Korsikaren autonomia estatutua eztabaidagai Parisen

Ekainaren 23an bozkatuko dute Korsikaren autonomia estatutuari buruzko lege proposamen konstituzionala Frantziako Asanblean. Arauak finkatu eta egokitzeko boterea emanen lioke irlari, Frantziako Errepublikaren barnean.

Frantziako Asanblea Nazionala, artxiboko irudi batean. FIRAS ABDULLAH / EFE
Frantziako Asanblea Nazionala, artxiboko irudi batean. FIRAS ABDULLAH / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko ekainaren 17a
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Korsikak autonomia izatea Frantziako Errepublikaren barnean: Korsikako abertzale batzuentzat, «fikziozko autonomia» bat da, baina, frantziar nazionalista batzuen ikuspegitik, Frantzia zatitzea ekarriko du. Astearte honetan abiatu dute Frantziako Asanblean Korsikari autonomia estatutu bat emateko lege proposamen konstituzionalaren azterketa. Ekainaren 23an bozkatuko dute diputatuek, eta, ontzat ematen badute, Senatuan aztertu beharko dute ondoren. Ororen buru, Frantziako Kongresuaren bi herenen onespena jaso beharko du. 

Frantziako Estatuaren meneko herri zapalduak aspalditik ari dira aldarrikatzen burujabetza handiagoa izatea, eta estatutu administratibo desberdina dute. Korsikari dagokionez, estatus bereziko lurralde elkargoa dute 2018tik. Konstituzio aldaketa onartuko balitz, 72-5 artikulua sortuko lukete, sei atal bereziturekin. Korsikaren izaera konstituzioan sartuko luke, «bere interes propioetatik jalgia eta errepublikaren zatiezintasuna errespetatuz». Honela dio lehen atalak: «Idazki konstituziogile honek errepublikaren barruko autonomia estatutu bat aurreikusten du Korsikarentzat, eta kontuan hartzen ditu haren interes propioak, zeinak lotuta dauden Mediterraneoko uharte izaerarekin eta bere lurrarekin lotura bakan bat garatu duen komunitate historiko, linguistiko eta kulturalarekin».

Azken hamar urteetako prozesuaren emaitza da Parisen aztergai duten testua. 2022. urtearen hasieran sakondu ziren elkarrizketak, Yvan Colonna Korsikako militante independentistaren hilketaren ondotik izan ziren istiluen harira. Gerald Darmanin orduko barne ministroa irlara joan zen mugimendu nazionalistarekin elkartzera. «Prest gaude autonomiaraino joateko», adierazi zuen orduan. Geroztik, hainbat elkarrizketa izan dituzte, eta 2024an lortu zuten autonomiaren aldeko akordio politikoa Parisen. Korsikako Asanbleak ere ontzat eman zuen. Onartutako ebazpenak arauak finkatu eta egokitzeko aukera ematen dio Korsikari, betiere Frantziako Estatu Kontseiluaren eta Konstituzio Kontseiluaren kontrolpean; konstituzio aldaketa onartzen bada eginen duten lege organikoak definituko du esparrua. «Korsika zuzenbide nazionalaren eta Europako zuzenbidearen menpe geldituko da», berretsi du berriki Francois Gatel Lurralde antolaketarako ministroak.

Beste herrientzako abagunea

Frantziako Gobernuarekin lortutako akordioan, Korsikako nazionalisten hainbat aldarrikapen akordiotik kanpo gelditu ziren. «Autonomiaranzko pausoak eman ditugu, eta ez dago Korsikaren eta errepublikaren arteko banaketarik, ez baititugu aipatzen ez herria, ez egoiliar estatusa, ez hizkuntzaren koofizialtasuna», ziurtatu zuen garai hartan Darmaninek. Hala, herri hitzaren ordez —hori hobesten zuten nazionalistek—, komunitate hitza erabili zuten Korsika izendatzeko. Estatu Kontseilua izendapen horren kontra agertu zen, baina testua bere horretan aurkeztu zuten joan den uztaileko ministroen kontseiluan.

Orain, ikusteko dago diputatuen zuzenketek zer norabide ematen dioten testuari. Frantziako Asanbleako lege batzordean, gehiengo batek ontzat eman zuen autonomia proposamena, baina 95 zuzenketa aztertu beharko dituzte hemizikloan. «Paperezko autonomia bat litzateke okerrena: sinboloetan indartsua, baina eskubideetan ahula», erran du Gatelek.

Baina gainerako herri zapalduentzat abagune ere izan litezke lege konstituzionalaren inguruko eztabaida. Hala, Ipar Euskal Herriko hiru diputatuen zuzenketa bat proposatu dute Okzitaniako, Bretainiako eta Savoiako diputatuen babesarekin. Helburua da «berezitasunak» dituzten lurraldeei erraztasunak ematea instituzio bilakaerarako. Colette Capdevielle diputatu sozialistak aurkeztekoa du zuzenketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA