Nedzma Dzananovicek (Sarajevo, 1976) 16 urte zituen serbiar tropek haren jaioterria setiatu zutenean, eta egoera horretan bizi izan zen ondorengo lau urteetan. Lehen aldia da garai horren inguruan jendaurrean mintzatzen dela, eta oraindik kosta egiten zaio ordukoak gogora ekartzea. Kontatu duenez, orain dela gutxi hasi da trauma horiek aitortzen eta bizi izan zuena barneratzen. Irakaslea da orain Dzananovic, Sarajevoko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako Fakultatean.
Nola bizi izan zenituen setioaren lehen egunak? Nola oroitzen dituzu?
Shock egoeran egon nintzen. Lehen egunetan, ezin genuen sinetsi zer gertatzen ari zen. Jendea hiltzen ari ziren Sarajevon, baita Bosnia osoan ere. Horixe zen sentsazioa: shock-a. Ondoren, setioaren lehen bi asteetan, itxaropentsu ginen. Pentsatzen genuen norbaitek esku hartuko zuela; Europak, esaterako. Inondik ere ez genuen uste egoera horrek denbora asko iraun zezakeenik. Baina halaxe izan zen.
Nola aldatu zitzaizun egunerokoa?
Nire historia ez da apartekoa. Eskolak bertan behera utziak zizkiguten, eta gurasoak ere ez ziren lanera joaten. Amak eta biok alde egin genuen etxetik. Izebaren eta osabaren etxera joan ginen bizitzera, hiriaren erdigunetik gertuago. Aita ez zen etorri: etxean geratzea erabaki zuen. Gure etxea aireportutik gertu zegoen, eta Jugoslaviako armadako bi kuartel nagusi zeuden inguru hartan, soldaduz beteak. Iruditzen zitzaigun seguruagoa zela erdialdera bizitzera joatea, eta ez genbiltzan oker. Sarekadak egin zituzten gure etxean, eta, ekainean, aita espetxeratu, gure bizilagunekin batera. Lau aste egin zituen kartzelan. Kartzelatutako batzuk hil egin zituzten, eta beste batzuk torturatu, tartean aita. Uztail erdialdean askatu zuten, eta gurekin batera etorri zen bizitzera.
«Sarekadak egin zituzten gure etxean, eta, ekainean, aita espetxeratu, gure bizilagunekin batera. Lau aste egin zituen kartzelan»
Mugarritzat daukazu gertakari hori?
Zalantzarik gabe. 1992ko uztaila zen, baina, niretzat, orduan amaitu zen gerra. Sentipen hori nuen. Horrela izan zedin nahi nuen. egoera oso traumatikoa izan zen hasieratik nire familiarentzat. Aita unibertsitateko irakaslea zen, herritar normal bat. Lau aste horietan oso gaizki pasatu zuen, eta justu-justu bizirik iraun. Etxera iritsi zenean, kosta egiten zitzaidan hura ezagutzea ere. Orduan, amaitutzat jo nuen gerra: ez nuen sinisten hura baino garai lazgarriagorik etor zitekeenik.
Utzi al dizute gertakari horiek arrastorik gerora?
Egunero sortzen zitzaizun trauma bat. Une oro gertatzen zitzaion zerbait norbaiti. Lau urte egin genituen etengabe arriskuan. Ez gara superheroiak, eta, gerraren aurretik, egunerokoa normala genuen, munduko beste edozein tokitakoaren antzekoa. Oso zaila egiten zitzaigun zer egoeratan geunden aitortzea. Oso-oso nahasia zen giroa, latza. Soinuak, leherketak... Zaila egiten da baten bati azaltzea hori zer den, are gehiago halakorik bizi izan ez duen norbaiti. Zaila da ulertzeko, eta zaila, guretzat, buruan kudeatzeko.
Nola oroitzen dituzu gerraren amaiera eta setioaren azken egunak?
Pozik. Bizitzen hasi nahi genuen. Bizi izandakoa ezin genuen ahaztu, baina ahal zen guztia egiten genuen garai hartatik aldentzeko. Ikasi nahi genuen, lan egin: oso aktiboak ginen. Orain dela gutxi 50 urte bete ditut, eta orain hasi naiz, pixkanaka, bizi izaten nituen gauza batzuk prozesatzen saiatzen, neure buruarekin atsegina izateko ahalegina egiten, eta azken finean, trauma horiek aitortzen.
«Orain hasi naiz, pixkanaka, bizi izan nituen gauza batzuk prozesatzen saiatzen eta trauma horiek aitortzen»
Oroitzen al duzu garai ilun horietako esperantza aldirik?
Esku hartzea esperantza galduta geneukanean izan zen. Baliagarria zela uste genuen, baina oso berandu iritsi zen. Jende asko hil zen. Oroitzen naiz esperantza handia eman zigula tiro gutxiago entzuteak, ur hornidura edukitzeak, gas apur bat izateak, argindarra... Hori guztia etenda egon zen lau urtez hiriko zona gehienetan.
Eta nola moldatzen zineten halakorik gabe bizirik irauteko?
Ura hiriko leku publikoetatik hartzen genuen, eta etxera eraman, nahiz eta jakin oso arriskutsua zela. Jende asko hil zuten ura hartzen ari zela, ume ugari tartean. Gogoratzen dut hotza izugarria zela, horrekin sufritzen bainuen nik gehien. Gosearekin ere bai. Askotan, bi egun egoten ginen ezer jan gabe, eta horrek eragin handia zuen gorputzean eta buruan. Baina, niretzat, hotza zen okerrena. Hornidurak apurka berreskuratu ahala piztu zitzaigun esperantza. Bakerako trantsizioa motela izan zen arren, gutxieneko horiek edukitzeak bizia eman zigun berriro. Gauza txiki horiek.