«Kubaz ere hitz egin beharko dugu». Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpen hitzak dira, larunbat arratsaldean emandako prentsaurrekoan esanak. Venezuelari eraso egin berritan, eta egindakoaren xehetasunak eman ostean, ez zituen kartak ezkutatu; argi hitz egin zuen AEBen helburuez, eta Kuba jarri zuen jomugan, besteak beste. Gaur, berriz, presidentearen hegazkinean kazetariei eginiko adierazpenetan, Trumpek esan du Kuba «erortzear» dagoela, Venezuelako petrolioa jasotzeari utziko baitio. «Kuba erortzear da. Ez dakit nola eutsiko dioten beren buruari, ez dute diru sarrerarik. Diru guztia Venezuelatik jasotzen zuten, petroliotik», esan du Trumpek, eta erantsi: «Kubatar-estatubatuar asko oso pozik egongo dira gurekin». Hortaz, uste du Kuban ez dutela Venezuelan gauzatutakoaren tankerako «ekintzarik egin beharko».
Bost hilabete dira Trumpek AEBetako itsas armada Karibe inguruetan hedatu zuenetik. Denbora tarte horretan Venezuela izan da Etxe Zuriko maizterraren helburua, eta, ustez narkotrafikoarekin lotura zeukaten ontziei eraso eginda, 115 pertsona hil ditu. Atzo egindako erasoaren eraginez egin du eztanda auziak, baina behin Maduro atxilo hartuta, Kuban ere jarri du begirada Trumpek.
Azken hilabeteotan, aipatu ere ez du egin Kuba AEBetako presidenteak. Baina, egindako erasoaren arrakastak hauspotuta, Kuba lehentasunen zerrendan ezarri zuen atzo, nahiz eta ez zuen azpimarra nabarmenik egin Karibeko herrialdearen inguruan. Trumpen hitzetan, «kasu interesgarria» da Kubarena, eta, esan zuenez, «Kuban bizi diren herritarrak eta herrialdetik irten behar izan dutenak laguntzea» da bere asmoa: «Sistema hori ez da batere ona Kubarentzat. Uste dut azkenean Kubaz hitz egingo dugula, nazio horrek porrot egin baitu».
Trumpek esandakoak bakarrik ez, AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok esandakoek ere alerta egoeran jarri dute Kuba. Izan ere, bart gauean NBC kateari emandako elkarrizketa batean, esan du Kubako Gobernua «arazo handi bat» dela: «Ez dizuet orain esango zeintzuk izango diren gure hurrengo urratsak edo gure hurrengo politikak arlo honetan. Baina uste dut ez dela sekretua: ez gara Kubako erregimenaren zaleak».
Larunbatean, Trumpen aldamenean egon zen Rubio Mar-a-Lagon emandako prentsaurrekoan, eta hark hitz egin zuen gehien Kubaren inguruan. Kuba «Venezuelak bere gain hartu duen irla txiro bat» dela esan zuen lehendabizi, eta Habanako gobernua kritikatu zuen gero: «Kuba desastre hutsa da, gizon ezgaiek gobernatzen dute, ez dago ekonomiarik, eta erabateko kolapso egoeran bizi dira». Horrez gain, abisua ere eman zion Miguel Diaz-Canelen gobernuari: «Ni Habanan biziko banintz eta gobernuan egongo banintz, arduratuta egongo nintzateke».
Gaur-gaurkoz, Trumpen gobernuak ez du esan zer eta nola egin dezakeen Kuban, baina bigarren agintaldia hasi zuenetik hainbat erabaki hartu ditu Kubaren inguruan. Besteak beste, «terrorismoa babesten duten herrialdeen» zerrendatik atera zuen Joe Bidenek —AEBetako aurreko presidenteak—, eta agintera itzuli eta berehala sartu zuen berriro Trumpek. Izendapen hori duten herrialdeetako herritarrei eragozpen gehiago jartzen dizkiete bisak lortzeko orduan AEBek. Horrez gain, esportazioei kontrol zorrotzagoak ezartzen dizkiete, eta ez diete armarik saltzen. Horrela, kalte egiten diote Kubako ekonomiari. Gainera, zigorra ezarri zion Diaz-Canela presidenteari, eta ezin du AEBetan sartu. Izan ere, «giza eskubideen urraketa larriak» egitea egotzi zion AEBetako Estatu Departamentuak.
«Estatu terrorismoa da»
Atzo goizaldean, Trumpek egindako erasoaren ostean, Kubak gogor kritikatu zuen AEBen jokamoldea. Diaz-Canelek kriminaltzat jo zuen erasoa X sare sozialean, eta nazioartearen erantzuna eskatu zuen. «Gure bake eremua bortizki erasotzen ari da. Estatu terrorismoa Venezuelako herri kementsuaren eta Gure Amerikaren aurka ari da. Aberria edo hil. Irabaziko dugu!», idatzi zuen.

Horrez gain, Kubako Gobernuak ohar bat zabaldu zuen atzo, eta herrialdeko presidentearen bide beretik jo zuen. Besteak beste, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta Cilia Flores haren emaztea «berehala» askatzeko dio oharrean, eta Trump eta Rubio direla AEBek orain arte eragin dituzten hildakoen eta kalteen erantzule nagusiak.
Era berean, Habanak zabaldutako oharrean dio AEBetako estatu indarrek egindakoa erasoa «inperialista eta faxista» izan dela, eta zera dela Trumpen helburua: «Venezuelako eta eskualdeko aberastasun naturalen gaineko erabateko sarbidea eta kontrola edukitzea». Gainera, erasoaren nondik norakoak ikusita, «adi» egoteko esan zien inguruko herrialdeei: «Eskualdeko nazio guztiok erne egon behar dugu, mehatxua guztiontzat baita».
«Narkotrafikoarekin lotura daukaten ontziei» eraso egiten SEGITUKO dutela esan du rubiok
Venezuela bonbardatu eta Maduro indarrez eraman eta biharamunean, hainbat elkarrizketa eman ditu Marco Rubio AEBetako Estatu Idazkariak. Besteak beste, esan du duela bost hilabete abiatu zuten operazioan aurrera egingo dutela, eta Karibe inguruko uretan diharduten ontziei eraso egingo dietela hemendik aurrera ere, betiere narkotrafikoarekin lotura daukatela egotzita. «Ontzi horiei eraso egiten jarraituko dugu AEBetara inguratzen ahalegintzen badira», esan du. Gaineratu duenez, AEBek «agindu judizialekin zigortuta dauden ontziak konfiskatzen» segituko du, «konponduta ikusi nahi ditugun gai guztiak aztertu arte». Era berean, gogoratu nahi izan du AEBak ez daudela «Venezuelarekin gerran», baizik eta «narkotrafikoarekin lotura daukaten erakundeekin». Horri lotuta, esan du «aurrerapauso handia» eman dutela Maduro atxilo hartuta.