Soslaia. Mathieu Ngudjolo Chui

Lendu leinuko milizianoburua

Xabin Makazaga.
2012ko abenduaren 19a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Nazioarteko Zigor Auzitegiak absolbitu egin du Mathieu Ngudjolo Chui, Kongoko Errepublika Demokratikoan lendu leinuko matxinoen buru izandakoa. Ituri probintzian gizateriaren aurkako eta gerra krimenak egitea leporatuta epaitu dute, baina Hagako auzitegiak ezin izan du frogatu Chuik agindu zuela Bogoro herrixkako sarraskia. 2003ko otsailean hema leinuko 200 zibil hil zituzten lendu leinuko milizianoek Bogoron, tartean 173 adingabe. Thomas Lubanga buru zuen gerrillak atondu zuen Bogoroko kanpalekua. Lubanga bera, Nazioarteko Zigor Auzitegiak 14 urteko espetxera zigortu zuen iaz, haur soldaduak errekrutatzeagatik; Chuiren aurkakoa izan da epaitu duen bigarren auzia, eta hori aske utzi dute.

Bogoroko sarraskia egiaztatu arren, Fatou Bensouda fiskalak ezin izan du frogatu eragilea Chui izan zela, Nazioarteko Zigor Auzitegiak ebatzi duenez. Fiskalak Chuiri egotzi zion Bogoro «mapatik ezabatua» izan zedin agindu izana. Bensouraren arabera, Chuiren milizianoek, haur soldaduek lagunduta, herrixkan sarraskia eragin eta, 200 zibil hiltzeaz gain, neskato eta emakumeak bortxatu egin zituzten.

Aurrez Kongoko Errepublika Demokratikoan epaitua izan zen Chui, eta han ere absolbitu egin zuten. 2006an armadako koronel izendatu zuten, bake prozesuari lotutako akordioei esker, baina Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak atxilotzeko agindu zuen 2007an.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA