak «amaitzeko» egin dutela ituna. Honako hauek dira akordioaren puntu nagusiak: lurralde osotasuna errespetatzea; liskarrak debekatzea; talde armatuak armagabetzea, desegitea eta integratzea; segurtasuna koordinatzeko «mekanismo bateratu» bat sortzea; eta errefuxiatuen eta barne desplazatuen sarrera humanitarioari bide ematea. 

Duela bi hamarkada piztu zen gatazka Kongo ekialdean, eta urte honen hasieran areagotu egin zen; hain justu, urtarrilaren 27an, M23 Martxoak 23 gerrillak Goma hiria hartu zuenean. Matxinoek hiriko hainbat gune estrategiko kontrolatu zituzten, eta milaka lagunek Ruandara egin behar izan zuten ihes. Otsailean, berriz, hegoaldeko Bukavu hiria okupatu zuten. Bi hilabete horietan, 8.500 lagundik goiti hil ziren Kongoko Errepublika Demokratikoan. 

M23ko gerrillariak Tutsiak dira nagusiki, eta Ruandari talde hori «laguntzea» leporatzen diote bai NBE Nazio Batuen Erakundeak, bai AEBek eta Kongoko Gobernuak. Ruandak ukatu egiten ditu akusazioak, baina NBEk salatu du matxinoek 4.000 soldaduren baino gehiagoren «babesa» dutela herrialde mugakidean. Ruandak eta M23 gerrillak, berriz, Kongoko armadari egotzi diote FDLR Ruandaren Askapenerako Indar Demokratikoarekin elkarlanean aritzea —hutuak dira—. 

M23 ez da, ordea, gatazkak eragin dituen bakarra; izan ere, ADF Indar Demokratiko Aliatuak miliziak hainbat eraso egin ditu Kongoko Errepublika Demokratikoko ipar-ekialdean. Gatazka horiek guztiak bukatzeko adostu zuten atzo bake akordioa sinatzea; egun, 7 milioi desplazatu daude herrialdean. Dena dela, ikusteko dago noraino helduko den ituna, joan den apiril amaieran ere ahalegindu baitziren antzeko itun bat sinatzen eta elkarrenganako «errespetua» bermatzen. 

Mineral aberatsak 

Mineralei dagokienez, aberatsak dira Kongoko Errepublika Demokratiko ekialdea eta Ruanda, eta, bertzeak bertze, lur horien kontrolaren bila aritzeagatik sortu dira urte luzez halako gatazkak. Industria teknologikoan erabiltzeko funtsezko mineralak ustiatzen eta saltzen dituzte han; koltana, kobrea, kobaltoa eta eztainua, kasurako. 

Washingtonen negoziatu dute, eta, oharrean jakinarazi dutenez, Qatarrek ere hartu du parte bi herrialdeen arteko negoziazioetan. Hortaz, Ruandak eta Kongoko Errepublika Demokratikoak eskerrak eman dizkiote Washingtoni eta Dohari, «konponbide baketsu bat lortzeko bidean egindako ekarpen eta ahalegin baliotsuengatik». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.