Ceutako krisiaren harira oraindik ere entzuten dira migrazioaren kontrako diskurtsoak-eta Europan. Jakina da Italiak datorren igandera arte eutsiko diola Espainiatik hara heldutakoei kontrol gogorragoak egiteari; bada, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak bat egin du gaur Mette Frederiksen Danimarkako bere homologoarekin, eta komunikatu bat kaleratu dute biek: «Ez dugu onartuko kontrolik gabeko migraziorik». Galdera ere bota dute, 72.000 lagunek Marokoren eta Espainiako hiri autonomoaren arteko muga zeharkatu eta aste eta erdira: «Bada, zer beste egin dezakegu?».
Meloni eskuin muturrekoaren eta Frederiksen sozialdemokrataren arabera, migranteak aberriratzeko zentroak Europan ez «beste herrialdeetan» ezartzean datza erantzuna, baita kontinentetik kanpo «soluzio berritzaileak» topatzean ere. «Ahaleginak eta bi ari gara egiten», adierazi dute.
Paperik gabekoak kriminalizatu dituzte bi agintariek: «Inork ere ezin du gezurtatu immigrazio ilegalak gure gizarteetan duen eragin negatiboa: delitu tasak igotzea, zerbitzu publikoei presio egitea eta herritarren konfiantzari kalte egitea». Horrez gain, nabarmendu dute ez dutela eskubiderik heldu diren herrialdean geratzeko, eta egoera «serioski» larriagotzen dela «krimen biolentoak egiten dituztenean, droga trafikoan aritzen direnean eta sexu indarkeriaz baliatzen direnean».
EB Europako Batasuneko 22 estatu kidetako liderrek —Espainia, Frantzia, Irlandako Errepublika, Portugal eta Luxenburgo ez gainontzeko herrialdeetakoek— mugak «kontrolik gabe» edukitzea onartezina zela salatu zuten ohar bidez Ceutako krisia hasi berritan, eta, jarraian Espainiari «elkartasuna» adieraziagatik ere, talde komunitarioko Barne ministroek bilera batean adostu zuten zorroztu egin behar direla EBren kanpoko mugak.
Gaur kaleratutako oharrean, Melonik eta Frederiksenek gogorarazi dute nork bere herrialdean eta talde komunitarioan ere «migrazio politika zorrotzak» ezarri dituztela, baina ez dela «nahikoa»; haien ustetan, legedia eta «Europaren balioak» errespetatu behar dira, eta hori ez dute «legalki» bizi diren atzerritarrek soilik bete behar, «ilegalek» ere bai. Balio horiek zeintzuk diren zehaztu dute bi lehen ministroek: «Europaren ondare kultural kristauaz harro gaude biok, eta babestu egin nahi dugu».
Adingabeekin zer egin
Bien bitartean, ia 1.400 migrante adingabe Ceutan daude oraindik; Sira Rego Espainiako Gazteen eta Haurren Gaietarako ministroak joan den ostiralean Ceutara iritsi berritan adierazi zuenez, Atzerritarren Legeari jarraikiz, adingabeak beste autonomia erkidegoetara bidaltzeko prozesuari ekingo diote, nahiz eta «lehentasuna» nor bere familiarekin biltzea zen. Ministerio horretako eta erkidegoetako ordezkariak etzidamu dira biltzekoak telematikoki, ostegunez. Adingabeak banatzea eztabaidatzeko bilera noiz egin zehaztekoak dira bertan, besteak beste.
Abdellatif Uahbi Marokoko Justizia ministroak gaur exijitu du bakarrik dauden etorkin adingabe marokoarrak aberriratu ditzala Espainiak; Hespress hedabideari hizketan ari zela eskatu du hori.