Kontzientzia garbitzeko ariketa

AEBetako Senatuak argitaratutako txosten baten arabera, CIAren tortura programa uste baino zabalagoa eta gogorragoa izan zen.Praktikak azaleratu arren, zaila izanen da auzibiderik hastea

Torturarik ez duela baimenduko hitzeman zuen atzo Barack Obama AEBetako presidenteak. OLIVIER DOULIERY / EFE.
mikel rodriguez
2014ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Afganistango eta Irakeko inbasioak, Guantanamoko espetxea eta gatibuak torturatzeko programa dira 2001eko irailaren 11ko erasoei AEBek eman zieten erantzuna. CIA zerbitzu sekretuen tortura programari heldu dio senatuak, horren inguruan egindako txosten zabal baten 600 orrialdeko laburpena argitaratuta. Aitzinetik bertze zenbait iturrik argitaratutako informazioa berretsi du txostena egin duen senatuko batzordeak, eta programa errandakoa baino zabalagoa zela argitaratu du; CIAk agintari politikoei informazioa gorde ziela ere badio. Batzorde hori senatari demokratek osatu dute, eta torturen aroa bukatuta dagoela nabarmendu nahi izan dute. «Gure balioetan eta historian orban bat da, eta txostenak ez du orbana garbituko», adierazi du Dianne Feinstein-ek, senatuko Inteligentzia Batzordeko buruak, «baina Amerika bere hutsetatik ikasteko bezain handia da». Hala ere, gobernuak argi utzi du ez dela probablea izanen auzibiderik hastea, beraz, ez dute erantzukizunik eskatuko.

Txostenaren arabera, 2002 eta 2008 artean iraun zuen programak —azken tortura kasua 2007an dokumentatu du batzordeak—. Bai txostena aurkeztu duten senatariek, baita Barack Obama presidenteak ere George W. Bush presidente errepublikanoaren agintaldiarekin (2000-2008) lotu dituzte tortura kasuak, eta Obama Etxe Zurira ailegatuta hori bukatu zela azaldu dute. «Gure nazioak gauza anitz ongi egin zituen urte horietan, baina bertze batzuk gure balioen aurkakoak ziren. Horregatik, boterea hartu nuenean zalantzarik gabe debekatu nuen tortura, terrorismoaren aurkako borrokan daukagun tresna eraginkorrenetako bat gure idealei leial mantentzea baita», adierazi zuen atzo Obamak, txostena argitaratu aitzinetik. Ikerketa, senatuko Inteligentzia Batzordeko kide demokratek egin zuten 2009-2013 artean. Errepublikanoek uko egin zioten parte hartzeari. 6.000 orrialde ditu guztira.

«Gogortutako galdeketa teknikak ikertu ditugu, kasu batzuetan tortura ere dei litezkeenak», adierazi du Feinsteinek senatuan egindako agerraldian. Kasu anitz ezagunak dira lehenagotik, filtrazioen eta sekretupeko agirien argitaratzearen bidez. Senatuko batzordeak txostenarekin informazio hori zeharo zabaldu du, eta gaitzetsi egin du programa. Dioenez, CIAk ez zion «informazio zehatza» ematen Justizia Departamentuari, eta horrekin eragotzi egiten zuen bere praktiken «legezko jarraipena». Etxe Zuriari oro har, eta Kongresuari ere informazioa gordetzen ziola dio. Beraz, nahiz eta Bushen administrazioari egotzi programa abiatu eta mantentzearen erantzukizuna, torturen erantzukizun zuzena ez die ordezkari politikoei egozten, CIAko eta haren kontratupeko enpresa pribatuetako soldatapekoengan paratzen baitu arreta —pseudonimoekin identifikatuta daude txostenean—.

Tortura basatiak

Horrekin batera, batzordeak CIAko orduko arduradun nagusiei leporatu die bai gobernuarekin egindako bileretan, bai hedabideen aitzinean torturekin lortutako informazioaren balioa puztea; torturapean lortutako informazioa gehienetan ez zela baliagarria dio txostenean. Orain arte ezaguna zen CIAk erabilitako waterboarding teknika —urarekin itolarria sentiaraztea—, baina batzordeak bertze hainbat praktika argitaratu ditu, zein baino zein gogorragoak: objektuak uzkitik sartuta egindako bortxaketak, jipoiak, loa galaraztea, posizio behartuetan mantentzea, exekuzioak simulatzea, mehatxuak... hilketa bat ere aipatzen du; Afganistanen, Gul Rahman izeneko gaztea hotzez hil zen, erdi biluzik kanpoan lotuta utzi zutelako. Bertze susmagarri bat zelakoan nahasita atxilotuetako bat zen Rahman.

Txostena argitaratuta, gaitzespena eta gardentasuna nabarmendu dituzte demokratek, baina zaila izanen da bertzelako ondoriorik uztea, Eric Holder Fiskal Nagusiak agindua emana baitu soilik baimenik gabe jardun zuten torturatzaileen aurka jotzeko, baina programa Etxe Zuriak baimendutakoa zenez, zaila izanen da inor auzibidean paratzea. Gainera, Obamak eta Feinsteinek ez dute instituzioen kritikarik egin; kontrakoa, CIA bera goraipatu baitute. «Herrialdea zorretan dago CIArekin, Irailaren 11tik atsedenik gabe lan egin baitu Al-Qaedaren nukleoa suntsitzeko, Bin Ladenen kasuan justizia egiteko eta talde terroristen erasoak saihesteko». Feinsteinen ustez, «arduradun gutxi batzuen» erantzukizuna da torturena.

CIA, kritikekin haserre

Hala ere, CIAk ez ditu ongi hartu txostenean jasotako kritikak. John Brennan zuzendariak aitortu du «akatsak» egin izana, baina Senatuko ikerketak dioenaren aurka, Brennanen ustez «funtsezko informazioa» lortu zuten zerbitzu sekretuek, eta «bizitza kopuru zenbaezinak» salbatu ziren. Gainera, CIAren erantzukizuna zuritu du, Etxe Zuriaren baimena zuela oroitaraziz. CIAko kide ohiek webgune bat ere egin dute txostenaren aurka: www.ciasavedlives.com.

Errepublikanoek, berriz, bitariko erreakzioak izan dituzte. Senatari anitzek programa gaitzetsi dute, baina txostena argitaratzearen aurka agertu dira, AEBen segurtasun nazionala arriskuan paratu lezakeelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.