Sarajevo: setiotik blokeora

30 urte bete dira Bosniako serbiarren tropek Sarajevo hiriburua setiatzeari utzi ziotenetik. Gerra amaituta ere, Bosnian bizi diren komunitateek elkarri bizkarra ematen jarraitzen dute; hiru presidente daude herrialdean, eta zaila da erabakiak hartzea.

Sarajevoko Bascarsija auzoa, artxiboko irudi batean. CLAY GILLILAND
Sarajevoko Bascarsija auzoa, artxiboko irudi batean. CLAY GILLILAND
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da kontu zaharra, eta ziur irakurleren batek izango duela etxean munduko mapa bat non irudikaturik dagoen Jugoslaviako errepublika. 1992an desegin zen, eta odoltsua izan zen eremu hori banatzeko prozesua, batez ere Bosnian. Ia lau urte iraun zuen bosniaken —musulmanak—, kroaziarren —katolikoak— eta serbiarren —ortodoxoak— arteko gerrak. Sarajevo hiriburua 1.425 egunez setiatu zuten, nagusiki serbiar indarrek, eta 12.000 lagun inguru hil zituzten. 1996ko otsailaren 29an utzi zioten ofizialki hiriburua setiatzeari, orain dela 30 urte.

Baina gatazkak gaurkotasuna du oraindik. «30 urteren ondoren, komunitateek elkarri bizkarra ematen jarraitzen dute», adierazi du telefonoz Gervasio Sanchez fotokazetari espainiarrak. Setioa zuzenean bizi izan zuen Sanchezek, eta urtero bisitatzen du herrialdea. Bosniako politikaren argazkia egin du, eta esan alderdiak «oso nazionalistak» direla oraindik: «Serbiarrek alderdi serbiarren alde bozkatzen dute, kroaziarrek kroaziarren alde, eta musulmanek musulmanen alde; ideologiak berdin du. Elkarbizitzarako zubiak hautsi egin ziren gerraren aurretik eta batez ere gerrak iraun bitartean, eta ez dira berriz eraiki».

Sarajevok kultura eta erlijio aniztasun handia izan du betidanik, eta Europako Jerusalem esaten zaio. Damir Kapidzic Sarajevoko Unibertsitateko Zientzia Politikoen Fakultateko irakasleak adierazi du hiriburuan aniztasun handia dagoela oraindik, baina biztanleriari dagokionez gutxitu egin dela aniztasun hori, gerraren eraginez: «Bosniako gerraren ondorioz, herritar ugarik migratu egin dute beren komunitateko herritarrak gehiengoa diren eremuetara. Sarajevoko herritarren hiru laurden musulmanak dira orain».

(ID_17721266160745) Sarajevo, 1992-1993ko neguan. Egurra biltzen sua egiteko.
Sarajevoko herritarrak sua egiteko egurra biltzen, 1992-1993ko neguan. CHRISTIAN MARECHAL

Hori da, Kapidzicen arabera, setioaren eraginik nabarmenena: komunitateen banaketa. Sarajevon bertan ikus daiteke banaketa hori: «Fisikoki apenas dagoen mugaren zantzurik; oinez igaro dezakezu alde batetik bestera, baina eremu bakoitzak bere administrazioa du». Gaineratu du serbiarren erasoek «eragin itzela» izan zutela hiriburuan, eta duela gutxi arte begi bistakoak zirela hiriburuan suntsitutako eraikin eta azpiegitura asko. «Oraindik ere ikus daitezke zenbait tokitan, baina gero eta gutxiago».

Bi administrazio, hiru presidente

Bi zatitan banatuta dago Bosnia, eta bi administrazio daude: Bosnia eta Herzegovinako Federazioko administrazioa —bosniakek eta kroaziarrek osatzen dute— eta Bosniako Serbiar Errepublikako administrazioa —serbiarrak dira—. Gutxi gorabehera, lurrak erdi eta erdi banatzen dituzte bi administrazioek. Serbiarrek Bosniako iparraldea eta hego-ekialdea administratzen dute, eta herritarren %38 bizi dira eremu horretan. Bi aldeek jotzen dute Sarajevo hiriburutzat; izan ere, hiriburua ere zatituta dago administratiboki, eta Sarajevoko biztanle guztien %22 bizi dira alde serbiarrean.

Bi gobernu eta hiru presidente daude Bosnian: presidente bosniak bat, kroaziar bat eta serbiar bat, eta elkarrekin koordinatzen dira herrialde osoari eragiten dioten erabakiak hartzeko. «Oso zaila da Bosnian erabakiak hartzea. Hiru komunitateak ados ez badaude, ezin da erabakirik hartu, eta, hortaz, ia beti blokeatu egiten dira erabakiak, sistemak blokeorako bidea ematen baitu», esplikatu du Sanchezek. Iritzi dio gobernantza sistema horrek jada ez duela funtzionatzen, eta gerra bukatu eta 30 urte igaro diren honetan aldatuta egon beharko lukeela. «Sistema horrek kalte handiak eragiten dizkie herritarrei».

«Oso zaila da Bosnian erabakiak hartzea. Hiru komunitateak ados ez badaude, ezin da erabakirik hartu, eta, hortaz, ia beti blokeatu egiten dira erabakiak»

GERVASIO SANCHEZFotokazetaria

Sanchezek dioenez, gazteek sufritzen dute gehien Bosniak erabakiak hartzeko duen ezintasuna: «Gazte asko Europa komunitariora emigratzen ari dira, Bosnian ez dutelako etorkizunik ikusten eta soldatak oso apalak direlako». Gauza bera aipatu du Sarajevoko Unibertsitateko irakasleak ere, telefonoz, baina ohartarazi du joera orokorra dela hori Europa ekialdean.

