Bost urte daramatza Euskal Herrian Jean Marie Mushagalusak (Canjavu, Kongoko Errepublika Demokratikoa, 1981). Apaiza da, eta Eibarko San Andres elizan aritzen da. Gainera, antropologia ikasketak ere egin ditu, eta gradu bukaerako lana amaitzen ari da orain. Bere herrialdeko gerra sakon aztertu du lan horretan, eta gatazka ulertzeko zenbait gako eman.
Zein izan da zure lanaren abiapuntua?
Gure herrialdeko gatazka armatua aztertzea. Hain zuzen, Kongo ekialdean gertatzen dena: Ipar Kivu, Hego Kivu eta Ituri probintzietan. Gatazka dagoen gunean mineralak daude, eta eskualde horretan bertan gertatzen da indarkeria, batez ere emakumeen aurkakoa. Hiru aldagai horien arteko erlazioa aztertu nahi izan dut, eta han gertatzen dena errotik ikertu.
Luze doa gatazka, ezta?
1994an hasi zen, duela 30 urte baino gehiago. Ehun eguneko genozidioa izan zen Ruandan, eta Kongora lekualdatu zen gero. Kongoarrek errefuxiatu ruandarrak hartu genituen, eta eskuzabaltasun horren biktimak gara. 1996an hasi zen gerra, eta, eragileen aurpegia aldatuz joan den arren, gatazka bera da gaur eta orain dela 30 urte.
Zenbat biktima izan dira ordutik hona?
Txostenen arabera, hamar milioi hildako baino gehiago izan dira Kongon, eta 500.000 emakume baino gehiago bortxatu dituzte. Normalean, gizonak hil egiten dituzte, eta emakumeak bortxatu. Hori da estrategia.
«Normalean, gizonak hil egiten dituzte, eta emakumeak bortxatu. Hori da estrategia»
Esan duzu gatazkaren aurpegia aldatuz joan dela. Nolakoa izan da gatazkaren bilakaera?
Hasieran, 1996an, gobernua aldatu nahi zuten errebeldeekin hasi zen gatazka. Kongoar talde bat zen, eta ruandarren, ugandarren eta burundiarren laguntza zuten. AFDL [Kongo Askatzeko Indar Demokratikoen Aliantza] zen haien izena, eta Kongon 32 urtez agindu zuen Mobutu Sese Seko diktadorea kargutik kentzea zen haien nahia. Lortu egin zuten, eta matxinadaren buruzagia jarri zuten orduan agintean: Laurent Desire Kabila.
Boterera iritsi zenean, Kabilak moztu egin nahi zuen atzerritik jasotzen zuen laguntza. Baina AFDLkoek ez zuten irten nahi, eta beste matxinada bat bultzatu zuten haren aurka. Hau da, aliatu zirenak erasotzaile bihurtu ziren Kabilarentzat. RCD [Kongoko Demokraziaren Mugimendua] deitu zioten matxinada horri, eta 2000. urtean Kabila hil zuten, eta haren semea jarri zen agintean.
Matxino haiek hil zuten?
Ez dakigu, baina hori pentsatzen da.
Gero, Joseph Kabila semeak trantsizio gobernu bat osatzea lortu zuen, matxinoak ere gobernuan zeudela, eta 2006an hauteskundeak egin zituzten. Hala ere, bi urteren ondoren, RCD zena gobernuaren aurka jarri zen berriro, orduan CNDP [Herriaren Defentsarako Batzar Nazionala] izenarekin, baina betiere Ruandaren babesarekin. Ruandaren arabera, Kongoko tutsi etnia babestea zen haien helburua; izan ere, etnia hori zen Ruandako genozidioan sarraskitu zutena. Baina benetako helburua ez zen hori, lurra okupatu eta mineralak arpilatzea baizik. CNDPtik beste matxinada bat sortu zen gero, M23 [Martxoak 23 Mugimendua] izenekoa, gaur egun herrialdearen eremu hori kontrolatzen duena.

Beraz, baliabide naturalak daude gatazkaren oinarrian?
Bai. Kongok munduko mineral garrantzitsu ia guztiak ditu: koltana, diamantea, urrea, kobrea, lur arraroak, baita uranioa ere. Gatazkak ekialdean daude, mineralak dauden lekuetan, Ruandaren eta Ugandaren mugatik gertu. Ez da komunitateen arteko gerra: gerra ekonomikoa da, ekonomikoa baino ez. Kongo ekialdean Ruanda da eragilerik garrantzitsuena; ez indartsua delako, babesa duelako baizik. Kongon aterazten den guztia Ruandara eramaten da, eta saldu egiten da.
Eta zeintzuk dira Ruandaren aliatuak?
Ezagunak dira. Lehenak AEBak, baina baita Europako Batasuna ere. EBk akordio bat sinatu zuen Ruandarekin mineralak eta lur arraroak erosteko, jakinda Ruandan ez dagoela meategirik. Txinak ere egiten ditu negozioak Ruandarekin. Mundu osora esportatzen dute.
«Europako Batasunak akordio bat sinatu zuen Ruandarekin mineralak eta lur arraroak erosteko, jakinda Ruandan ez dagoela meategirik»
Eta baliabide horiek kontrolatzeko, zer egiten dute talde armatuek?
Haiek eragiten dute biolentzia, eta haiek kontrolatzen dute eremua. M23 da talderik ezagunena, baina FDLR [Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoak] ere hor dago, Ruandan genozidioa egin ondoren Kongora ihes egin zuen taldea.
Ez dira indarkeria erabiltzen duten bakarrak. Kongoko indarrek, militarrek... horiek ere egiten dute biolentzia, eta erresistentziako talde armatuak ere badaude, beren eremua babestu nahi dutenak eta batzuetan nahi duten guztia egiten dutenak. Hor erdian jendea dago, eta leku guztietatik jotzen dituzte: bai etsaiek, bai babestu beharko lituzketenek. Gobernuak ez du indarrik, ahul dago, justizia ez dago ondo antolatuta, eta horrek eragiten du gertatzen den guztia.
Biolentzia horren barruan sexu indarkeria ere badago. Nolakoa da?
Indarkeria horretaz hitz egin daiteke, baina ezin da benetan bizi. Munduko indarkeriarik muturrenekoa da. Emakumeak bortxatzen dituzte oro har: helduak eta neskak. Ez dute beren plazera asetzeko egiten, izua sortzeko baizik. Bortxaketa indibidualak edo kolektiboak dira; familia osoaren aurrean izan daitezke. Edo gizon bati alaba bortxatzeko exijitzea. Edo mutil bat amarekin sexua egitera derrigortzea. Edo amonarekin.
Indarkeria normalizatu egin da. Eta ez da talde armatuen partetik bakarrik. Jendeak gustua hartu dio indarkeriari. Norbait hiltzea jolas bihurtu da, eta horrek eragina du herritarrengan.
Egoera horretan, non ikusten duzu konponbidearen giltza?
Lehen arduraduna Kongoko Gobernua da. Gobernu arduratsu bat eduki behar dugu, guztiontzako justiziaren eta giza eskubideen alde lan egingo duena. Nazioarteko komunitatearen laguntza ere behar dugu. Badakite zer gertatzen ari den. Inplikazioa eskatzen dugu. Kongoar guztien inplikazioa ere ezinbestekoa da, baina nazioarteko laguntzarik gabe ezingo da gatazka amaitu. Konplexua da, eta urte asko daramatza.

