Serbiaren eta Kosovoren arteko mugan azken hamar egunotan ibilgailuen matrikula dela-eta sortutako tentsioa baretzeko ahaleginean, behin-behineko akordio bat lortu dute bi herrialdeek, Bruselan. Kosovoren eta Serbiaren arteko harremanak normaltzeko EB Europako Batasunak 2011n sortutako elkarrizketa mahaiaren Bruselako ordezkari Miroslav Lajcakek kaleratutako dokumentuaren arabera, bi aldeek adostu dute bi herrialdeen arteko mugan dituzten polizia indarrak erretiratzea hurrengo larunbateko 16:00etarako. Hurrengo hamabost egunetan NATOK Kosovon dituen KFOR tropek hartuko dute Jarinjeko eta Brnjakeko pasabideen kontrola, «giro seguru bat mantendu eta mugimendu askatasuna bermatze aldera»
EBk akuilatuta, atzo eta gaur bildu dira alde bakoitzaren negoziazio taldeetako arduradunak Bruselan. Eta matrikulen beraien auzia konponbidean jartzeko modua ere lortu dute, behin-behinean. Bi herrialdeen arteko harremanak inoiz ez dira onak izan, eta tentsioa gorenera iristen da batzuetan. Hori gertatu da azkeneko hamar egunotan. Izan ere, joan den irailaren 21ean, Kosovo Serbiako matrikula duten ibilgailuei herrialdera sartzea debekatzen hasi zen bi herrialdeen arteko mugako kontroletan, Serbiak aspalditik ezarria duen politika bat bere eginez. Horrek tentsio militarra areagotu du mugan. Baina lortutako akordioaren ondorioz, mekanismo bat ahalbidetu dute herrialde bateko zein besteko matrikula duten ibilgailuei herrialde batera zein bestera sartzeko modua erraztuko diena, behin-behineko matrikulen bidez.
Bi aldeek adostu dute, gainera, Bruselak hauspotutako elkarrizketa esparruaren barruan elkartzen jarraitzea, eta urriaren 21ean egingo dute hurrengo bilera. Urte erdiko epean zirkulazioaren auziari behin betiko irtenbide bat ematea dute helburu.
Akordioa iritsi da, hain zuzen, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Balkanetara bisita ofizial bat egin eta gero. Von der Leyen aurrez aurre elkarrizketatu da bai Aleksandar Vucic Serbiako presidentearekin, bai Albin Kurti Kosovoko lehen ministroarekin, eta biei harremanak normalizatzeko eskatu die. «Ez da bakarrik matrikulen auzia. Kontua da ea eskualdeak aurrera egingo duen, eta ea gai izango ote garen elkarrekin ibiltzeko integrazioaren eta balio europarren bidean», adierazi zuen Von der Leyenek, atzo, Kurtirekin bildu ondorengo agerraldian.