Lecornuk lasaitasuna eta denbora irabazi ditu

Frantziako PS Alderdi Sozialistako diputatu gehienek ez dituzte babestu lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak. Lecornuk oposizioari egotzi dio 49.3 dekretua aplikatu behar izana.

Sebastien Lecornu, gaur, Asanblea Nazionaleko bere mintzaldian. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Sebastien Lecornu, gaur, Asanblea Nazionaleko bere mintzaldian. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urtarrilaren 23a
16:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arnasa hartu du. Aurrekontuak dekretuz onartzeagatik Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroaren kontra aurkeztutako bi zentsura mozioak atzera bota ditu gaur Asanblea Nazionalak. Asteartean konstituzioko 49.3 artikulua baliatu zuen Lecornuk, aurrekontuak onartzeko. Ondorioz, oposizioak zentsura mozioak aurkeztu zituen, baina ez dira aurrera atera, PS Alderdi Sozialistako diputatu ia guztiek kontra bozkatu baitute.

Bi zentsura mozio aurkeztu dituzte, ultraeskuineko RN Batasun Nazionala alderdiak bat, eta ezkerreko LFI Frantzia Intsumisoak bestea. Gutxienez aldeko 288 boto behar zituen mozio horietako batek lehen ministroa kargugabetzeko, baina ez ditu lortu: RNrena urruti geratu da, 142 botorekin; LFIrena, berriz, gertuago, 269 botorekin. Bigarren mozio horren alde egin du RNk, baita gobernu koalizioaren parte ez diren alderdiko diputatu gehienek ere, PSkoek izan ezik. PSko 69 diputatuetatik bostek soilik bozkatu dute mozioaren alde.

Eric Coquel LFIko diputatuak «iruzurtzat» jo ditu aurrekontuak, eta horiek 49.3 artikuluaren bidez onartu izana salatu du. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aurka ere jo du —Lecornuren alderdikoa da—, «dirudunenei aberasten jarraitzea» ahalbidetzen diela egotzi baitio: «2017tik, industria gainbeheran egon da, eta porrotak pilatzen ari dira. 2017tik, inbertsioak behera egin du, bizi mailak behera egin du, eta 2026ko aurrekontuek ez dute lagunduko egoera hobetzen», esan du Asanblea Nazionalean.

Gaur goizean, Marine Le Pen RNko buruak adierazi du Frantziako Gobernua ez dela «legitimoa», eta hurrengo urteak «hondamendia» izango direla, bai Lecornurentzat eta bai Frantziarentzat ere: «Aurrekontu hauek Txernobyl dira: oso elementu erradioaktiboak ezkutatzen dituzte». Asanblea Nazionaleko bere mintzaldian zera esan dio Lecornuri: «Asteartean egin zenuen iragarpena zeure buruari egindako traizioa da».

(ID_15709439) FRANCE PARLIAMENT
Marine Le Penen mintzaldia, Asablea Nazionalean, gaur. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Izan ere, lehen ministroak ez du hitza bete. Urriaren 3an, kargua hartu zenean, Lecornuk hitzeman zuen ez zituela aurrekontuak 49.3 artikuluaren bidez onartuko. Elkarrizketaren bidea lehenetsi zuen proiektuaren aldeko botoak lortzeko. Baina hiru hilabetean ez du babes hori lortu, eta bere hitzak irentsi ditu. Hala ere, baliagarriak izan zaizkio negoziazioak. Sozialistei hainbat kontzesio eginda, lortu du behintzat horien gehiengoak zentsura mozioaren alde ez egitea, eta, hortaz, aurrekontuak aurrera atera dira; eta Lecornuk gobernuburu jarraitzen du.

Dagoenarekin aurrera

Laurent Baumel PSko diputatuak argudiatu du zentsura mozio baten alde egiteko «arrazoi serioak» behar direla. Alderdi Sozialistak azken egunetan adierazi du aurrekontuen testua bere egiten ez duen arren «aurrerapenak» izan direla, eta «irtenbide txarren artean onena» dela hau.

Zentsura mozioak bozkatzeko atarian, Lecornuren bulegoak ohar bat zabaldu du, boterea legebiltzarkideek dutela berresten zuena: «Ez diogu boterea inori konfiskatu: legebiltzarkideen esku jarraitzen du erabat. Zentsura mozioak, Lecornuren arabera, «demokraziaren uneak» dira: «Denek aukeratu behar dute bi aukeretatik zer nahi duten: herrialdeak aurrera egitea, edo hori oztopatzea».

Bere mintzaldian, Lecornuk adierazi du onartutako aurrekontuak ez direla izan gobernuak hasieran planteatu zituenak. Adierazi du gobernuak «kontzesioak» egin behar izan dituela «ganbera honetan izandako eztabaidak» kontuan hartuta, eta oposizioaren jarrerari egotzi dio 49.3 artikulua erabili behar izana. «Ezkerrak esango du eskuineko aurrekontuak direla. Eskuinak esango du ezkerreko aurrekontuak direla».

Dagoeneko sei zentsura moziori egin dio aurre Lecornuk Frantziako lehen ministroa denetik. Gainera, gaur bertan konstituzioko 49.3 artikulua baliatu du berriro, aurrekontuen gastuak onartzeko, bozketarik egin gabe. Hori dela eta, larunbatera arteko epea dute oposizioko alderdiek zentsura mozioak aurkezteko, eta baldin badaude, datorren astean eztabaidatuko dira.

Frantziako behe ganberan, ez da gailentzen den blokerik. 575 eserleku ditu, eta 289 behar dira gehiengo osoa lortzeko. Gobernua osatzen duten lau alderdiek 212 eserleku pilatzen dituzte, hortaz, kanpoko babesa behar dute. RN da eserleku gehien duen alderdia: 123 ditu. LFIk 71 diputatu ditu; PS Alderdi Sozialistak, 69; berdeek, 38; eta gainontzekoek, hortik behera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.