Lanuzte orokorra egingo dute Espainian ere

Sindikatu handienek grebara deitu dute asteazkenerako: espekulazioa eta errentismoa jarri dute jomugan, betiere soldata duinaren eskakizuna albo batera utzi gabe.

Sindikatu bateko kide bat A-11ko greba orokorrari buruzko eskuorriak banatzen, asteon, Valentzian. ANA ESCOBAR / EFE
Sindikatu bateko kide bat A-11ko greba orokorrari buruzko eskuorriak banatzen, asteon, Valentzian. ANA ESCOBAR / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko azaroaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herrian ez ezik, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan ere greba orokorrera deitu dute datorren asteazkenerako, etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen alde, espekulazioa eta errentismoa ere jomugan jarrita. Hamalau urtean estatu osorako deitu duten lehenbiziko greba da asteazkenekoa. Maizterren Sindikatuarekin batera, Espainiako sindikaturik handienek egin dute deialdia: CCOOk salatu du «geroz eta gehiago» kostatzen dela bizitzea; UGTk ohartarazi du soldatak ez direla igotzen prezioen garestitzea bezainbeste, eta maizterren lansariek ez duela zertan izan errentatzaileen soldata; «higiezinen indarkeria dela eta», CGTk arduraz jokatzeko eskatu dio «klase politikoari»; eta CNTk, berriz, «espekulazioaren interesak» jarri ditu jomugan.

«Gobernatzen duenak gobernatzen duela, herrialdea geraraziko dugu», adierazi du Maizterren Sindikatuak grebara begira sortu duen webgunean. Leporatu izan diete etxebizitza ardatz duen lanuzteak ez duela oinarri juridikorik, argudiatuta ez dagokiola lan arloari, baina zera erantzun dute: «Etxejabeak eta patronalak bi aldeetatik estutzen gaituzte. A-11 horrexegatik da maizterren greba, lanuztea izateaz gain».

Atzera begiratuz gero, etxegabetze baten ondorio da greba orokorrerako deialdia: irailaren amaieran etxegabetu zuten Maricarmen Abascal, 87 urteko andre madrildar bat —urriaren hasieran hil zen, ospitalean zela—. Jarraian hasi zuten, hiriburuko Puerta del Sol plazan, etxebizitza duin baten aldeko kanpaldia, zeina estatuko hainbat hiritara zabaldu zen. Eta Maizterren Sindikatuak hauspotuta, sindikatu nagusiekin batera egun gutxiren buruan adostu zuten aldarria bestelako modu batean kalera ateratzeko deialdia: A-11.

Azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpaina hasi baino pare bat egun lehenago egingo dute lanuztea, eta eskuineko alderdiek deialdiaren kontra egin dute asteon: Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak ohartarazi du greba «tokiz kanpo» dagoela, eta horri eustea «akats larria» dela, batik bat joan den astean 69 lagun hil ziren Urdako (Gaztela-Mantxa) tren istripua gertatu eta gero. Santiago Abascal Voxeko liderrak salatu du «zentzugabea»d ela oposizioaren kontrako greba egitea, eta «ideologiak» bultzatuta jardutea leporatu die lanuztera deitu duten sindikatuei: «Lotsa gutxi eduki behar da, gero».

Hori ikusita, Maizterren Sindikatuak aurpegiratu die greba deialdia bertan behera uzteak ez duela konponduko etxebizitza krisia, eta ez dituela zertan aldarrikapenak albo batera utzi, argudiatuta maizterrek «alokairu itogarriak» ordaintzen jarraituko dutela bestela, etxea galtzeko «beldurrez». CCOOk eta UGTk lanuztea bertan behera uzteko «taxuzko argudiorik» eman ez izana leporatu diote eskuinari.

Portugalen ere bai

Grebez eta protestez jositako azaroa dute Portugalen. Casa para Viver eta Porta a Porta mugimenduek mobilizatzera deitu dute datorren larunbaterako, herrialdeko hainbat hiritan; alokairuari buruzko lege erreforma bertan behera utz dezatela eskatuko dute, eta ez ditzatela etxegabetu ordezko etxerik ez duten familiak, besteak beste.

Hilaren 20an, Frente Comum plataforma sindikalak grebara deitu ditu langile publikoak; lanuzteak administrazioari, eskolei, ospitaleei eta bestelako zerbitzu publikoei eragingo die. Biharamunean, CGTP sindikatuak manifestaziora deitu du Lisboan, soldata eta pentsio hobeak eskatzeko —gutxiengo soldata 920 euroan dago—. Halaber, Portugalgo Legebiltzarraren parean elkarretaratzea antolatua du hilaren 24rako, egun horretan bozkatzekoak baitira datorren urterako aurrekontu orokorrak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA