Lege polemiko eta gogorra onartu du Al-Sisik, disidentzia isilarazteko

«Terrorismoa» borrokatzeko aitzakian oinarrizko eskubideak eta prentsa askatasuna mugatzea leporatu diote Egiptoko presidenteari.Bertsio ofiziala zalantzan jartzeagatik, isunak ezarriko dituzte

Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidentea Sinaiko soldaduak agurtzen, uztailean. PRESIDENTEAREN BULEGOA / EFE.
2015eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Terrorismoaren aurkako jarrera irmoa nahi du Egiptok, eta, horretarako, lege gogor bat jarri du indarrean. Gobernua uztailean hasi zen legea prestatzen, eta, orain, Abdel Fatah al-Sisi presidenteak onespena eman dio indarrean jarri ahal izateko; 2012tik parlamenturik gabe egonik, berak betetzen baitu botere legegilea Egipton. Legeak zigor gogorrak ezarriko dizkie terroristatzat jotako jarduerei. Giza eskubideen aldeko erakundeek, ordea, gaitzetsi egin dute gobernuaren asmoa, eta eskubide ugari urratuko dituela ohartarazi dute; besteak beste, prentsa askatasuna. Legea gobernuaren kutsu autoritarioaren beste isla bat da; 2013ko estatu kolpetik, eta indarkeria jihadistak inarrositako giro horretan, errepresioa areagotu du Kairok bere herriaren aurka.

Ekainaren 29an fiskal nagusia atentatu batean hil ostean hasi zen gobernua legea prestatzen; 54 artikuluz osatua da, eta gogor ageri da «terrorismoarekin» nahasitako jardueren inguruan. Esaterako, heriotza zigorra edo bizi osorako kartzela zigorra jasotzen du kasu hauetan: talde «terrorista» bat sortu edo zuzentzeagatik; beste pertsona bat talde batean sartzera behartzeagatik edo taldea uztea eragozteagatik; eta talde, pertsona edo ekintza bat finantzatzeagatik. Gainera, hamar urteko kartzela zigorra ezartzen dio talderen bateko kide izan eta entrenamendu militarra jaso duenari. Bestalde, legea betearazten dutenei, Fiskaltza eta Poliziari, erabateko babesa ematen die: ez dute legearen aurrean erantzun beharko beren jardueretan indarkeria erabiltzen badute. Al-Sisiren onespena jaso ondoren, indarrean jarriko dute legea.

Baina eztabaida piztu duen gai nagusia prentsa eta iritzi askatasunari ezarriko dizkion mugak dira; ahots deserosoak isilarazteko baliatuko baitu gobernuak legea. Legearen arabera, «egiazkoa» ez den informazioa zabaltzen duenak zigorra jasoko du, hots, «komunikabide ofizialek zabaldutako informazioaren aurkakoa» azaltzen duenak. Gobernuak, horrela, indarkeriazko ekintzei buruzko bertsio ofizial eta bakarra nahi du, inongo disidentziarik gabea. Hasieran, bi urte arteko kartzela zigorra ezartzen zuen, baina, Kazetarien Sindikatuak egindako kritika gogorren harira, zigorrak leuntzea erabaki zuen gobernuak. Isun gogorrekin eta inhabilitazioarekin ordeztu dute kartzela: 23.000 eta 58.000 euro bitarteko isuna jasotzeko arriskua edukiko dute kazetariek, eta baita urtebeteko inhabilitazioa ere.

Herrialdea indarkeria jihadistaren aurkako borrokan murgilduta dago; Mohamed Mursiren kontrako estatu kolpetik, matxino islamisten erasoak izan dira, eta segurtasun indarretako ehunka lagun hil dituzte. Jihadistetan indartsuena Estatu Islamikoari lotutako talde bat da, eta Sinai penintsula da haren indargunea. Ibrahim Mehleb Egiptoko lehen ministroak «benetako gerra» aipatu du legea justifikatzeko. Gobernuz kanpoko hainbat erakunde eta alderdik konstituzioa urratzen duela salatu dute. «Legeak ez du herritarra babesten, baizik eta estatua. Gobernua bere eskuetan biltzen ari den boterearen beste erakusgarri bat da», adierazi du Dalia Fahmyk, AEBetan eta Egipton lan egiten duen Egyptian Rule of Law Association GKEko kideak. Salatutako legearen beste alderdi bat «terrorismoaz» hartzen duen definizio zabala da; zerbitzu publikoak oztopatzen dituen oro gogor zigortzeko eskumena ematen du, eta greban ari diren langileen kontra erabil liteke, esaterako. Halaber, azpimarratu dute «ideologia eta askatasun publikoak bermatzen dituen legediarekin» egin behar zaiola aurre «terrorismoari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.