Katalunia

Kontseilari izateko borondatea berretsi diote Turullek eta Rullek Torrari

Quim Torra Kataluniako presidentea Estremerako kartzelan izan da, Junqueras, Forn, Romeva, Rull eta Turullekin hitz egiten. Torrak elkarrizketa galdegin die Espainiako Gobernuari eta PSOEri. Eguerdian, Alcala Mecora joango da, eta Soto del Realera arratsaldean.

Quim Torra Kataluniako presidentea, gaur, Madrilgo Estremera espetxetik irten ondoren, hedabideei adierazpenak egiten. VICTOR LERENA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko maiatzaren 21a
07:24
Entzun

Torra 9:25ak aldera iritsi da Estremerako kartzelara (Madril), kontseilari ohi espetxeratuekin bilera egitera. Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Raul Romeva, Josep Rull eta Jordi Turullekin hitz egitera joan da Torra. 12:45etarako Alcala Meco kartzelara (Madril) joatekoa zen, Dolors Bassa kontseilari ohiarekin eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiarekin elkartzera. Arratsaldean, berriz, ANCko presidente ohi Jordi Sanchez eta Omnium Culturaleko buru ohi Jordi Ciuxart bisitatuko ditu, Soto del Real espetxean (Madril). 

Estremeratik irten ostean, Torrak azaldu du Rullek eta Turullek kontseilari izateko borondatea berretsi diotela haiekin izan duen elkarrizketan. Torrak adierazi du haien izendatzeko ahaleginean jarraituko duela, baita Lluis Puig eta Toni Comin Bruselan erbestean diren kontseilari ohiak izendatzeko ahaleginean ere.

Kataluniako presidenteak elkarrizketa eskatu die Espainiako Gobernuari eta PSOEri. "Espainiako Gobernuari eta oposizioko alderdiei eskatzen diet itzul dadila politika, itzul dadila elkarrizketa. Ni eta kontseilariak espetxeetara bueltatuko gara beharrezkoa den aldi guztietan. Rajoy jauna, Sanchez jauna, eseri gaitezen, hitz egin dezagun eta konpondu dezagun sekula gertatu behar ez zuen egoera hau".

Espetxearen atarian, hedabidee aurrean egin dituen adierazpenetan, Torrak ziurtatu du kontseilari ohiak "indartsu" eta "ongi" daudela. Presidenteak presoen egoera "bidegabea" salatu du. "Europako beste edozein herrialdetan ez ziren behin behinean espetxeratuta egongo. Beste edozein herrialdetan, haien eskubide politikoak mugatuak ez dituzten herritarrak ez ziren egoera horretan egongo".

Mariano Rajoy Espainiako presidentearen esanetan, Kataluniak ezin du gobernu "bideraezin" bat izan, eta legedia beteko duen gobernua izendatzeko galdegin dio Torrari, elkarrizketarako gai izango dena.

Kataluniako presidenteak bisita joan den ostiralean egiteko asmoa zuen, baina Espainako Barne ministerioaren eskariz atzeratu zuen gaurko egunera.

"Preso politikoen" askatasuna lortzea izango da Torrak gidatuko duen gobernuaren lehentasunetako bat, presidenteak bere inbestidura saioan iragarri zuenez. Beste helburu nagusienen artean kokatu zuen gobernu "zilegia" berrezartzea ere. Norabide horretan, presidente kargua hartu eta gutxira, Rull eta Turull espetxean diren kontseilari ohiak izendatu ditu gobernu berriko kide, baita erbestean diren Comin eta Puig kontseilari ohiak ere.

Espainiako Gobernuak Torrari erantzun dio ez duela onartuko espetxean edo erbestean diren ordezkariak gobernuko kide izendatzea, eta 155. artikuluaren ezarpena luzatzea erabaki du, PSOEren eta Ciudadanosen babesarekin, kontseilarien izendapena eragotzita.

ANCk mobilizaziora deitu du

Herritarreik 155aren luzapenari erantzuteko eskatu die ANC Kataluniako Asanblada Nazionalak, eta mobilizazioak antolatu ditu gaur arratsalderako. Elkarte subiranistak "155aren xantaia" salatu du eta "urriaren 1eko mandatua" berreskuratzeko beharraz ohartarazi du. Elkarretaratzean egingo ditu Kataluniako lau hiriburuetan. Bartzelonan 19:30etan, Lleidan eta Gironan 20:00etan eta Tarragonan 20:30etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.