Politologoa

Farid Kahhat: «Kubaren eta Venezuelaren emaitza ekonomikoak ez dira AEBen zigorren ondorio»

Farid Kahhat politologo eta historialari perutarrak Latinoamerikako errealitatea aztertu du, baita ultraeskuineko gobernuek eta AEBetakoak eskualdean izan duten aurrerabidea eta urrian Brasilen egitekoak diren hauteskundeei begirako jokalekua ere.

Farid Kahhat politologoa. EDITORIAL PLANETA PERU
Farid Kahhat politologoa. EDITORIAL PLANETA PERU
Cecilia Valdez
2026ko abuztuaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Farid Kahhat Kahatt (Lima, 1959) politologo perutarra da, akademikoa eta historialaria, eta jatorri palestinarra du. BERRIAri emandako elkarrizketa honetan, zenbait gako eman ditu ultraeskuinak Latinoamerikan izandako goraldiari buruz eta Ameriketako Estatu Batuek han esku hartu izanaz, beren atzeko patiotzat jotzen baitute. Gobernuen arteko antzekotasunen eta desberdintasunen inguruan ere aritu da, eta hizpide hartu ditu Peruko egoera, Kolonbiakoa, Nikaraguakoa, Venezuelakoa eta Kubakoa ere.

Keiko Fujimorik Peruko presidente kargua hartu berri duenez gero, zer deritzozu egoerari?

Lehenik, esan beharra dago modu legitimoan irabazi zuela, eta fujimorismoan ez dela ideologia nagusitzen, pragmatismoa baizik; horretan, Keikok aitaren antza du [Alberto Fujimori presidente ohiarena]. Fujimorismoa eskuin erradikaltzat jotzen dutenei ere gogorarazi behar zaie haren aitak Ezker Sozialista izeneko erakunde bateko lau ministro izan zituela gobernura iritsi zenean. Nire ustez, AEBekin eta Txinarekin harreman ona izaten saiatuko da, eta ondo iruditzen zait. Gainerakoan, ekonomia egonkor dagoela hartuko du kargua, baina aurre egin beharko dio gero eta garrantzitsuagoa den arazo bati, delinkuentziari, eta baita mende erdian izan den fenomeno klimatikorik okerrenari ere: kostaldeko El Niño-ri. Fenomeno hori desberdina da El Niño globalaren aldean, eta 80ko hamarkadatik izandako larriena da.

Orain dela aste batzuk, Daniel Ortegak hizpide izan zuen Nikaraguan aurrerantzean hauteskunderik ez egiteko aukera.

Nikaraguako hauteskundeak iruzur hutsa ziren, eta, alde horretatik, deigarria da bozak egiteari utzi nahi izatea. Gaur egun, AEBek eta beste herrialde batzuek ez dute lehen bezainbesteko presiorik egiten demokraziari dagokionez, baina, aintzat harturik herrialdea ezkerreko gobernu batekin lerratuta egon izan dela inoiz, litekeena da neurri batean presioa jasatea. Politika ekonomikoari begira, burgesia ekonomiaren kontroletik urrunarazten saiatu beharrean, Ortega familia haren parte izaten ahalegindu da. Ortegatarren politika ez da izan Venezuelakoa bezain estatista, eta, ikusirik Venezuelan eta Kuban zer gertatzen ari den, segur aski Ortega AEBengana gerturatzen saiatuko da, presio handiagorik izan ez dadin.

Zertan dira Latinoamerikako hauteskunde prozesuak?

Eskuinaren garaipena azaltzeko, osagai zaharrak eta berriak hartu behar dira kontuan. Zaharretako bat zera da, pandemiaz geroztik, oro har, alderdi gehienek ez dutela lortu bigarrenez hautetsiak izatea, ez behintzat 2019tik 2023ra bitartean. Beste bat zera da, Atzeraldi Handiaz geroztik izandako atzeraldirik larriena izan zela, eta inflazioa 80ko hamarkadaz geroztiko handiena izan zela nazioartean. Hori aldatzen hasi zen 2024an, El Salvadorren Bukele aukeratu zutenean berriz, eta Mexikon Sheinbaum berriz [Sheinbaumen alderdiko Andres Manuel Lopez Obrador izan zen Mexikoko presidente 2018tik 2024ra]. Hor ikusten da nola eraginkortzat hartuak ziren gobernuek aukera handiagoa zuten berriz hautetsiak izateko. Baina elementu berriak ere badira, hala nola homizidio tasaren gorakada; horren ondorioz, iritzi publikoko sektore askok bere egin dute eskuinak erabili ohi dituen diskurtsoetako bat, gogorrago jokatzearen aldekoa. Trumpen gobernuak ere mesede egiten dio eskuinik erradikalenari, mehatxu egin baitu zigor ekonomikoak ezarriko dituela herritarrek ez badute hark bultzatutako hautagaiaren alde egiten, Argentinan gertatu zen bezala.

