Palestina

Lehen aldiz batzartu da Palestinako batasun gobernua

Adiskidetzeko bidean beste pauso bat eman dute Al-Fatahek eta Hamasek. Biek osatutako gobernua Gazan bildu da, eta, hain zuzen ere, lurraldearen berreraikitzea izan dute hizpide nagusi. 

Rami Hamdallah Palestinako gobernuko lehen ministroa, Erezeko mugan, Gazarako bidean. JIM HOLLANDER / EFE
2014ko urriaren 9a
09:04
Entzun

Joan den ekainean osatu zenetik, lehenbizikoz batu zen atzo Palestinako batasun gobernua, Al-Fatah eta Hamas taldeek osatua. Rami Hamdallah lehen ministro eta Al-Fataheko kidea buru zuela bildu zen hamabi ministroko kabinetea, Gazako Mahmud Abbasen etxean. Era horretan, palestinarren arteko zazpi urteko liskarrei amaiera jarri eta adiskidetzeko bidean beste pauso bat eman dute bi aldeek.

Goizean iritsi ziren Zisjordaniatik Gazara Hamdallah eta bederatzi ministro, eta baita Majid Farraj Palestinako intelijentziako burua ere. Erezeko mugan harrera egin zieten milaka palestinarrek, bi taldeetako jarraitzaileek. Farrajek ohar batean adierazi zuenez, “iraganaren orria pasatu eta berri bat zabaltzea” zen Gazara egindako bidaiaren asmoa.

Ekainean osatu bazen ere, atzora arte ez zen batu Palestinako gobernu berria. Horretarako oztopo nagusia Israelek joan den udan Gazaren aurka abiatutako Hegi babesgarria operazioa izan da, 2.000 hildako eragin zituena, lurraldea birrindu eta 100.000 biztanle etxerik gabe uzteaz gain. Hain zuzen ere, Gaza berreraikitzea izan da gobernu berriak bileran aztertu duen gai nagusietako bat. Aurrerantzean ere, lehentasunezko erronka izango da hori, Hamdallahek adierazi zuenez: “Gaza erreskatatzen eta bere biztanleak sorosten ahaleginduko da gobernua”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.