Cumbiaren doinuan, beste gerra baten zain

Ultraeskuinaren gotorleku da Antioquia, eta hango hiriburu Medellinen suziriak jaurtiz ospatu dute De la Espriellaren garaipena. Halere, han ere badira eskuin muturraren garaipena kezkaz ikusten dutenak.

Hainbat herritar Medellingo La Popular etxean, hauteskunde gauean. ZURIÑE RODRIGUEZ LARA
Hainbat herritar Medellingo La Popular etxean, hauteskunde gauean. ZURIÑE RODRIGUEZ LARA
Zurine Rodriguez
Medellin
2026ko ekainaren 22a
18:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paolak goizeko seietan ireki du Medellingo Prado auzoan duen okindegia. Oso ondo egin du lo, uste baitu hilabete batzuk barru presidenteak «auzotik bidaliko» dituela etxegabeak. Abelardo de la Espriellaren alde bozkatu du emakumeak; atzoko zenbaketan, De la Espriella 250.830 botoren aldearekin gailendu zitzaion Ivan Cepedari.

Kolonbiako ultraeskuinaren gotorlekua da Antioquia eskualdea, Medellin hiriburu duena. Han, De la Espriellak botoen %64 eskuratu ditu, bi milioi boto baino gehiago eskualde osoan. Zenbaketa ofiziala ez da bukatu oraindik, eta baliteke egun pare bat behar izatea horretarako. Orduan jakingo da nor izango den Kolonbiako hurrengo presidentea. Bien bitartean, Medellinen arnasari eusten ari zaizkio goizean goizetik, tentsioz beteriko barealdi batean.

Jairo ere goiz jaiki da. Atzo berandu arte egon zen esna, eta ez du gosaltzeko astirik izan. Lanerako bidean, Paolaren dendara sartu da, kafe bat eta enpanada bat erostera. Hark ere De la Espriellaren alde bozkatu du, baina uste du «gerrillariak» hauteskundeetan iruzur egiten saiatuko direla, eta erne egon nahi du datozen orduetan. Ez du nahi gauzak aldatzerik, «ez baitaude gaizki», baina uste du «ezkerra eta bake proiektu faltsua desagerrarazteko garaia» dela.

Hala ere, Paolaren okindegitik ehun metro eskasera, guztiz bestelakoa da giroa. Lesbiana eta feminista talde batek gau osoa eman du elkar zaintzen La Popular etxean. Arratsaldeko zortziak aldera iristen hasi zen jendea, eta goizaldera arte egon dira han, ia atsedenik hartu gabe: cumbia dantzatzen, edaten, negar egiten eta hizketan.

Gauerdi inguruan, taldeko zenbait kidek —abokatuek— Plaza Mayor gunera jo dute laguntza eskaintzera. Sare sozialetan irakurri dute gizarte mugimenduek hiriko abokatuei dei egin dietela plaza horretara joateko. Plaza Mayor Medellingo bozkalekurik handiena da, eta emakumeek soilik bozkatzen dute han. Gau osoan dozenaka abokatu bertaratu dira «mahaiak defendatzera», Sandrak kontatu duenez; hura, berriz, etxean geratu da gainerako feministekin.

Aurretiazko zenbaketa amaitzean hasten da zenbaketa ofiziala, eta abokatuek eta hauteskunde mahaietako lekukoek aukera dute zenbaketa ikusteko. «Sartzen utzi digute, eta gure lana egiten ari gara, baina Abelardoren lekukoen probokazioak jasan behar izan ditugu», azaldu du Julianek. Itun Historikoa alderdiko lekukoa da, eta begiak malkoz beterik aitortu du etorkizunari beldur diola. De La Espriella agintera iritsiz gero, herrialdetik alde egiten irudikatzen du bere burua, sinetsita baitago Kolonbiako ezkerra «suntsitu» egingo dutela, «bere garaian Batasun Patriotikoarekin egin zuten bezala», dioenez.

Plaza Mayorretik 30 minutura, Matildek zopa eraman dio amari, Ana Mariari. Hura lurrera begira dago, eta alabari galdera berberak egiten dizkio behin eta berriz, zopa jan bitartean. Cumbia doinuak entzuten dira etengabe.

Ana Maria nahasia dago; ez daki ondo zer emaitza izan diren, baina urduri jarri du petardoen hotsak. De la Espriellaren jarraitzaileak suziriak jaurtitzen ari dira, eta hirian barrena dabiltza auto karabanetan. Medellinen ohikoa da eskuinak bolbora erabiltzea zer ospatua duenean. Ohitura hori Pablo Escobarrek hiria kontrolatzen zuen garaikoa da. «Gerra dator, ama», esan dio alabak Ana Mariari. «Asko bizi izan ditugu jada», erantzun dio amak. Biak isilik geratu dira luzaroan, elkarri eskutik helduta.

Miguel Angel eta Mariam ere La Popular etxean daude, baina goiz alde egitea erabaki dute. «Egun oso gogorrak datoz, eta nahiago dugu etxean geratu», esan dute. Mariam bereziki hunkituta dago. «Gaurtik aurrera ez dut harremanik izango nire familiaren parte batekin», azaldu du. Geratzen zaizkion senideak De la Espriellaren boto emaileak dira, oso aktibo jardundakoak Tigre ezizenez ezaguturiko politikariaren kanpainan.

Mariam duela hamabi urte iritsi zen Medellinera, oso gaztea zela. Urabakoa da; han, paramilitarrek familiako hainbat kide hil zizkioten. Desplazatu gisa iritsi zen hirira, eta orain beldur da familia biologikoak salatu eta arriskuan jarriko ote duen. Atzealdean, Carlos Mejiaren No pasarán abestia entzuten hasi da, eta emakume batek hitza hartu du: «Lesbiana maskulino gisa, lagun asko galdu ditut, baina faxistak ez dira pasako».

Denek ezin dute oihukatu. Batzuk elkar besarkatzen ari dira, isilik. Isiltasuna, horixe nagusitu da gaur Medellinen eguna argitu duenean. Emozioz beteriko gau baten ondoren, beldurra piztu da ezkerrekoen artean, eta garaipenaren euforia eta mendeku gosea, berriz, ultraeskuinaren sektore handi batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA