Lehen emaitzen arabera, Fujimori bigarren itzulira igaroko da Peruko bozetan

Arazoak tarteko, herritar guztiek ez dute botoa emateko modurik izan, eta gaur arte luzatu dute bozkatzeko epemuga. Botoen erdiak zenbatuta, parekotasun handia dago bigarren posturako.

Keiko Fujimori, gaur emandako prentsaurreko batean. RENATO PAJUELO / EFE
Keiko Fujimori, gaur emandako prentsaurreko batean. RENATO PAJUELO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 13a
20:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskunde orokorrak egin zituzten atzo Perun, baina beste egun batez luzatu behar izan dute botoa emateko epemuga, berrehun mahai baino gehiagotan boto paperak falta baitziren. Lehen emaitzen arabera, eskuineko Keiko Fujimori (Herri Indarra) igaroko da bigarren itzulira, botoen %17 inguru bilduta —Peruko presidente ohi Alberto Fujimoriren (1990-2000) alaba zen faborito nagusia—. Ekainaren 7an egingo da bigarren itzulia, eta orduan lehiakide nor izango duen argitu behar da orain, parekotasun handia baitago bigarren posturako. Lehen emaitzen arabera, Rafael Lopez Aliaga eskuin muturrekoa izango da, botoen %14,7 bilduta.

Hauteslekuetan bertan egindako inkestek berdinketa teknikoa aurreikusi zuten bigarren postuan, eta botoen ia %55 zenbatuta ere parekotasun handia dago. Lopez Aliagak gertu dauka Jorge Nieto (Gobernu Onaren Alderdia): Pedro Pablo Kuczynski presidentearen garaian (2016-2018) ministro izandakoak botoen %12,9 bildu ditu, lehen emaitza horien arabera.

Atzetik dauzka, botoen %10 baino gutxiagorekin, Ricardo Belmont (Obras Alderdi Zibikoa), Carlos Alvarez komikoa (Herrialdea Guztiontzat) eta ezkerreko Roberto Sanchez (Peruren Alde Elkarrekin). Pedro Castillo azken bozetako irabazlearen alderdikidea da Sanchez —Castillok 2021ean hartu zuen presidente kargua, baina urte eta erdiren ostean dimisioa eman zuen—. Lehen emaitzen arabera ezkerra lehiatik kanpo geratzekoa da, eta hori ospatu egin du Fujimorik. «Oso seinale positiboa da, ezkerra baita etsaia», adierazi du.

Ipsos etxeak argitaratuko inkesta batek, ordea, esperantzarako tartea utzi dio ezkerrari. Sanchezek botoen %10 baino gehiago lortu ditzakeela aurreikusi du, eta hurbil edukiko lituzte Lopez Aliaga eta Nieto. Ipsos etxeak ohartarazi duenez, oraindik ez dituzte zenbatu botoak Sanchezek babes zabala duen hainbat eremutan.

Gauzak horrela, laugarren aldiz igaroko litzateke Fujimori bigarren itzulira. 2011n Ollanta Humalarekin neurtu zituen indarrak, 2016an Pedro Pablo Kuczynskirekin, eta, duela lau urte, Castillorekin. Denetan egin zuen porrot, baina azken bietan «iruzurra» egon zela salatu zuen, eta aurka egin zien bi presidenteei.

Kasu hori Perun bizi duten ezegonkortasun politikoaren adibideetako bat besterik ez da. Izan ere, azken hamar urteetan zortzi presidente izan ditu herrialdeak, eta inork ez du agintaldia amaitu. Castillok kargua utzi ostean Dina Boluartek hartu zuen. Baina iazko urrian Kongresuak bere aurkako zentsura mozioa onartu zuen. Ordutik behin-behinean Jose Jeri izan da herrialdeko presidente. Perun sistema presidentzialista indarrean dagoen arren, adituen arabera Kongresuak gobernatzen du, ez presidenteak.

Luzapena, lehen aldiz

Arazoak izan zituzten hauteskunde goizean Perun. Lima hiriburuan, esaterako, Hauteskunde Prozesuen Bulego Nazionalak (ONPE) jakinarazi zuen ezin izan zituztela berrehun mahai baino gehiago jarri, bozkatzeko erabiltzen den materialaren banaketan arazoak izan zituztela argudiatuta. Hori dela eta, 63.300 pertsona inguru botoa emateko modurik gabe gelditu ziren, eta epaimahaiak lehen aldiz erabaki zuen bozketa egun batez luzatzea.

ONPEk banaketa egiteko kontratatutako enpresari egotzi zion errua. Iturri ofizialen arabera, bost ordu berandu iritsi zen zenbait hauteslekutara, eta, azkenerako, Peruko hauteskunde mahaien %99,8 instalatu zituzten.

Horrekin lotuta, Fujimorik atzo hitz egin zuen, eta inkestek bigarren itzulira igaroko dela aurreratu duten arren, haserre agertu zen egoera dela eta. «Arazoek ezin dute inolako eraginik izan herritarrek botoa emateko daukaten eskubidean», salatu zuen. Lopez Aliagak, berriz, iruzurra salatu du, eta hauteskundeen antolatzailea «atxilo hartzeko» eskatu. Hain justu, ustelkeriaren kontrako Poliziak hauteskunde prozesua kudeatzen duen agentziako kide bat hartu du atxilo gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA