Macronek Lecornu izendatu du, berriro, lehen ministro

Nahiz eta aurreko astelehenean dimisioa eman zuen, Frantziako presidenteak berriro aukeratu du. Gobernuburuak adierazi du «betebeharrez» onartu duela.

Sebastien Lecornu lehen ministroa, aurreko astelehenean. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Sebastien Lecornu lehen ministroa, aurreko astelehenean. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Igor Susaeta.
2025eko urriaren 10a
22:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Betebeharrez», baina Sebastien Lecornuk Matignonen segituko du. Bere buruari asteazkenean jarritako epea aintzat hartuz, Emmanuel Macron Frantziako presidentea lehen ministro bat izendatzekoa zen gaur beranduenez, herrialdea jasaten ari den krisi politiko-instituzionalari konponbidea emateko ahaleginean. Eta duela hilabete egin bezala, Sebastien Lecornu macronista izendatu du, nahiz eta Lecornuk dimisioa eman zuen aurreko astelehenean. Ikusteko dago zein bide egin dezakeen, azken orduetan hainbat izan baitira aurreratu dutenak ez luketeela ulertuko Lecornu berriro aukeratzea; esaterako, Agnes Pannier-Runacher Trantsizio Ekologikorako ministroak.

Asanblea Nazionalean ordezkaritza duten alderdietako kideekin arratsaldean Eliseoan bilera bat egin, eta hori bukatu denetik bost bat ordu igaro direnean eman du erabakiaren berri presidentetzak, ohar batean. «Gobernua osatzeko eskatu dio presidenteak». Ez dute bestelako xehetasunik eman. Presidenteak uste du badela «bide bat» modua emango duena «konpromisoak ehuntzeko» eta legegintzaldia bertan behera geratzea eragozteko. Hain zuzen, hori kaleratu du AFP France-Presse berri agentziak bileraren ondoren, estatuburuaren inguruko iturri bat aipatuz.

Jakinarazpenaren ondoren, Lecornuk mezu bat idatzi du sare sozialetan. Hor nabarmendu du betebeharrez onartu duela presidenteak eman dion «misioa», eta ahaleginak egingo dituela urte bukaerarako 2026rako aurrekontua onar dadin. Neurri batean, ezustean heldu da Lecornuren izendapena. Astelehenean, dimisioa eman zuenean, adierazi zuen jada ez zegoela baldintzarik lehen ministro gisa zituen eginbeharrak bete ahal izateko, nahiz eta egun bat lehenago aurkeztu zuen gobernua. Macronek eskatu zion beste 48 orduz saiatzeko. Eta Lecornuk asteazkenean esan zuenez, bere «misioa» bukatutzat jo zuen. Dena den, «konponbide bat aurkitzeko aukerak» zeudela azpimarratu zuen France 2 telebistan egin zioten elkarrizketa batean. Beste 48 ordu geroago, Macronek pentsatu du Lecornu bera dela irtenbide egokiena.

Beraz, segitzen du ezkerreko lehen ministro bat aukeratu gabe, nahiz eta ezkerrak eduki, bloke ideologiko gisa behintzat, Asanblea Nazionalean gehiengoa. Marine Tondelier Berdeen idazkari nagusiak zera esan die hedabideei, Macronek Eliseoan alderdiekin deitutako bileratik irten ondoren. «Zur eta lur gaude, oso kezkatuta».

Kontuan hartuta iazko uztailean egindako bozetatik hona lehen ministro bat kontserbadorea izan dela, beste bat zentro-eskuinekoa eta azkenekoa macronista, PS Frantziako Alderdi Sozialistakoei iruditzen zaie orain haiei dagokiela gobernuaren lidergoa hartzea. Olivier Faure idazkari nagusiak kazetarien aurrean ohartarazi du ez diotela uko egiten zentsura mozio bat aurkezteari; hau da, lehen ministro berria erorarazteko saiakera bati..

Bi ordu eta erdi inguru iraun du bilera horrek, eta denak bildu dira, RN Batasun Nazionala eskuin muturrekoak eta LFI Frantzia Intsumisoa ezkerrekoak izan ezik, Macronek ez baititu deitu. «Erantzukizun kolektiboko bilera bat izan behar du», nabarmendu du presidentetzak, batzarra iragartzeko kaleratutako ohar batean.

