Konpromisoetatik klima ekintza zehatzetara jauzi egin nahi du COP31ren presidentetzak

Bihar hasiko da COP31 goi bilera Turkiako Antalya hirian. Aurrez hitzartutako neurriak praktikan jartzea izango dute helburu nagusi aurten.

Klima larrialdia salatzeko manifestazio bateko pankarta bat, 2021ean, Suitzan. LAURENT GILLIERON / EFE
Klima larrialdia salatzeko manifestazio bateko pankarta bat, 2021ean, Suitzan. LAURENT GILLIERON / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko azaroaren 8a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira hainbat urte zientzialariak klima larrialdiaren berri ematen ari direla. Ezohiko bero boladak, baso suteen areagotzea, hondamendi naturalen ugaritzea... Egoerak okerrera egin du munduan, eta horri aurre egiteko egin ohi dute urtero COP goi bilera —Conference of Parties ingelesez—, eta 31. aldia izango du aurten. Bihar hasiko da, eta ia bi aste iraungo du, azaroaren 20ra arte, nahiz eta azken urteetan ohikoa den negoziazioak bigarren asteburura luzatzea. Brasilgo Amazoniako Belem hiritik Turkiako Antalya hirira egingo du salto.

Goi bilera Turkian egingo den arren, Australiarekin partekatuko du konferentzia zuzentzearen ardura. Turkiak anfitrioi lanak egingo ditu, eta logistikaz arduratuko da. Australiak, berriz, negoziazioen gidaritzaren ardura izango du; presidentetza, azken finean. Hainbat herrialdetako gobernuk, zientzialarik, aktibistak, diplomazialarik, herri indigenak eta klima aldaketaren ondorioz kaltetuak diren zenbait komunitatek hartuko dute parte Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren urteroko konferentzian, eta helburua azken urteetako bera izango da: nazioarteko gobernuek irtenbide zehatzak sustatzea klima krisiari aurre egiteko eta kalte gehiagorik ez izateko.

Aurtengo testuingurua ez da berria, baina egoerak okerrera egin du. NBEk zabaldutako informazioaren arabera, nazioarteko klima akordioek berotze globalaren proiekzioak murrizten lagundu dute. Lau graduko berotzea gainditzen zuen agertoki bat aurreikusi zuten, eta 2,6 gradu inguruko estimazioetara igaro dira orain. Hala ere, klima aldaketari buruzko 2015eko Parisko Hitzarmenak jarritako helburu nagusietako bat zen planetaren tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzea kasu onenean —industria aurreko tenperaturarekin alderatuta—, eta kosta ahala kosta bi graduko berotzea ez iristea. Eta hori urrun dago gaur egun.

Aurtengo COP31 goi bilerak helburu argi bat dauka horrekin lotuta: tenperatura anomalia hori ez gainditzearen helburuari eusteko gai diren neurriak ezartzea eta finantzatzea. Izan ere, NBEk irailean argitaratu zuen txosten batean adierazi zuen, lehen aldiz, helburu hori lortzea ezinezkoa izango dela; NBEk ziurtzat jo du tenperatura igoera hori hamarkada honen amaieran gaindituko dela Lurrean.

Adituek hainbat bider adierazi dute askotariko gobernuek hartutako neurriak ez direla nahikoak, eta geroz eta presio handiagoa daukate emisioen murrizketa bizkortuko duten eta erregai fosilak uztea ahalbidetuko duten neurri zehatzak adosteko. Hortaz, COP31 erronka bat ere izango da gobernu horientzat, bertan ikusiko baita prest ote dauden erregai fosilen mendekotasunik handiena daukaten eredu ekonomikoak eraldatzeari bide eman diezaioketen erabakiak hartzeko.

Klima aldaketara egokitzeko finantzaketak ere leku garrantzitsua izango du goi bileran. Garapen bidean dauden herrialdeek zera eskatzen dute: aberatsenek beren konpromisoak bete ditzatela eta baliabideak eskura ditzatela «isurketak murrizteko» eta herrialde horiek «klima krisiaren inpaktuetatik babesteko». Gaur egun martxan daude funts horiek, baina garapen bidean dauden herrialdeek salatu izan dute kopuru hori ez dela nahikoa.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak asteazkenean adierazi zuen «finantzaketa eta borondate politiko falta» dagoela herrialde pobreak klima krisiaren ondorioetatik babesteko. Horregatik, krisiari aurre egin ahal izateko inbertsioak «orain» egin behar direla azpimarratu zuen. Bestela, «etorkizuneko hondamendien ondorioak» ordainduko dituztelako.

Erregai fosilen auzia

Beste COP batzuetan iragarpen handiak egin izan dituzte. Erronka zehatzak jarri edo neurri berriak iragarri. Aurtengo goi bileran, ordea, ez da halakorik aurreikusten. Aurten, aurrez hitzartutako neurriak praktikan jartzea izango dute helburu; konpromisoak betetzea. Alegia, promesetatik ekintzara igarotzea. Hori da COP31ren leloetako bat.

Gainera, erregai fosilen auziak berebiziko garrantzia izango du goi bileran. Besteak beste, ikatzaren, petrolioaren eta gasaren etorkizunaz erabaki behar dute, hiru elementu horiek baitira karbono isurketen erantzule nagusiak energia jardueran. Iaz saiakera bat egin zuten erregai fosilen etorkizunaren gainean hitz egiteko, baina herrialde batzuek ez zuten begi onez ikusi, erregai fosilak ustiatzen jarraitu nahi dutelako. Azkenerako, ez zuten erregai fosilak amaiarazteko helbururik zehaztu, baina apirilean Erregai Fosilak Amaitzeko Konferentzia egin zuten Kolonbian.

Ingurumenarekin lotura daukaten erakundeek zera eskatzen dute: berotze globala eragiten duten isurien murrizketa «funtsezkoa» izan dadila negoziazioetan. Horrekin lotuta, erakunde horiek eskatu dute «nazioarteko bide orri bat» egitea erregai fosilak erabiltzeari uzteko, «konpromisoak hartuz, eta prozesu antolatu eta justu baten bidez».

Nazioartean herrialde batzuk saiatzen ari dira trantsizio energetiko orokortuak egiten. Baina honako hau erabaki behar da: trantsizio hori nola zehaztu, zer abiaduratan egin behar den, eta herrialdeek zer ardura hartu behar dituzten trantsizio hori gerta dadin. Izan ere, emisio horien murrizketa eraginkor bat lortzen ez duen trantsizio energetiko batek nekez erantzungo dio klima larrialdiaren auziari.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA