Iranek AEB Ameriketako Estatu Batuei ohartarazi die «indarrez» erantzungo duela baldin eta Israelek Libano hegoaldeko mendi ingurune bati eraso egiten badio. Reuters berri agentziak gaur eman du horren berri, Irango hiru funtzionario aipatuz iturri gisa. Azaldutakoaren arabera, Teheranek Washingtoni adierazi dio —Omanen bidez— ez duela onartuko Israelek Ali al-Taher mendilerroa okupatzea, eta «eskala handiko» eraso baten bitartez erantzungo diola horretarako edozein saiakerari. Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek gaur emandako diskurtso batean adierazi du Iranek Israeli eraso eginez gero Tel Aviventzat baliorik gabe geldituko direla Irani erasotzeko dituen «mugak».
Israelen eta Libanoko Hezbollah milizia xiitaren arteko borrokak geldiarazteko, bi aldeen arteko su eten bat ezarri zuten apirilean; AEBak aritu ziren bitartekari. Elkarri eraso ez egitea adostuta ere, Israelgo indarrek herrialde mugakidea jotzen jarraitu dute. Hala, mugatik gertu bizi diren libanoarrak hilabeteak daramatzate Israelen erasoak eta okupazio saiakerak pairatzen.
Horren harira, Libanoko presidente Joseph Aounek gaur salatu du Israelek «etengabe» urratzen duela adostutako su etena, eta nabarmendu du Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoen presentzia beharrezkoa dela herrialdearen hegoaldean.
Israelgo armadak berriro jo du Libano gaur bertan, bi erasoalditan. Libanoko Berri Agentzia Nazionalak eman du horren berri, eta jakinarazi bi granada bota dituztela gaur goizean Libano hegoaldeko Tiro eskualdean. Bestalde, agentziak jakinarazi du Israelgo indarrak Libanoko hego-ekialdeko Hasbaiya barrutiko Halta herrira sartu direla, Golango gainetatik gertu —Israelek ditu okupatuak—, eta hainbat etxebizitza inguratu dituztela.
Ormuz ezin da ireki Teheranen baimenik gabE
Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionaleko Batzordeko presidente Ebrahim Azizek esan du Ormuzko itsasartea ez dela irekiko Iranek baimenik eman ezean.
Azizik azaldu du Iranen etsaiek aurretik presentzia izan dutela eskualdean, baina 800 kilometro atzera egin dutela, eta gaineratu du «ekintza gaiztoetara» jotzen dutela, ezin baitute itsasartea «desblokeatu».
Gainera, Teheranek azkenaldian egindako erasoak «baliagarriak» izan direla adierazi du Azizik. Esan duenez, orain «etsai» horiek badakite «zer gunetara ez gerturatu», edo Iranek «indartsu» erantzungo duela horietara sartuz gero.
Eraso horiek justifikatzeko, Israelek Hezbollahren eta Iranen presentziari heldu izan dio. Izan ere, Reutersek Israelgo indarretako iturriak aipatuz adierazi duenez, litekeena da Libanoko milizia xiitak lurpeko aginte zentro bat eta arma biltegiak izatea herrialdearen hegoaldean. Hezbollahk, gainera, nabarmendu izan du kontrolpean duela Ali al-Taher mendilerroa, eta aurre egingo diola Israelek han egiten duen edozein operaziori. Are, miliziak adierazi du «inbasio saiakera bat» izanez gero erabateko gerrara itzuliko liratekeela, eta ohartarazi beren misilak Israel iparraldera jaurti ditzaketela.
Irani dagokionez, hedabideek iturri ofizialak aipatuz azaldu dutenez, haien militarrak Hezbollahko miliziekin batera daude, mendilerroaren inguruan. Ez Teheranek ez Libanoko miliziak ez dute informazio hori baieztatu.
Gazan ez dago «benetako irtenbiderik»
Libanori eraso egin bitartean, Israelek ez ditu ahaztu ez Gaza, ez Zisjordania. Israelgo armadak bi pertsona hil ditu gaur, eta hainbat zauritu, Beit Lahian, zerrendaren iparraldean; eta beste bi lagun hil zituen atzo Zisjordanian. 16 urteko gazte palestinar batek ta 19 urteko beste batek kolonoen eta Israelgo militarren aurka egin zuten atzo, haiek Zisjordaniako Al-Mughair herrira sartzen ari zirela. Israelgo armadak gaur komunikatu batean adierazi duenez, bi gazteek harriak jaurti zizkieten israeldarrei, eta Tel Aviven indarrek tiro eginez erantzun, «arriskua geldiarazteko».
Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek, gainera, atzo konferentzia batean onartu zuen Israel oraindik lanean ari dela palestinarrak Gazako zerrendatik botatzeko, eta adierazi zuen ez dagoela Gazarako «benetako irtenbiderik», ez migraziorik gabe behintzat. Hortaz, Katzek nabarmendu zuen Gaza husteko planak bere horretan dirauela, eta AEBetako presidente Donald Trumpek hura «izoztu» besterik ez duela egin.