Mezu hori hedatu nahi izan du presidentetzak, krisi politiko-instituzionalari gehitu behar zaiolako Frantziako Estatua pairatzen ari den finantza egoera zaila. Aintzat hartu behar da Eurostaten datua: 2025eko lehen hiruhilekoaren amaieran 3,35 bilioi euroko zor publikoa zeukan Frantziak, bere barne produktu gordinaren %114,1. Horrekin guztiarekin lotuta, azken asteetan gobernuaren jardunaren aurkako protesta handiak egin dituzte Frantzian.

 

Eta lehen ministro berriak, hasteko, erabaki beharko du gobernua nortzuek osatuko duten, eta, ondoren, 2026rako aurrekontu proposamena aurkeztu Asanblea Nazionalean. Hain zuzen, esparru horretan proposatutakoagatik kargugabetu zuten François Bayrou Modem zentro-eskuineko alderdikoa, iazko abendutik aurtengo irailera arte gobernuburua izandakoa. 43.800 milioi euro inguruko murrizketa bat planteatu zuen. Lecornu macronistak hartu zion lekukoa —2017an Macron Eliseora iritsi zenetik ministro izan da—, eta hark ez zuen ezta proposamenik aurkeztu ere, nahiz eta dimisioaren berri emateko egin zuen agerraldian azpimarratu «akordiotik gertu» egon zela. Astelehenean dimititu zuen ezustean, gobernu berria aurkeztu eta 24 ordu igaro baino lehen. 

Izan ere, gobernua nortzuek osatuko zuten kaleratu ondoren, LR Errepublikanoa alderdi kontserbadoreko buru eta behin-behineko Barne ministro Bruno Retailleauk jakinarazi zuen alderdian eztabaidatuko zutela ea gobernua babesten segituko zuten ala ez, iruditzen baitzitzaion ministroen aukeraketan ez zela agindutako «hausturarik» egon; izan ere, hemezortzi ministroetatik bost baino ez ziren berriak. LRk erabaki bat plazaratu aurretik heldu zen Lecornuren dimisioa.

Eta lehen ministro berria aukeratuta ere, Asanblea Nazionalak zatikatua jarraituko du, bloke bakar batek ere gehiengo osorik ez duela. Hain zuzen, horrek berak eragin du Frantzian krisi politiko eta instituzionala; 2022ko legebiltzarrerako hauteskundeez geroztik —macronismoak gehiengoa galdu zuen—, presidenteak bost gobernuburu izendatu ditu: Elisabeth Borne (2022-2024) eta Gabriel Attal (2024) macronistak, Michele Barnier (2024) kontserbadorea, Bayrou (2024-2025), eta Lecornu (2025).

Atomizazioaren ondorio

Macronek Matignon jauregitik urrun nahi ditu RN eta LFI. Eta, hain justu, bi indar horiek azkeneko urtean adierazi izan dute egoera konponbidean jartzeko modu bakarra dela bozetara berriro deitzea. Izan ere, iazko uztaileko legebiltzarrerako bozetatik ikusi ahal izan da presidenteak ezin duela gehiengo osorik egituratu asanblean, eta Barnierrekin, Bayrourekin edo Lecornurekin, egonkortze saiakerek porrot egin dutela, eskuina eta zentro-eskuina lagun izanagatik. 

LFI areago joan izan da, uste duelako Macronek berak eragiten duela blokeo politiko-instituzionala. Hortaz, dimititu dezala eskatu izan dio. Hori bera egin du gaur alderdiaren lider Jean-Luc Melenchonek. «Zilegi da Macronek alde egiteko eskatzea. Hori egin behar du. Gure ustez, kaosaren erantzulea ez dago asanblean, Eliseoan baizik», azpimarratu du, alderdikideek inguratuta irakurri duen adierazpen batean. 

RNk legebiltzarrerako bozak eska eta eska ari da; gainera, haizea lagun du: Opinion Way etxeak herenegun argitaratutako inkesta baten arabera, hauteskundeak irabaziko lituzke nabarmen, botoen %33 bilduta, eta bigarren indarrari, PS Alderdi Sozialistari, hamabost punturen aldea aterata; halere, azken urteetan eskuinek izan duten jarrera ikusita, lanak edukiko lituzke gehiengo osoa eratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.