Legegintzaldirako gehiengo bat osatzen ahaleginduko da Sanchez

Felipe VI.ak gobernua eratzeko enkargua egin ondoren, Espainiako jarduneko presidenteak nabarmendu du «politikaren ordua» dela. Oraingoz ez dute egunik jarri inbestidura prozedurarako

Felipe VI.a eta Pedro Sanchez PSOEko presidentegai eta jarduneko presidentea, atzo, Zarzuela jauregian. JUANJO GUILLEN / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Gobernua osatzen ahalegintzeko eskatu zion atzo Espainiako errege Felipe VI.ak Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiari. Lehengo astean Alberto Nuñez Feijoo PPkoaren inbestidura ahaleginak porrot egin ondoren, Espainiako Gorteetarako azken bozetan ordezkaritza parlamentarioa lortu zuten alderdiekin biltzen hasi zen herenegun estatuburua, beste hautagai bat proposatu eta hura gobernuko presidente izaten ahalegindu zedin. UPNko, CC Koalizio Kanariarreko, EAJko, Sumarreko eta Voxeko ordezkariekin batzartu zen herenegun —ERC Esquerra Republicanak, JxC Junts Per Catalunyak, EH Bilduk eta BNGk uko egin diote harekin biltzeari—, eta atzo gauza bera egin zuen Sanchezekin eta Feijoorekin. Bileren ondoren, Sanchez proposatu duela jakinarazi zion Felipe VI.ak Francina Armengol Kongresuko presidenteari. Inbestidura prozedura egiteko epemuga azaroaren 27a da, baina oraindik ez dute jarri horretarako egunik.

Espainiako jarduneko presidenteak ondoren Espainiako Kongresuan egindako agerraldian adierazi zuen gaur hasiko dituela negoziazioak beste alderdiekin. Haren arabera, horien helburua ez da izango «soilik» inbestidurarako behar dituen botoak erakartzea, baizik eta legegintzaldirako gehiengo bat osatzen ahalegintzea, Espainiari «egonkortasuna» emateko. Sanchezek «koalizio gobernu aurrerakoi bat» du asmo. Sumarrekin ahaleginduko da koalizio hori osatzen, eta, beraz, horko lider Yolanda Diazekin egitekoa da lehen bilera.

Sanchezen esanetan, koalizio gobernu bat osatzea lortzen badute, saiatuko dira jarraipena ematen «azken lau urteotan egindakoari», baina «eraginkortasuna hobetuta». PSOEren proiektuaren zutarrietako bi izango dira «aurrerabide soziala» eta «espainiarren eta Espainiako herritarren arteko elkarbizitza». Erabakiak «Espainiako Konstituzioaren esparruaren barruan» hartuko dituztela ohartarazi zuen arren, erantsi zuen «eskuzabaltasunaren eta politikaren ordua» dela.

Gaur-gaurkoz, Kongresuan ez du behar besteko babesik berriro presidente izendatua izateko. Argi dago zeintzuk dituen kontra: PP, Vox, eta UPN; hau da, 171 boto. Sanchezek PSOEren 121 botoak ditu ziurtatuak, baina iruditzen zaio gai izango dela Sumarren (31), ERCren (7), JxCren (7), EH Bilduren (6), EAJren (5) eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren (1) babesa ere lortzeko: 178. Ez dago baztertuta, gainera, CCk ere alde bozkatzea, nahiz eta Feijoo babestu zuen lehengo asteko inbestidura prozeduran.

Legegintzaldi honetan, hiru aldiz gertatu da jada 178 botoren batura hori Kongresuan: batetik, Armengol ganberako presidente aukeratu zutenean, abuztuan; bestetik, Feijooren inbestidura prozedurako lehen bozketan; eta bigarrenean ere halaxe izan behar zuen, botoa ematean JxCko diputatu batek huts egin izan ez balu. Inbestidura prozedura batean, lehen bozketan gehiengo osoa behar izaten du hautagaiak; alegia, 176 boto. Bigarren bozketan, ordea, nahikoa izaten da gehiengo soila lortzea.

Edonola ere, Felipe Borboikoarekin batzartu ondoren, Sumarreko lider Yolanda Diazek adierazi zuen PSOErekin akordio bat lortzea «urrun» dutela oraindik. Inbestidura baten aurreko asteetan ohikoak izaten dira halako adierazpenak, baina ia egintzat jo daiteke ezkerreko koalizioak Sanchez babestuko duela, eta gobernua osatzea lortzen badu horretako kide izango dela. Ez dago argi Diazek esan zuenagatik izan ote den, baina Feijook atzo adierazi zuen duela hilabete baino babes gutxiago duela Sanchezek. «Gezur asko izango dira hurrengo asteetan», iragarri zuen erregearekin batzartu ondoren egindako agerraldian.

Bakoitzaren baldintzak

Babesaren truke, EAJk nahi du Sanchezek lurralde auziaren eztabaida abiatzea. Hori bai, Aitor Esteban jeltzaleek Kongresuan duten diputatuak herenegun gogorarazi zion ez direla ari betetzen Gernikako Estatutuaren eskumen aldaketarako ezarritako egutegia. EH Bilduk ez dio marra gorririk jarriko PSOEri, eta, halaber, lurralde auzia jarri du erdigunean. Kataluniako alderdi independentistek, berriz, bi baldintza jarri dizkiote Sanchezi: prozesu subiranistaren ondorioz errepresaliatutakoei amnistia ematea eta Katalunian erreferendum bat egitearen alde lan egitea.

Azken asteetako adierazpenak aintzat hartuta, PSOEk iradokitzen du lehen baldintza behintzat onartuko duela; bigarrena, aldiz, ez, Sanchezek atzo ere atea itxi baitzion autodeterminazio galdeketa bat onartzeari. Nolanahi ere,badira aldeak ERCren eta JxCren diskurtsoen artean; esaterako, Carles Puigdemont JxCren buruak ez zuen erreferenduma aipatu ere egin aurreko igandean, U-1eko galdeketaren seigarren urteurrenaren harira egindako agerraldi batean.

Azaroaren 27rako ez bada presidenterik izendatu, erregeak gorteak desegin beharko ditu, eta hauteskundeetara deitu. Gabonak pasatuta egingo lirateke, urtarrilaren 14an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.