Likudekoak urduri eta amorratuta daude. Eskuineko alderdi hori ia beti egon da agintean Israelen azkeneko hiru hamarkadetan, baina parlamenturako hauteskundeak egin zituztenetik astebete pasa igaro den honetan, geroz eta argiago ikusten ari da aurrerantzean, agian, ez dela posizio horretan egongo. Azken egunetan Knessetean ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin bildu da Isaac Herzog herrialdeko presidentea, eta frogatu du Gadi Eisenkot oposizioburu kontserbadoreari eman beharko liokeela gobernua osatzen ahalegintzeko ardura, hark baitu sostengu handiena.
Parlamentuan gehiengo osoa edukitzeko 61 boto behar dira, eta Yashar alderdiaren liderrak 67 parlamentariren babesa dauka, alderdi arabiarretako hemeretzi parlamentariek ere baieztatu baitute hura babesten dutela. Likudek esanagatik babes hori ez litzatekeela zilegia —Benjamin Netanyahu beren liderra 48k babestu dute—, kontuak argi daude. Herzogek atzo azken orduan adierazi zuen, ordea, oraindik ere alderdi batzuetako liderrekin bakarka hitz egin nahi duela, gobernua osatzeko enkargua bati eman aurretik. Igandean da iragartzekoa bere erabakia.
Herzogek eskuak garbitu nahi izan ditu neurri batean, eta «boterea banatzea» proposatu du. Hau da, Netanyahu jarduneko lehen ministroak eta Eisenkot gobernuburuak kargua txandakatzea. Gutxi-asko, hori aritu da proposatzen Netanyahu azken egunetan; bere hitzetan, «gobernu nazional zabal bat» osatzea. Oposizioak ezetz erantzun dio. «Hona etorri gara estatua zuzentzen duena ordezkatzera», azpimarratu du Yasharren buruzagi Yoram Cohenek, horri buruz galdetu diotenean.
Orduan, demokraziaren arauak ulertu nahi ez, eta Likudekoek terrorismoaren karta jarri dute mahai gainean. Esan dute Zerrenda Batua eta Zerrenda Arabiar Batua koalizio arabiarrak «terrorismoaren aldekoak» direla, nahiz eta haiek ez duten inoiz halakorik esan.Â
377Azken hiru asteetan kolonoek Zisjordanian egindako erasoak. Oliba biltzeko sasoia duela hiru aste hasi zen Zisjordanian, eta Stephane Dujarric NBE Nazio Batuen Erakundearen bozeramaileak esan du gaur agerraldi batean tarte horretan kolonoen 377 eraso nozitu behar izan dituztela palestinarrek.
Horren harira, Eisenkotek esana dauka Hamas talde terrorista bat dela aitortzea litzatekeela bera buru lukeen gobernu bateko kide izateko baldintzetako bat. Baina arabiarrek ez dute ministeriorik nahi; hau da, jarduera parlamentarioan kanpotik babestuko lukete gobernua. «Gomendatzen dugunean Eisenkotek osatzea gobernua, ez dugu maitasunagatik egin», zehaztu zuen Zerrenda Batua ezkerrekoaren parlamentari Ahmad Tibik atzo, Herzogekin bildu ondoren.
Zerrenda Arabiar Batua kontserbadoreko lider Mansur Abbasek uste du, bestalde, «zubi lana» egin dezaketela Israelgo agintarien eta Hamasen artean. «Ez dezagun zubi hori suntsitu».
Aholkulari juridikoa, jomugan
Hauteskundeak galdu zituenetik nola jokatzen ari diren ikusita, ematen du Likudekoak bere onetik aterata dabiltzala. Netanyahuk irregulartasunak salatu zituen emaitzak eskuan izan zituenean, baina hauteskunde batzordeak emaitzak berretsi ditu, esan dio ez dela halakorik egon, eta ohartarazi dio, bide batez, demokraziarentzako arriskutsua dela frogarik eduki gabe gisa horretako adierazpenak egitea.Â
Nolanahi ere, Shin Bet Israelgo barne zerbitzu sekretuak ari dira ikertzen ea finantzaketa irregularrik egon ote den bozetan; hau da, ea atzerriko herrialde batzuek alderdi arabiarrak diru lagundu dituzten emaitza onak lor ditzaten —Israelgo zenbait hedabideren arabera, Qatar da jomugan dagoen herrialdeetako bat—.Â
Are, