IRAKEKO OKUPAZIOA. HAUTESKUNDEAK. BAKER FATTA

«Kurduok Irak federal eta demokratiko bat nahi dugu»

2005eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Baker Fatta Kurdistango Batasun Patriotikoaren (PUK) ordezkaria da Italian, baina egunotan Suleimanian (Iraken menpeko Kurdistanen) dago. Han giroa lasaia dela adierazi du eta gaurko bozetan ez du gorabehera handirik espero. Kurdistango bi alderdi nagusiak diren PUK eta Kurdistango Alderdi Demokratikoa (KDP) koalizio bakarrean aurkeztu dira bozetara: Kurdistango Aliantzaren zerrenda.

Zein egoera bizi duzue Kurdistanen?

Oso normala. Giroa oso lasai dago eta orain hauteskundeetarako prestatzen ari gara. Jendeak parte hartu nahi du hauteskundeetan. Ez dut uste Kurdistanen inongo arazorik egongo denik.

Hainbat atentatu gertatu dira azkenaldian Kurdistanen ere. Atentatuek bozak oztopatuko dituztela uste duzu?

Atentatuak Kirkuken izan dira nagusiki, eta ez dut uste hauteskundeak oztopatuko dituztenik.

Bozak zuzenak eta demokratikoak izango dira?

Hala espero dugu. Izan ere, hemen, Kurdistanen, ez daukagu segurtasun arazorik eta herritarrek gogo handia daukate hauteskunde orokorretan parte hartzeko.

Sunitek hauteskundeak boikoteatzeko eskatu dute. Zein izango da botoemaile kopurua Kurdistanen?

Kurdistanen %80 ingurukoa izan daiteke parte-hartzea. Ezin da ziurtatu kopurua, baina argi dagoena da Irakeko herritar gehienek, sunitek barne, hauteskundeetan parte hartu nahi dutela. Boikota eskatu dutenak demokraziaren aurka dauden gutxi batzuk dira. Oso talde txikia eta bakartua da.

Kirkuk eta Mosul hiri kurduak dira, baina turkmen eta arabiar biztanle kopuru handia daukate, Saddam Husseinek milaka arabiar bidali zituelako hara bizitzera. Arabiarrek boikota eskatu dute Kirkuken. Kanpoan bizi diren kurduek bozkatzeko eskubidea izango dutela diote.

Ez daukagu inolako problemarik jatorriz Kirkukekoak diren arabiarrekin; arazoa da Irakeko Kirkuken bizi diren Irakeko beste herrietako arabiarrekin. Kontua da lehen Kirkukeko kurduek ezin zutela botoa eman. Orain, aldiz, guztiek daukate botoa emateko aukera. Hala ere, ez da arazo handia izango.

Zer gertatuko da hauteskundeen ondoren?

Hauteskundeen ondoren aukera handia egongo da irabazleen artean koalizio bat osatzeko sunita, xiita eta kurduen artean. Etorkizuna ona izango dela espero dut. Izan ere, irakiar gehienek bakea eta demokrazia nahi dute.

Zein da Kurdistanentzat eskatzen duzuen estatusa: autonomia edo independentzia?

Iraken hiru hauteskunde egingo ditugu: bat, Irakeko Legebiltzarrerako; beste bat Kurdistango Legebiltzarrerako; eta, bestea, tokian tokiko bozak izango dira. Guk hiruetan hartuko dugu parte eta etorkizunerako daukagun helburua da Irak federal bat sortzea. Estatu federal horren barruan, Kurdistanek gobernu propioa izango du. Kurdistango Batasun Patriotikoa eta Kurdistango Alderdi Demokratikoa bat gatoz estatu demokratiko bat sortzea nahi dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.