Laboristek nabarmen egin dute behera Ingalaterran, eskuin muturraren mesedetan

Udal hauteskundeetako botoen erdiak soilik zenbatu dituzte oraingoz, baina joera argia da. Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek baztertu egin du kargua uztea, baina emaitzak «oso gogorrak» direla esan du.

Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa, artxiboko irudi batean. ANDY RAIN / EFE
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa, artxiboko irudi batean. ANDY RAIN / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 8a
12:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udal Hauteskundeak egin zituzten atzo Ingalaterran, eta botoak kontatzen hasi besterik egin ez diren arren, dagoeneko argi ikusten da egunak zein joera hartuko duen. Laboristek nabarmen egingo dute behera, ultraeskuinaren mesedetan. Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministro laboristak esan du porrotaren erantzukizuna «bere gain» hartzen duela, baina dimisioa aurkeztea baztertu du. Hala ere, asko falta da oraindik emaitza ofizialak iristeko. Eskozian eta Galesen ere hauteskundeak egin dituzte, parlamenturako. Oraindik ez dago datu ofizialik, baina joera bera izango dela aurreikusten dute inkestek.

«Ez dut alde egin eta herrialdea kaos betean murgiltzeko asmorik. Gure alderdia garaipenera eraman nuen, eta agintaldia bost urtekoa da». Starmerren hitzak dira, botoak zenbatzen hasi eta berehala esanak. Izan ere, kolpe latza jaso dute laboristek goizeko lehen orduan iritsi diren emaitzekin, eta kolpea are handiagoa izango dela espero da egunak aurrera egin ahala. «Oso emaitza gogorrak dira», adierazi du Starmerrek kazetarien aurrean. Berehala onartu du porrota, eta hautesleari entzun egin behar zaiola gaineratu du: «Herriak horrelako mezu bat helarazten duenean hausnartu eta erantzun egin behar dugu. Agindutako aldaketak ikusi nahi dituzte».

Kontserbadoreak ere ez dira emaitza onik lortzen ari. Barne ministro ohi James Cleverlyk adierazi du «gau zaila» izan dela alderdikideentzat, baina albiste onak ere jaso dituztela esan du: «Eremu batzuetan aurreikuspenak gainditu ditugu». Bide beretik jo du Kemi Badenoch alderdiburuak: «Kontserbadoreak itzultzen ari gara. Alderdi hau berrituko nuela hitz eman nuen, gure porrot handienaren ostean alderdia berreraikiko genuela esan nuen, eta zantzu batzuk ikusi ditzakegu». Ultraeskuinaren gorakadararen harira, Badenochek esan du kontserbadoreen «berpizkundea» datorrela, eta bere alderdia dela eskuinaren blokea lideratzeko «egokiena». 

Kontrara, eskuin muturra emaitza bikainak jasotzen ari da. Reform alderdiko buru Nigel Faragek kazetarien aurrean hitz egin du goizean goiz, eta adierazi du eguneko lehen emaitzek «egiazko aldaketa historikoa» erakusten dutela, baina ohartarazi du onena «iristear» dagoela. «Laboristak deuseztatzen ari gara haien gotorleku izan diren hainbat eremutan, eta, jarraian, gauza bera gertatuko da Alderdi Kontserbadorearekin ere».

Erresuma Batuko 136 udaletatik 46tan bakarrik hasi dira botoak zenbatzen goizeko lehen ordua baino lehen. Egunaren amaiera aldera espero dira emaitza ofizialak, nahiz eta udal gutxi batzuetan zenbaketa bihar egingo duten.

Starmer, arriskuan

Eskozian eta Galesen 09:00etan ziren hastekoak lehen zenbaketekin —10:00ak Euskal Herrian—, baina oraindik ez dago datu ofizialik. Hala ere, Ingalaterrako joera bera espero da; alegia, alderdi tradizionalek —laboralistek eta kontserbadoreek— behera egitea. Galesen kasuan, esaterako, 1999an Galesko Parlamentua sortu zenetik lehen aldiz, Alderdi Laborista nagusitasuna galtzear da; inkestek independentistak edo eskuin muturra jotzen dituzte garailetzat. Eskozian, berriz, SNP Eskoziako Alderdi Nazionala da hautagai nagusia. Inkesta gehienen arabera, independentistek 2021eko hauteskundeetako emaitzak hobetuko dituzte, eta gehiengo osoa lortzeko aukera izango dute.

Beraz, Alderdi Laboristaren egoera ez da xamurra. Ingalaterrako emaitza txarrak ez ezik, Eskozian ere emaitza kaxkarrak biltzen baditu, eta, azkenean, Galesko Parlamentua galtzen badu, kinka larrian legoke Starmer. Izan ere, alderdiaren egoera txarra ez ezik, alderdi independentistak indartsu leudeke Ipar Irlandan, Eskozian eta Galesen, eta horrek presio handia egin diezaioke Londresi, eta, batez ere, Starmerri berari.

Oraingoz, lehen ministroak baztertu egin du dimisioa aurkeztea, baina hiru urteko agintaldia gelditzen zaio oraindik, eta oso sostengu gutxirekin egingo lioke aurre. Horrez gain, alderdi barruan ere babesa galtzen joan da azken hilabeteetan lehen ministroa. Esaterako, Galesko hauteskunde kanpainan alderdikideek ez dute haren izena behin ere aipatu.

Starmer dimisioa ematera behartuko balute, alderdi barruan hautatuko luketen haren ordezkoa lehen ministro kargurako, eta azken asteetan aipatu diren izenen artean dago Andrew Burnhamena. Burnham Manchester Handiko alkatea da 2017tik eta 2015ean alderdiko buru izateko bozetara aurkeztu zen. Bigarren geratu zen, Jeremy Corbynen atzetik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA