Lasai gobernatzeko gehiengoaren bila

Inkestek diotenez, Frantziako sozialistek irabaziko dute gaur zortzi legebiltzarrerako bozen lehen itzulia

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Nicolas Sarkozy Marrakexen da, Mohamed VI.a erregearen jauregi batean, erretiroan; bitartean, bere alderdikideak talde sendoa dutela erakusten saiatzen ari dira kanpainan, haren hutsunea gehiegi nabari ez dadin. François Hollande, berriz, deskantsurik gabe dabil, presidente, gobernu berriaren erronken eta nazioarteko hitzorduen artean, kanpainan, hori ere. Frantziako politikaren gidari berria seguru ageri da, legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko inkesta guztietan garailetzat jotzen dute eta haren alderdia, PS, baina ahalegin berezia egiten ari da gehiengo erosoa lortzeko, Asanblea Nazionalean koalizio sendoa beharrezkoa duelako agindutako erreformak egiteko.

Gaur zortzi izango da lehen itzulia. Gehiengo osoa lortzen duten hautagaiek ziurtatuko dute soilik eserlekua Asanblea Nazionalean. Botoen %12,5 gainditzen dutenak igaroko dira, berriz, bigarren itzulira. Legebiltzarrerako hauteskundeetan, ohikoa da hainbat eserleku hiru hautagairen artean lehiatu behar izatea bigarren itzulian, baina inkestek ez dute espero eserleku askoren lehiarik PSren, UMPren eta FNren ordezkarien artean. UMPri, berriz, ez diote garaipenik ematen, eta, beraz, ez dirudi kohabitazio egoerarik izango denik.

Maiatzaren 30 eta 31 arteanBVAk egindako inkestak —hauteskundeak baino hamar egun lehenago— nabarmendu du PS alderdiak botoen %33 eskuratuko lituzkeela, maiatzaren 11n zituenak baino hiru puntu gehiago; besteak beste, UMPk %32 lortuko lituzke; FNk, %16; Ezkerreko Fronteak, %9; MoDem zentroak, %4,5; Berdeek, %4. PSk, ezkerreko alderdiekin koalizioa osatuta, botoen %47 jasoko lituzke, eta eskuineko parlamentarioek, %32,5.

Ekologistek —dagoeneko sozialistekin daude gobernuan—, PSrekin joan den azarotik duten akordioari esker, Hollanderi gehiengo erosoa emango liokete gobernatzeko. Emaitzak ez balira horren onak, Ezkerreko Frontearekin negoziatu beharko lukete, legez lege. Bien artean ez dute egin aurreakordiorik, gehiengo osoa eskuratzeko aukera saihestearren.

Fronte Nazionala, berriz, Asanblea Nazionalera itzuliko litzateke —bigarren aldia litzateke historian—, eta zortzi eserleku eskura ditzake. Inkesta guztietan, bost eta hamabi eserleku artean dabil, eta talde propioa izateko hamabost behar ditu gutxienez.

Presidentetzarako hauteskundeetan baino parte hartze txikiagoa espero dute. Erroldan daudenetatik, %62k dute asmoa botoa emateko; 2007an baino bost puntu gehiago da hori, hala ere. Eskuina dago oraingoan desmotibatuagoa, Sarkozyren porrota dela eta, eta presidentetzarako bozetan hari botoa eman ziotenetatik %53k azaldu dute asmoa botoa emateko. Marokora egindako ihesaldi isilak hura ordezkatzeko gerra zalapartatsuazabaldu du UMPkoen artean, legebiltzarrerako kanpainaren erdi-erdian. Espero izatekoa zen Jean-François Cope UMPren idazkari nagusiaren eta François Fillon lehen ministro ohiaren arteko ika-mika, baina eskuinak agerian utzi du ez dagoela egoerarik erosoenean.

Kanpainan, borroka mediatikorik sutsuena FNko Marine Le Penen eta Ezkerreko Fronteko Jean-Luc Melenchonen artekoa izan da, Henin-Beaumont barrutiko eserlekuagatik ari baitira borrokan. Le Penen feudoa da hiri hori, eta krisiak eta langabeziak jota dago egun. Elkarri gorrotoa diote bi hautagaiek, eta Melenchonek lehiatzea erabaki du, bere eserlekua arriskuan badago ere. Presidentetzarako hauteskundeetan, Le Penek botoen %17,9 atera zituen, eta Melenchonek, %11,1; baina ezkerreko hautagaiak defendatzen du, harro, beragatik ez balitz Le Penek boto gehiago eskuratuko lituzkeela. Orain ere botoak kentzeko itxaropena du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.