Eta zer iruditzen zaizu Brasilgo egoera, urriko hauteskundeei begira?

Uste dut Brasil izango dela lehenengo lekua non Trumpen presioak kontrako eragina izango duen. Inkestetan esaten zuten berdinketa teknikoa izango zela, harik eta bi gauza gertatu ziren arte: batetik, Flavio Bolsonaro —bolsonarismoaren hautagaia, Jair Bolsonaro presidente ohiaren semea— iruzurragatik preso dagoen enpresari batekin lotu zuten, eta, bestetik, zabaldu zen Eduardo Bolsonaro —beste semea, zeina AEBetan bizi baita— bere herrialdearen aurkako zigorrak ezartzea bultzatzen ari zela aitaren aldeko presioa egiteko. Eta, jakina, Brasil ez da Peru edo Ekuador: munduko hamar ekonomiarik handienetako bat da, eta Lulak bere alde erabili du hori. Iritzi galdeketetako edo enpresa gremioek egindako adierazpenetan, gauza interesgarri bat ikusten da: ez dute zertan bat egin Lularekin, baina Trumpen mehatxuen eta zigor ekonomikoen kontra daude.

«Uste dut Brasil izango dela lehenengo lekua non Trumpen presioak kontrako eragina izango duen»

Eta Kolonbiari dagokionez?

Esango nuke Kolonbian faktore erabakigarri bat dagoela: erabateko bakea lortzeko Petroren politika, zeinak huts egin baitzuen. Krimen antolatuko taldeak ezin dira tratatu motibazio politikoren bat duten taldeak balira bezala, eta hark zaku berean sartu zituen denak. Beraz, horrek mesede egin dio Abelardo de la Espriella oraingo presidenteari, eta, nire iritziz, Petro oso baldarra izan zen emaitzei ez ikusi egin nahi izan zienean, horrek kalte egin baitzion haren hautagaiari.

Trump buru dela AEBetako Gobernuak martxan jarritako politiketan, are gehiago egin dute aurrera atzeko patiotzat daukaten horretan, Latinoamerikan. Venezuelan esku hartu dute, eta zenbait neurri hartu dituzte Kubari dagokionez ere, hura itotzeraino.

Biak ziren diktadurak, baina dilema faltsu bat ere sortu da. Uste baduzu Maduro diktadorea zela, ontzat jo beharko zenuke AEBen esku hartzea? Bada, ez: diktadorea zen, eta esku hartzea legez kanpokoa izan zen. Biak dira egia. Eta gauza bera Kuban. Funtsean, Kubaren eta Venezuelaren emaitza ekonomikoak ez dira AEBen zigorren ondorio, baizik eta Trumpek esku hartu aurretik ekonomia gaizki gobernatu izanaren ondorio. Hau da, orain Venezuelan gertatzen dena Trumpek urtarrilean egin zuenaren ondorio izango da, inoiz ez bezalako esku hartze baten ondorio. Orain, AEBek administratzen dituzte Venezuelak herrialde horretara esportatzen duen petrolioaren funtsak, eta hortik lortutako gehiena ez diote Venezuelako Gobernuari ematen. Hortaz, orain bai, AEBak dira Venezuelan eta Kuban gertatzen denaren erantzuleak.

Zer bereizgarri ditu Kubako auziak?

Kuban, haurren heriotza tasa %148 handitu da 2018tik 2025era, eta horrek, 2025ean, badu azalpen bat: AEBen zigorrak, Kubari debekatu egin baitiote petrolioa inportatzea. Hori krimen hutsa da. Hori alde batera utzita, ez dut uste Kubako erregimena Venezuelakoa bezain azkar eroriko denik, jada ez baitzen ideologiak bultzatutako erregimen bat, baizik eta kleptokrazia bat. Dena den, ez dut uste AEBek Kuban militarki esku hartuko dutenik eta Kubako erregimenak Venezuelakoak bezain erraz amore emango duenik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA