Bisitan joan zitzaizkion atzo Jacob Zuma Hegoafrikako presidentea eta ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko presidente Cyril Ramaphosa erietxera. Sendagileek esan zieten asteburuan okerrera egin duela Mandelaren osasunak; Zumak, berriz, azaldu du osagileak "ahal duten guztia" egiten ari direla eta Mandela "ongi zaindua" dagoela.
Mandelak 94 urte ditu, eta erietxean dago. Ekainaren 8an eraman zuten lider historikoa erietxera, aspalditik daukan biriketako gaitzak jota. Larunbatean jakinarazi zuten gibelaren eta giltzurrunen %50 funtziorik gabe dituela.
Makaziwe Mandelak, Madibaren alabak, CNN kateak eginiko elkarrizketa batean adierazi duenez, lider historikoak "begiak irekitzen ditu". "Gure kulturan, Tenbu kulturan, inoiz ez diozu pertsona bati joaten uzten, hark 'mesedez, senideok, utzi joaten' esaten dizun arte. Nire aitak ez digu halakorik esan", gaineratu du Makaziwe Mandelak.