Kristi Noem Segurtasun Nazionalerako idazkaria kargutik kendu du Trumpek

AEBetako Segurtasun Nazionalerako Departamentuaren aurrekontuak izoztuta daude ICEren operazioek sortutako polemika dela medio. Markwayne Mullin senataria izango da idazkari aurrerantzean.

Kristi Noem atzo, AEBetako Ordezkarien Ganberan. WILL OLIVER / EFE
Kristi Noem atzo, AEBetako Ordezkarien Ganberan. WILL OLIVER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko martxoaren 5a
20:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilaren amaieran Segurtasun Nazionalerako idazkari berria izango dute AEBetan. Donald Trump presidenteak gaur jakinarazi du kargutik kenduko duela Kristi Noem, eta haren lekua Markwayne Mullin senatariak hartuko duela. Truth Social bere sare sozialean eman du berria; Noemek lan «bikaina» egin duela azaldu du, baina martxoaren 31tik aurrera Mullinek hartuko duela haren kargua. Hain justu, Segurtasun Nazionalerako Departamentua ataka larrian dagoen honetan iritsi da Trumpen erabakia: Senatuko demokratek blokeatuta dauzkate departamentu horretako aurrekontuak, migranteen aurka egindako operazioak direla eta.

Aurrerantzean Noem Ameriketako Ezkutuaz arduratzeko mandatari berezia izango dela jakinarazi du Trumpek. Eta gehitu du larunbatean emango duela informazio gehiago «Mendebaldeko Hemisferioko segurtasuna bermatzeko» ekinaldi horren inguruan. Orain arte egindako lanagatik eskerrak eman dizkio, eta, «batez ere mugan» emaitza «ikusgarriak» lortu dituela nabarmendu du.

Mullinek hartuko du Segurtasun Nazionalerako Departamentuaren gidaritza. 2013tik 2023ra Ordezkarien Ganberako kidea izan zen, eta ordutik Senatuan aritu da. Oklahomakoa da, eta, Trumpek nabarmendu duen moduan, politikaria izan baino lehen borrokalari profesionala izan zen.

Trumpek ez du argitu zergatik kendu duen kargutik Noem, baina kontuan hartu behar da ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarren operazioek polemika sortu dutela azken hilabeteetan AEBetan. Besteak beste, ICEko agenteek bi pertsona hil zituzten urtarrilean Minneapolisen. Noemek hilketa horiek justifikatu zituen. Gainera, migranteen aurkako sarekada masiboak eta Poliziaren indarkeria salatzeko, Senatuko demokratek blokeatuta daukate Segurtasun Nazionalerako Departamentuaren aurrekontua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.