Konstituzioa adostu ezinean Nepalen

Hilaren amaierara luzatu dute adostasuna lortzeko azken epea, hamaikagarren aldiz.Erlijioa da desadostasun iturri nagusia

Hinduistak protestan Katmandun, abuztuaren 2an. NARENDRA SHRESTHA / EFE.
2015eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Adostasuna lortu ezinik, hala dabil Nepalgo Batzar Konstituziogilea —parlamentua—. Berez, abuztuaren 16an zuten konstituzio berria adosteko azken epea, eta aurretik, urtarrilean; baina negoziazioetako parte hartzaileen arteko akordiorik lortu ez, eta hilaren amaierara luzatu dute azken muga, hamaikagarren aldiz.

Estatuak erlijioarekin duen harremana izan da adostasuna lortzeko oztopo nagusia. 2006an matxino maoistekin menia lortzeko indarrean jarri zuten behin-behineko konstituzioaren arabera, estatu laikoa da Nepalgoa. Behin betiko konstituzioaren zirriborroa den testuaren arabera, estatu «errepublikano, independente, banaezin, subirano, laiko eta sozialismo demokratikorantz bideratua» da Nepal. Zirriborroa egin zenetik gaurdaino, ordea, franko aldatu da gobernuaren eta batzar konstituziogilearen osaera, eta, ondorioz, baita erlijioarekiko ikuspegia ere. Egun, NC Kongresu Nepaldarrak eta UML alderdi marxista-leninistak osatzen dute gobernua, eta gehiengoa dute asanbladan. Horiek erlijio askatasuna aitortzen duen estatuarengatik aldatu nahi dute estatuakonfesional zaharra, ez laikoagatik, UCPN alderdi komunista maoistak nahi duen antzera. Izan ere, Shree Krishna Anirudha Gautam lehen ministro ohiaren aholkulariak Efe agentziari esan dionez, 2006an alderdiek laikotasuna onartu zuten «gerrilla maoistaren agendako puntu garrantzitsu bat» zelako.

Hinduismoa da Nepalgo erlijio nagusia, eta herritarren %81,3k jarraitzen dio erlijio horri. Budismoa eta islama dira hurrengo erlijio nagusiak, %9 eta %4,4arekin hurrenez hurren. Uztailean herritarrei egindako kontsulta baten arabera, herritarren gehiengoa herrialdeko erlijio aniztasuna aitortzearen alde dago. NCko buru Chin Kaji Shresthak esan du erlijio askatasunaren alde azaldu direla estatuari lagunduko liokeelako «sinesmen guztietako herritar guztiak berdintasunez ohoratzen».

UCPNren buru Babu Ram Bhattaraik, berriz, esan du estatuaren izaera laikoa azken hamar urteetako lorpenik handienetakoa dela, eta demokrazia eraikitzeko «funtsezko elementua».

Alderdiak ahalik eta bizkorrena ari dira desadostasuna konpontzeko irtenbidearen bila, hilaren amaierarako konstituzioa amaitzeko itxaropenarekin. Dena den, ez badute lortzen erlijioaren eta estatuaren arteko harremanari buruzko adostasun bat, batzar konstituziogilean bozkatu dezakete haren aldea, zuzenean afera amaitzeko.

Nepalgo gerra zibila 1996an hasi zen, gerrilla komunista maoistak monarkia feudalaren aurka altxatu zirenean. 2005eko otsailean, Gyanendra erregeak parlamentua desegin eta boterea pilatu zuen matxinoen aurka borrokatzeko. Horrek, ordea, ez zion inongo onurarik egin, oposizio guztia bildu baitzen gobernuaren aurka protesta egiteko. Urtebeteko protesten presioaren ostean, 2006ko apirilaren 24an parlamentua berrezarri zuen erregeak, eta hurrengo urteko abenduan, monarkia indargabetzea erabaki zuten Nepalgo alderdiek. 2008ko apirilaren 11n, Asanblada konstituziogilerako hauteskundeak egin zituzten, eta UCPN atera zen garaile; hilabete geroago, maiatzaren 28an, Nepalgo Errepublika aldarrikatu zuen asanbladak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.