Hobi komun bat topatu dute Kosovo iparraldeko Zubin Potok udalerrian. Indusketetan gutxienez 23 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte, eta, hipotesien arabera, 1998 eta 1999 arteko gerran desagertutakoenak dira. Aurkikuntza horren harira hiru pertsona atxilotu dituzte gerra krimenak egitea eta hilketa horietan parte hartu izana leporatuta.
Kosovoko Fiskaltzak eta Medikuntza Auzitegiko Institutuak plazaratutako ohar baten bidez jakinarazi dute azterketa forentse guztiak amaitutakoan egingo dutela «identifikazio osoa». Pristinako Koha Ditore egunkariak eman du prozesuaren berri, iturri ofizialak aipatuta. Uztailaren 28an hasi zituzten indusketak Zubin Potok inguruko eremuan, bi urte baino gehiago luzatu den ikerketa konplexu baten ostean.
Informazio horren arabera, litekeena da aurkitutako aztarnak Mitrovicako intelektualen taldea deritzonaren kideenak izatea. Talde hori 23 zibilek osatzen zuten —besteak beste, medikuek, irakasleek, abokatuek eta hainbat alorretako adituek—, eta 1998-1999ko gatazkan zehar atxilotu zituen Serbiako armadak. Izan ere, 1999ko apiriletik ez zegoen talde horren inguruko berririk.
Egunkari horrek jaso duenez, ikertzaileek adierazi dute beren lana «bereziki zaila eta motela» izan dela azken urteotan. Kosovoko agintariek azpimarratu dutenez, hobi komuna lokalizatzea «izugarri» zaila izan da, gorpuzkiak hainbat tokitan sakabanatuta eta zatikatuta zeudelako. Horrez gain, Serbiako artxibo militar eta polizialetara sarbiderik ez izateak nabarmen oztopatu du gorpuzkiak aurkitzeko ahalegina azken urteetan.
Aurkikuntzarekin lotuta, Kosovoko Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu azken hilabetean. Gerra krimenak egitea leporatu diete hirurei, zuzenean edo zeharka parte hartu baitzuten intelektualen jazarpenean eta hilketan.Â
Blokeo politikoa
Gerra amaitu zenetik mende laurden pasatxo igaro den arren, 1998 eta 1999 arteko gatazka armatuko hobi komunak aurkitzeko lanak ia etenda egon dira Pristinaren eta Belgraden arteko lankidetza falta dela eta. Europako Batasunaren babespean bi herrialdeen arteko harremanak normalizatzeko elkarrizketak abian dauden arren, artxiboen inguruko blokeo politikoak zaildu egin du biktimen senideei erantzunak ematea.Â
Kosovoko Gerra Krimenen Institutuak emandako azken datuen arabera, oraindik ere ia 1.600 pertsona desagertuta daude gerra amaitu zenetik. Gatazka horretan gutxienez 12.230 lagun hil zituzten, dokumentatuta dauden datuen arabera. Kosovoko biztanleriaren %90 baino gehiago jatorri albaniarrekoa da. Herrialdeak 2008an aldarrikatu zuen aldebakarreko independentzia, baina Serbiak ez du herrialdearen subiranotasuna onartu. 1998-1999ko gatazka armatua NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen esku hartze militarraren bidez amaitu zen, eta amaiera eman zion Serbiako komandoen errepresio kanpainari.