«Zer iruditzen zaizue inozoaren roletik presidentetzarako hauteskundeetan epailetzara pasatzea?». FN Fronte Nazionala«Frantziako politikaren grabitate zentroa» bihurtu dela esan zuen atzo Marine Le Pen buruzagi ultraeskuindarrak Parisko Operaren aurrean bildutako milaka jarraitzaileren aurrean. FNk urtero maiatzaren 1ean Joana Arc-ekoaren omenez egiten duen ekitaldian argitu du zein izango den bere aukera maiatzaren 6an, Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian: «Datorren igandean boto zuria emango dut. Nik egin dut nire aukera. Zuek herritarrak zarete, eta zuen kontzientziaren arabera emango duzue botoa, askatasun osoz».
Presidentetzarako hauteskundeei garrantzia kendu die Le Penek. Nicolas Sarkozy kontserbadorea eta François Hollande sozialista «agortutako sistema beraren bi aurpegiak» direla nabarmendu du, eta lehen itzulirako kanpainan bere burua behin eta berriz hautagai antisistema modura aurkeztu: «Esperantza faltsua» irudikatzen du Hollandek eta «etsipen berria» Sarkozyk. Ekainean Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatu berriak aukeratzeko egingo dituzten hauteskundeetan ordezkaritza handi bat eskuratzea da FNren erronka, bi itzuliko sistemaren ondorioz 2007ko bozetan ez baitzuen eserleku bakarra ere lortu. «Egia esanda, Asanblea Nazionala da askatasun espazio bakarra», adierazi du Le Penek, eta datorren igandean «boto zuria» emango duela esan ostean, ekainean «boto urdin iluna» emango duela gaineratu du —vote blue marine frantsesez, alderdiaren kolorearen eta bere izenaren arteko hitz jokoa eginez—.
Buruzagi ultraeskuindarrak gogor kritikatu ditu bi presidentegaiak, bereziki Sarkozy. «Frantziarrei kalte egiteaz gain, lotsarazi egin ditu». Gainera, bigarren itzulian garaipena lortzeko, bi hautagaiak FNko jarraitzaileei egiten ari zaizkien keinuez irri egin du Le Penek: «Eztabaida gure proposamenen ingurukoa da». Hain zuzen ere, immigrazioak, mugek eta Bruselatik aldentzeak pisu handia hartu dute kanpainan. Ekaineko hauteskundeak buruan —hirugarren itzulia ere esaten diote—, etorkizunari begira hitz egin du Le Penek: «Gure alderdiak botoen %30, %35 edo %40 lortzen dituenean, gure ideiak boterera iritsiko dira».
Eskuinaren gidaritza
Datorren igandeko bozketan, Frantziako eskuinaren gidaritza egon daiteke jokoan inkestek iragarri duten bezala Hollandek garaipena lortzen badu. Eskuin gaullista zatitzeko eta oposizioko buru bihurtzeko zain dago Le Pen. Sarkozyren porrotak UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunaren zatiketa ekar dezake, eta hilabeteko epe estuan —ekainaren 10ean da legebiltzarrerako bozen lehen itzulia— gidaritza berria aukeratzeko barne lehia konpondu beharko lukete. Testuinguru horretan, eskuineko korronte gehienak bil ditzake Le Penek bere inguruan, UMPko zenbait alderdi bereganatuta.
Le Penek ekaineko hauteskundeei begira ezarritako estrategia, dena den, ez da erraza, une honetan diputatu bakar bat ere ez baitauka legebiltzarrean. Nolanahi ere, erabat indartuta atera da FN joan den apirilaren 22ko lehen itzulitik. Botoen %17,9 eskuratu zituen eskuin muturreko alderdiak, 6,4 milioi herritarren babesa, FNren orain arteko marka guztiak hautsita: Jean-Marie Le Pen aitak 5,2 milioi lagunen babesa jaso zuen 2002an, eta 3,8 milioi lagunena 2007an.
Aita ondoan duela hitz egin du Le Pen alabak Parisen. Alderdiaren gidaritza hartu eta urtebetera, eskuin muturra inoiz baino indartsuago dago Frantzian, eta botereari eusteko bada ere, hautagai kontserbadorea bere diskurtsora hurbiltzea lortu du. «Herriarengandik sortuko da aldaketa», esan die jarraitzaileei Le Penek. «Aurrerantzean, ezer ez da izango berdin».
Le Penek boto zuria emango du Frantziako bozen bigarren itzulian
Igandean euren «kontzientziaren arabera» eta «askatasun osoz» bozkatzeko eskatu die Le Penek Fronte Nazionaleko jarraitzaileeiEskuin muturrak ordezkaritza handia lortu nahi du legebiltzarrerako ekaineko bozetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu