Polizia indarkeriaren eta arrazakeriaren aurkako mobilizazioek arretagune bihurtu dute berriz ere Minneapolis (AEB). 2020ko maiatzean, hiri horretako polizia batek George Floyd afro-amerikarra hil zuen, atxilotu ostean lurrera bota, eta belauna lepoan jarrita ito arte. Herrialdeko arrazakeria agerian jarri zuen gertakari horrek, eta handik sortu zen Black Lives Matter mugimendua. Azken asteetan, ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarren sarekadak eta Donald Trump AEBetako presidenteak migranteen aurkan abiarazitako operazioak salatzeko atera dira kalera Minneapolisko herritarrak. Gainera, polizia indarkeriak are eta gehiago hauspotu ditu protesta horiek. Azken hilabetean, ICEko agenteek bi pertsona hil dituzte tiroz hiri horretan; azkena, larunbatean.
Zer gertatu zen?
ICEko agenteek Alex Pretti 37 urteko erizaina hil zuten tiroz Minneapolisen. Immigrazioko polizia federalen sarekadak oztopatzeko, zenbait aktibista txilibituak eta sakelakoak erabiltzen hasi dira, agenteek bilatzen dituztenei abisua emateko. Sare sozialetan zabaldutako bideoetan, bi manifestari ageri dira agente baten aurrean txilibitua jotzen; Pretti horien atzean dago, eszena grabatzen. Polizia aktibistei bultzaka hasi zen, eta jarraian beste bospasei agente iritsi ziren. Pretti lurrera bota, eta jo ostean, polizia batek gutxienez hamar tiro egin zizkion.
Urtarrilaren 7an, hiri berean, ICEko agenteek Renee Nicole Good 37 urteko emakumea hil zuten, hura ere tiroz, poliziekin eztabaida bat izan ostean. Eta urtarrilaren 14an, agente federalen indarkeria salatzeko protestetan gizon bati hanka batean tiro egin zioten. Gainera, urtarrilaren 18an Immigrazioko Poliziak jakinarazi zuen Minneapolisen atzemandako migrante bat hil zela Texasko atxilotze esparru batean.
Zergatik Minneapolis?
Trumpen administrazioak 2025aren amaieratik abian du Metro Surge operazioa Minnesota estatuan. Segurtasun Nazionalerako Departamentuaren arabera, «migrazioa kontrolatzeko inoiz egindako operaziorik handiena» da; 3.000 agente federal bidali dituzte estatu horretara.
Segurtasun Nazionalerako departamentuaren arabera, operazio horretan, azken sei asteetan 3.000 «legez kanpoko atzerritar» atxilotu dituzte Minnesotan. Etxe Zuriaren arabera, «hiltzaileak, bahitzaileak, pedofiloak eta jende arriskutsua» daude haien artean, «zitaletan zitalenak». Baina, aurrekari penalik gabeko jendea ere badago, baita haurrak ere. Iragan astean, esaterako, 5 urteko mutiko bat atxilotu zuten Minnesotan, eskolatik etxera itzuli zenean; argazkia birala egin da sare sozialetan.
Metro Surge operazioa abian jarri aurretik ere Trumpek begiz joak zituen Minnesotako atzerritarrak, bereziki, somaliarrak. «Zaborra dira», adierazi izan du. Abenduaren hasieran iragarri zuen operazio bat abian jarriko zuela somaliar horiek atzemateko. Minnesotan 80.000 inguru somaliar jatorriko herritar bizi direla estimatzen da, gehienak Minneapolisen eta Saint Paulen bizi dira —estatuko bi hiri handienak, elkarren ondoan daude—.
Zer esan du Etxe Zuriak azken hilketaren inguruan?
Trumpek adierazi du gertatutakoa ikertzen ari direla, baina Segurtasun Nazionalerako Departamentuak esandakoa berretsi du, hau da, hildakoak pistola bat zeramala eta agenteei eraso egin nahi ziela. Minneapolisko Poliziak jakinarazi duenez, Prettik armak edukitzeko baimena zuen. Halere, bideoetan ikusten den moduan, manifestariak ez zuen une batean ere arma atera. Kristi Noem Segurtasun Nazionalerako idazkariak gertakariaren ostean emandako prentsaurrekoan argudiatu zuenez, agenteak beren burua eta beste poliziena defendatzeko egin zuen tiro. Eta Minnesotako politikari demokratei leporatu zien «gorrotoaren erretorika» hauspotzea.
Nola erantzun dute demokratek?
Tim Walz Minnesotako gobernadore demokratak sare sozialetan gaitzetsi zuen gertatutakoa, eta Trumpi exijitu zion bertan behera uzteko operazioa: «Atera ditzatela Minnesotatik prestakuntzarik ez duten milaka agente biolento hauek. Orain bertan!». Gainera, AEBetako Senatuko demokratek ohartarazi dute berriz ere aurrekontuak blokeatuko dituztela, baldin eta ez bada albo batera uzten Segurtasun Nazionalerako Departamentuaren finantzaketarako lege proiektua. Lege proiektu hori aurrera eramateak ez lituzke «ICEren gehiegikeriak» oztopatuko, Chuck Schumer demokraten Senatuko buruaren arabera.
Hortaz, demokratek ohartarazi dute Immigrazio Poliziari bideratutako finantzaketa murriztu ezean berriz ere AEBetako administrazioa blokeatuko dutela. Kontuan hartu behar da urrian AEBetako administrazioak inoizko itxialdirik luzeena izan zuela. Kongresuan aurrekontuen inguruan ados jarri ez, eta administrazioak diru iturriak moztuta eduki zituen 43 egunez. Urtarrilaren amaiera arte administrazioa finantzatzea onartu zuten, baina asteburuan amaituko da epemuga.