Krisi politikoa bideratzeko saiakera egingo du Lecornuk

Ministro talde berria aurkeztu ondoren, Frantziako lehen ministroak gobernu programaren berri emango du gaur. LFIk eta BNk haren kontrako zentsura mozio bana iragarri dute. «Misio bat» du gobernuburuak: 2026rako aurrekontu proposamena bideratzea.

Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroa larunbatean, ekitaldi publiko batean. MARTIN LELIEVRE / EFE
Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroa, larunbatean, ekitaldi publiko batean. MARTIN LELIEVRE / EFE
Igor Susaeta.
2025eko urriaren 13a
11:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezin da aurreikusi Sebastien Lecornuk zenbat iraungo duen Frantziako lehen ministro gisa, Frantziako krisi politiko-instituzionala ez baitago izendapen bati lotua soilik. Ostiral gauean izendatu zuten Lecornu berriro, atzo azken orduan aurkeztu zuen gobernu berria, eta bihar arratsaldean emango du bere asmoen berri Asanblea Nazionalean. Azken orduetan behin baino gehiagotan esan du «misio bat» duela: 2026rako aurrekontu proposamena bideratzea, eta haren tramitazio parlamentarioari ekitea, beranduenez abenduaren 31rako jarri behar baitute indarrean, konstituzioa eskuan.

Hasteko, bihar goizean Ministroen Kontseilua egingo dute, Emmanuel Macron Frantziako presidentea buru dutela. Proposamena zehaztea izango dute helburu. Dena den, inondik inora ezin da ziurtatu Asanblea Nazionalak hura babestuko duenik. Gaur-gaurkoz, eta zenbakiei erreparatuta, ganberak atzera botako du; kontuan hartu behar da, gainera, macronismoak aliatu bat galdu duela azken orduetan, LR Errepublikanoak kontserbadoreak larunbatean jakinarazi baitzuen ez duela gobernua babestuko. Halere, alderdi horretan barne diziplina arazoak izan dituzte, sei kide ministro izendatu baitituzte. Alderditik kaleratu dituzte.

Bien bitartean, LFI Frantzia Intsumisoa ezkerrekoak eta RN Batasun Nazionala eskuin muturrekoak jada adierazi dute gobernuburuaren aurkako zentsura mozio bat aurkeztuko dutela. Horiek horrela, eta kontuan hartuz Berdeek eta PCF Frantziako Alderdi Komunistak ere Lecornu erortzearen alde egingo dutela, PS Frantziako Alderdi Sozialistak edukiko luke gobernabidearen giltza, LRren barruan zer gertatuko den zain egon gabe. Izan ere, LFIk, RNk, Berdeek, PCFk eta PSk bat eginda, gehiengoa izango lukete ganberan, eta Lecornu kargutik kendu ahalko lukete.

Krisi politiko-instituzionalari irtenbide bat emateko beste bi aukera daude. Batetik, Asanblea Nazionala desegitea eta bozetara deitzea; Macronek du hori egiteko eskumena. Eta beste aukera litzateke Macronek berak dimisioa ematea. Horixe eskatzen dute LFIk eta BNk. Estatuburuak gaur ere argi utzi du, ordea, ez duela horretarako asmorik. Egiptora iritsita berritan —parte hartzekoa da Donald Trump AEBetako presidenteak Gazarako ondutako plana sinatzeko ekitaldian— kazetariei esan dienez, herritarrek «agindu bat» eman zioten, «zerbitzatzea». Horregatik, «Frantziaren egonkortasunaren alde» lan egitera deitu ditu alderdiak.  

Ostiralean, Berdeak eta Olivier Faure PSko idazkari nagusia etsita atera ziren Macronekin Eliseoan edukitako bileratik
—LFI eta BN ez beste alderdi guztiek parte hartu zuten horretan, presidenteak deituta—, iruditzen baitzaie estatuburuari ezkerreko gobernuburu bat izendatzea dagokiola, aintzat hartuta ezkerrak duela, bloke ideologiko gisa behintzat, gehiengoa Asanblea Nazionalean. Iazko udan Frantziako Legebiltzarrerako bozak egin zituztenetik, lau lehen ministro izan dira: Gabriel Attal macronista (2024), Michele Barnier kontserbadorea (2024), François Bayrou zentro-eskuinekoa (2024-2025) eta beste macronista bat: Lecornu (2025).

Macronek ez dio aukerarik eman ezkerrari; are, saiatu da bloke gisa hartu zuen jarrera hausten, PS limurtuz, hura macronismora eta zentrora hurbildu zedin. Horiek horrela, Faurek ostiralean nabarmendu zuen ez ziotela uko egingo zentsura mozio bat aurkezteko aukerari; dena den, ez du baztertzen Lecornuri aukera bat ematea eta aurrekontuak onartzen laguntzea. PSren liderrak, baina, horretarako bi baldintza jarri ditu azken orduetan. Batetik, gobernuak bertan behera uztea erretretaren erreformaren ezarpena —2023ko apirilean atera zuen aurrera, dekretuz—. Eta, bestetik, Lecornuk konstituzioaren 49.3 artikulua ez erabiltzea legeak dekretuz onartzeko, hain zuzen. 

Profila aldatuta

Lecornu beste alderdiekin aurrekontu proposamenari buruz negoziatzen ari zenean, urri hasieran, hainbat hedabidek alderdietako iturriak aipatuz kaleratu zutenez, adierazi zien ez zuela artikulu hori erabiliko aurrekontuak onartzeko —Lecornuk irailaren 9tik joan den astelehenera arte egin zuen lehen agintaldia; orduan, dimisioa eman, eta behin-behinean jardun zuen ostiralera arte—. 

Erretretaren erreformari dagokionez, finean zera onartu zuen gobernuak, 49.3 artikulua aplikatuz: erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzea; gainera, 2027tik aurrera, pentsio osoa lortzeko baldintzetako bat izango da gutxienez 43 urte kotizatu izana gizarte segurantzan.

Bestalde, gobernuari berari dagokionez, izan dira aldaketak, bai, Lecornuk igandean aurkeztu zuenarekin alderatuta. Orduan, LRk egotzi zion hausturarik ez izatea, besteak beste hemezortzi ministroetatik hamahiru Bayrouren gobernuko kide ere izan baitziren. Orain, aldaketa gehiago izan dira, eta Lecornuk eta Macronek, gainera, profil teknikoago baten alde-edo egin dute. Esaterako, Lan ministroa Jean-Pierre Farandou izango da, 2019az geroztik SNCF Frantziako tren enpresa publikoaren buru izandakoa. Edouard Geffay izendatu dute Hezkuntza ministro, hezkuntzan espezializatutako goi funtzionario bat. Eta joera horren beste bi adibide: Monique Barbut izendatu dute Trantsizio Ekologikorako ministro, WWF Naturarentzako Munduko Funtsa gobernuz kanpoko erakundearen Frantziako burua; eta Barne ministroa Laurent Nuñez izango da, azken hiru uteotan Parisko Poliziaren burua izandakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.