Albin Kurti Kosovoko lehen ministroa fio da oraingoan lortuko duela gobernua osatzea. Kosovoko Asanblearako hauteskundeak egin zituzten atzo, eta, beste behin, lehen ministroaren VV Vetevendosje (Autodeterminazioa) alderdi sozialdemokrata eta nazionalistak irabazi ditu, iragan otsaileko bozetan baino babes handixeagoa lortuta, gainera: %49, behin-behineko emaitzen arabera. VV sendotu egin da hauteskundeotan, eta Kurtik iragarri du gobernua osatuko duela behin betiko emaitzen berri izan eta gero: «Otsailean VVk irabazi zuen, eta orain, abenduan, herritarrek eta Kosovoko Errepublikak irabazi dute», ospatu zuen atzo gauean, Pristinan egindako agerraldi batean.
Urtebetean bigarrenez egin behar izan dituzte hauteskundeak, Kosovo blokeo politiko betean egon baita hilabeteotan. Otsailean VVk irabazi zituen hauteskundeak, baina 120 ordezkarietatik 48 baizik ez zituen lortu, eta ez da kapaz izan koalizio gobernu bat osatzeko. Eskuragarri dauden emaitzen arabera, baliteke Kurtiren alderdiak 56 ordezkari lortzea, eta, hortaz, gehiengo osotik oso hurbil geratzea, 61ekoa baita.
VVren ordezkari multzoa ez da nahikoa izango gobernua osatzeko, eta akordioa lortu beharko dute gutxiengo etnikoen ordezkari gutxi batzuekin, aurrez egin bezala; izan ere, hogei eserleku gutxiengo etnikoentzat gordeak dira: hamar serbiarrentzat eta beste hamar gainontzeko etnientzat. 2021eko bozetan, 55 eserleku lortu zituen VVk, eta Kurtik zortzi diputaturen babesa jaso zuen gobernua osatzeko; besteak beste, turkiarrena, bosniarrena eta erromaniena.
Oposizioko hiru alderdi nagusiek, berriz, babesa galdu dute: PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoak botoen bostena lortu du (%21), LDK Kosovoko Liga Demokratikoak bost puntu egin du behera otsaileko bozekin konparatuz gero (%13), eta AAK Kosovoren Etorkizunerako Aliantzak (%5) ere galdu ditu botoak —aurreko hauteskundeetan koalizioa osatu zuen beste alderdi batekin, eta orain bereizirik aurkeztu dira; horra hor behera egitearen arrazoietako bat—.
Emaitzek agerian utzi dute zentro-eskuinak ez diola eutsi otsaileko hauteskundeetako hauspoari. Orduko hartan, bosna eserleku irabazi zituzten PDK-k (24) eta LDK-k (20), eta, orain, baliteke lehenak bat galtzea, eta besteak bost.
Kosovoko blokeo politikoak luze jo du. Otsailaz geroztik, urte erdia baino gehiago behar izan zuten parlamentuko presidentea hautatzeko, eta VVren hautagaiak oposizioko alderdietako kide batzuen aldeko botoari esker lortu zuen nahikoa babes. Orduan hasi zituzten gobernu koalizio bat osatzeko elkarrizketak, baina Kurtik ez zuen akordiorik lortu. VVk bi saiakera egin zituen lehen ministroa izendatzeko: Kurti bera aurkeztu zuen lehendabizi, urrian, eta Glauk Konjufca alderdikidea azaroan. Ez zuten lortu nahikoa babesik, eta Vjosa Osmani Kosovoko presidenteak ez zuen izan parlamentua desegin eta bozetara deitzea beste aukerarik.