Iranek eraso egin izana salatu du Kuwaitek

Droneekin eta misilekin egin die eraso Teheranek. Aldi berean, Iranek zabaldu du AEBen base bat jo duela, asteburuan Washingtonek Iranen abiatutako erasoaldiari erantzunez

Irango Gobernuaren aldeko manifestazio bat, asteburu honetan, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Irango Gobernuaren aldeko manifestazio bat, asteburu honetan, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Imanol Magro Eizmendi - Beñat Mujika Telleria
2026ko ekainaren 1a
09:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tentsioa gora eta gora ari da Persiar golkoan. Kuwaiteko Gobernuak jakinarazi du Teheranek eraso egin diola gaur, misil eta drone bidez, baina ez du zehaztu erasoa lurraldeko zer eremutan gertatu den. AEB Ameriketako Estatu Batuek aurreko asteartean egin zioten eraso Irani, eta Teheranek esan zuen AEBek inguruko herrialdeetan dituzten base guztiak izango zituela helburu aurrerantzean. Teheranek, Kuwait aipatu gabe, zabaldu du gaur AEBen base bat jo duela. AEBetako armadak, berriz, ohar batean gaur zabaldu du Iranek jaurtitako bi misil geldiarazi dituela, eta adierazi du AEBek Kuwaiten daukaten base militarra jotzea zela Teheranen asmoa.

Ohar bat zabaldu du Kuwaiteko Atzerri Ministerioak, eta salatu du Iranek egindako erasoek «Kuwaiten segurtasunaren eta egonkortasunaren aurkako erasoak» izan direla, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen nazioarteko zuzenbidearen arauak urratzen dituela. Era berean, oharrean adierazi du halako erasoek «ezerezean» uzten dituztela Ekialde Hurbilean tentsioa baretzeko egindako ahaleginak, eta ohartarazi du Kuwaitek eskubidea daukala herrialdearen segurtasuna bermatzeko eta lurraldea defendatzeko «beharrezko neurriak» hartzeko.

Iranek, bestalde, Kuwait aipatu gabe zabaldu du AEBen base bat jo duela, baina ez du zehaztu instalazioa zer eremutan dagoen. Guardia Iraultzailearen bozeramaileen arabera, atzo AEBek telekomunikazio dorre bat eraitsi zuten Sirik uhartean, herrialdeko hegoaldean, eta eraso horri emaniko «erantzuna» da gaurko operazioa. Hori azpimarratu du ohar batean. Eta horrekin batera, mehatxu egin die AEBei. Azaldu duenez, AEBek horrelako beste erasorik egiten badiote erantzuna «guztiz bestelakoa» izango da, eta erantzukizuna «haiena» izango da.

Kuwaitek erasoen berri eman eta berehala, Centcom AEBetako armadaren Komandantzia Nagusiak adierazi du asteburuan Irango gune batzuk jo dituela. Ohar batean adierazi duenez, «bidezko defentsan» egindako erasoak izan dira, eta Teherani leporatu dio aurrez «ekintza oldarkorrak» egin izana.

Apirilaren 8an su etena ezarri zutenetik hirugarren aldiz egin diete eraso AEBek Irani, eta bitan erantzun du Teheranek. Xextra horiek, dena den, oraingoz ez diete eragin Washingtonen eta Teheranen bilerei, eta menia indarrean dagoela azpimarratu izan dute bi aldeek. Pakistan eta Qatar ari dira bitartekari bien artean. Donald Trump AEBetako presidentea «behin betiko» erabaki bat hartzea aztertzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE