Kosovo iparraldean udal bozak berriz egitearen alde daude Pristina eta Belgrad

EBko diplomaziaburua ari da bitartekaritzan: ohartarazi du bi herrialdeek «oso interpretazio desberdinak» dituztela gertaturikoaren inguruan

KFOR-eko bi soldatu, Kosovo iparraleko mugan, Leposavicen, ekainaren hasieran. GEORGI LICOVSKI / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Bi herrialdeen arteko tentsioak baretze aldera, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek bilera batera deitu zituen herenegun Kosovoko lehen ministro Albin Kurti eta Serbiako presidente Aleksandar Vucic. Bi agintariak elkartu ziren Borrellekin, baina, bien arteko tentsioaren adierazgarri, nork bere aldetik hitz egin zuen harekin. Halere, hiruren ustez «beharrezkoa» da Kosovo iparraldean udal bozak berriro egitea, eta zer urrats egin erabaki behar dute orain.

Edonola ere, bi aldeen arteko behin betiko akordio bat ez da egun batetik bestera iritsiko. Borrellen arabera, Kosovok eta Serbiak «oso interpretazio desberdinak» dituzte gertatutakoaren eta horrek eragindako albo kalteen inguruan, eta tentsioari irtenbide bat aurkitzeko oztopo izan daiteke hori. «Ez dakit zer neurri hartu behar genituzkeen liskarrak baretu ahal izateko», adierazi zuen Vucicek herenegun gauean. Serbiako presidentearen esanetan, «sorgin ehiza» baten biktimak dira Kosovon bizi diren serbiarrak. Kurtik handik ordu gutxira erantzun zien haren hitzei; Vucici leporatu zion Bruselak proposatutako akordioei baiezkoa ematea eta ondoren horiek ez sinatzea.

Kosovo iparraldean bozak «lehenbailehen» errepikatzeaz gain, beste zenbait eskakizun ere zehaztu ditu EBk. Pristinari eskatu dio bertan behera utz ditzala, «berehala», udal eraikinen inguruko polizia operazioak; baita, «oraingoz», apirileko bozetan hautatutako lau alkateek —albaniarrak dira— eraikin horietatik kanpo jarduteko ere. Serbiari, berriz, zera galdegin dio: protestak etetea eskatzeko manifestariei eta «berehala» aske utz ditzala atxilo eramandako Kosovoko hiru polizia albaniarrak.

Joan den apirilean egindako udal hauteskundeetan piztu ziren liskarrak. Kosovo iparraldean lau alkate albaniar hautatu zituzten, baina serbiarrak gehiengoa dira eskualde horretan, Metohian—50.000 inguru dira guztira—. Horrenbestez, alkate horien zilegitasuna ezbaian jarri zuten eskualdeko herritarrek. Izan ere, %3,4ko parte hartzea baino ez zen izan hauteskunde horietan, biztanle serbiarren boikotarengatik. Halere, Kosovoko Gobernuak ontzat jo zituen bozak.

Erabakiak eragindako indarkeria ikusita, EBk proposatu zuen lau udalerritako alkateek «dimisioa ematea» eta hauteskundeetara deitzea. Edo, bestela, herritarrek sinaduren %20 biltzea bozak berriz egiteko eskatzeko; horrek kargua uztera behartuko lituzke alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.