Gerraren osteko hondarrak

Balkanetako eta bereziki Bosniako gaur egungo egoera erabat baldintzatu zuen gerraren amaiera moduak. AEBen esku hartzearen eraginez, Daytongo Akordioa sinatu zuten Kroaziako, Jugoslaviako Errepublika Federaleko eta Bosnia eta Herzegovinako ordezkariek, 1995eko abenduan. Sanchezen arabera, «akordioak konkista belikoak zilegitu zituen, eta jende ugariez zuen gogobete». Eta, horregatik, bosniarrak ez dira «seguru sentitzen» AEBen inguruan mintzatzean. Honela azaldu du Kapidzicek: «90eko hamarkadan egindako esku hartzearen eraginez, eta duela gutxi herrialdearen gain jarri duen presioarengatik, herrialdeak AEBei buruz duen ikuspegia ez da positiboa».

«Bosniako gerraren ondorioz, herritar ugarik migratu egin dute beren komunitateko herritarrak gehiengoa diren eremuetara. Sarajevoko herritarren hiru laurden musulmanak dira orain»

DAMIR KAPIDZIC Sarajevoko Unibertsitateko irakaslea

EB Europako Batasunarekiko erlazioa, berriz, hobea dela azaldu du. «Herritar gehienek europartzat dute beren burua, eta bada etorkizunean EBren parte izateko helburua», esan du Kapidzicek. Sanchezek ere ikusi du Balkanetako herrialde asko hasiak direla gero eta gehiago EBra begira.

SARAJEVO TUNELA
Sarajevoko herritarrek hiria kanpoaldearekin komunikatzeko eraiki zuten tunela, artxiboko irudi batean. ALESSANDRO GORI / EFE

Baina fotokazetariak EB jo du egoera konplexuaren erantzuletzat Bosniako gatazkari dagokionez, eta esan du hari dagokiola orain irtenbidea ematea blokeo politikoari. «Oso erosoa izan da EBrentzat 30 urte hauetan Bosnian dirua jartzea. Baina hutsegite handia izan da. Elite politiko bat finkatuz joan da herrialdean, eta horrek ustelkeria handitzeko bidea eman du. Bi parlamentu daude, eta hiru gobernu. Nahaspila horren handia denez, ezinezkoa da orain egoera iraultzea EBk gobernantza eredu hori amaitzen ez badu».

Kapidzic ere bat dator horrekin alde askotatik. Aitortu du Sarajevon egiten ari diren aurrerapenak azkarrago egin zitezkeela. Baina gauza onak ere ikusten ditu: «Azken urteetan, martxan jarri dira azpiegiturak hobetzeko proiektu ugari. Sarajevo gero eta toki hobea da bizitzeko, eta bada jendea Sarajevora eta Bosniara bizitzera etorri dena, prezioak eskuragarriagoak direlako; etxeen prezioa, esaterako».

Kronologia

  • 1992ko martxoaren 1a. Bosnia eta Herzegovinak independentzia erreferenduma egin zuen Jugoslaviatik ateratzeko. Gehiengoak baietz bozkatu zuen, baina serbiarrek boikota egin zioten erreferendumari —Bosniako %44 musulmanak ziren, %30 serbiar ortodoxoak, eta %17 kroaziar katolikoak—. Tentsioa nabarmen handitu zen.

     

  • 1992ko apirilaren 5a eta 6a. Sarajevon manifestazio jendetsuak egin zituzten, eta independentzia aldarrikatu zuten. Europako Batasunak onartu egin zuen independentzia adierazpena. Orduan, Bosniako serbiarren tropak Sarajevo inguratzen hasi ziren. Muinoetan posizio estrategikoak hartu zituzten, frankotiratzaileak eta artilleria bertan kokatuz eta hiria blokeatuz. Serbiarrek Bosniako Serbiar Errepublika izendatu zuten, haiek ere Sarajevo zutela hiriburu.

     

  • 1992ko uda. Ur eta janari eskasia gero eta handiagoa zen, eta elektrizitate falta ere gero eta agerikoagoa. Zibilak etengabeko bonbardaketen eta frankotiratzaileen tiroen pean bizi ziren. NBE Nazio Batuen Erakundearen laguntzarekin, Sarajevoko aireportua ireki zuten laguntza humanitarioa sartzeko. Aire bidez ere hornitu zituzten herritarrak.

     

  • 1993a. Setio urterik gogorrena. Serbiar indarrek ehunka granada jaurtitzen zituzten hirira egunero. 3.700 bonba baino gehiago bota zituzten egun bakarrean. Sarajevoko herritarrek 800 metroko tunel bat eraiki zuten aireportuaren azpian, Sarajevo kanpoaldearekin komunikatzeko. Tunel horretatik igarotzen ziren elikagaiak, armak eta pertsonak.

  • 1994ko otsailaren 5a. Granada batek 68 pertsona hil zituen Markale merkatuan, eta 140tik gora zauritu. Nazioartea begira jarri zen.

  • 1994ko martxoa. NATOk lehen esku hartze militarrak egin zituen Bosnia eta Herzegovinan, Sarajevo inguruko indar serbiarren aurka. Aldi batez, bonbardaketak gutxitu ziren.

    1995eko abuztuaren 28a. Serbiarrek Markale merkatua bonbardatu zuten bigarrenez, eta 43 pertsona hil.

  • 1995eko azaroaren 21a. Daytongo Akordioa sinatu zuten AEBek Kroaziarekin, Jugoslaviarekin eta Bosnia eta Hezegovinarekin. Amaitutzat eman zuten Bosniako gerra.

  • 1996ko otsailaren 29a. Bosniako serbiar indarrek Sarajevo inguruko posizioak utzi zituzten, eta setioa amaitu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.