Kongoko Errepublika Demokratikoak eta Ruandak bakea sinatu dute Washingtonen

Akordioan jaso dutenez, aldeek herrialde bakoitzaren lurraldetasuna errespetatuko dute, eta ez dute talde armaturik babestuko. AEBek «aldebiko akordioak» sinatuko dituzte bi herrialdeekin, baliabide naturalak erosteko.

Ruandako presidente Paul Kagame, Washingtonen. FRANCIS CHUNG /EFE
Ruandako presidente Paul Kagame, Washingtonen. FRANCIS CHUNG /EFE
Igor Susaeta.
2025eko abenduaren 4a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gatazka bati konponbidea emateko lanak hartzen dituenean, diplomazia baino gehiago negozio aukerak izaten ditu buruan Donald Trump AEBetako presidenteak. Agintaldi honetan ez du hori ezkutatu. Kongoko Errepublika Demokratikoak, hain zuzen, negozio aukerak eskaintzen ditu, koltana eta kobaltoa baititu; ezinbestekoak dira horiek sakelako telefonoen, ordenagailu eramangarrien eta auto elektrikoen baterietarako. Ruandak babestutako M23 Martxoak 23 gerrillak ere horiek ditu helburu, eta horregatik, besteak beste, urteak daramatza gerran Kongoko armadarekin. Gaur, Etxe Zurian, Trump bitartekari, bake akordio bat sinatu dute Ruandako presidente Paul Kagamek eta Kongoko haren homologo Felix Tshisekedik.

Eta akordio hori «ekonomikoa» ere bada, Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak joan den astelehenean prentsaurreko batean esan zuenez. Kontuan hartu behar da jada ekainean Afrika erdialdeko bi herrialde mugakide horietako Atzerri ministroek aurreakordio bat sinatu zutela Trumpen aurrean.

Gatazka urte hasieran gaiztotu zen, M23k erasoaldi bat hasi baitzuen Kongoren ekialdean; Ipar Kivuko hiriburu Goma eta Hego Kivuko hiriburu Bukavu hartu zituen. Handik aste batzuetara, martxo erdialdean, Tshisekedi Trumpekin jarri zen harremanetan; The Wall Street Journal egunkariak kaleratutakoaren arabera, gutun batean laguntza eskatu zion M23ren kontra egiteko, eta trukean mineralak lortzeko «abantaila estrategikoa» izatea eskaini zion.

Gatazkarekin berarekin lotutako aldagaiak jasotzen ditu akordioak. Besteak beste, aldeek herrialde bakoitzaren lurraldetasuna errespetatuko dutela, gatazken konponbide bakezalea sustatuko dutela eta talde armatuak babestea debekatuko dutela. Horrez gain, itunak aldagai ekonomiko bat ere badauka: AEBei lehentasunezko sarbidea ematen die eskualdeko mineral estrategikoetarako.

Ekainean eman zuten lehen pausoa, eta hilabete horretan bertan Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuaren beraren eta M23 gerrillaren arteko elkarrizketei bultzada bat eman zieten —Qatar aritu zen bitartekari—, eta uztailaren 19an adierazpen bat sinatu zuten. Duela aste batzuk, harago joan ziren, eta bi aldeek akordio bat sinatu zuten, zeinaren arabera bakerako marko bat onartu duten.

AEBetako Bakearen Institutuan egin dute sinadura ekitaldia —Donald J. Trump Bakearen Institutua izango da hemendik aurrera—, eta Etxe Zuriko maizterrak adierazi du «emozioz beteriko garaia» dela, «hamar milioi pertsonaren bizitza» baitago jokoan. «Hainbat hamarkadatako indarkeriari eta odol isuriari amaiera emateko konpromisoa hartu dugu. Baita bi herrialdeen arteko beste lankidetza aro bati hasiera ematekoa ere». Eta, gaineratu duenez, AEBek «aldebiko akordioak» sinatuko dituzte bi herrialdeekin, baliabide naturalak erosteko: «Mundu guztiak diru asko irabaziko du».

Bi herrialdeetako presidenteek eskerrak eman dizkiote Trumpi, «inork eskatu gabeko lana» egiteagatik «30 urte iraun duen gerra bat» amaitzeko. 

26 hildako

Dena den, oraindik borrokan segitzen dute. M23ko milizianoek eta Kongokoko armadak elkarri eraso egin zioten asteartean. Tokiko iturriak aipatuz Efe berri agentziak gaur kaleratu duenez, borroka horietan 26 pertsona hil dira gutxienez.

1998an hasi zen bi aldeen arteko gerra, eta, Nazioarteko Erreskate Batzordea gobernuz kanpoko erakundeak dioenez, 6,2 milioi pertsona hil dira gatazka horrengatik. Halaber, NBE Nazio Batuen Erakundeak iaz kaleratu zuenez, azkeneko 27 urteotan 6,3 milioi pertsonak desplazatu behar izan dute horren ondorioz Kongoko Errepublika Demokratikoaren barruan.

Ikusteko dago, gainera, gaur sinatutakoak nola eragingo dion FDLR Ruandaren Askapenerako Indar Demokratikoa matxinoen taldeari —hutuak dira—. Kongok eta Ruandak talde hori armagabetzeko plan bat bat onartu zuten iazko azaroan, eta Ruandako presidente Kagamek —tutsia da— talde horri aurre egiteko eskatu dio Kongori. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.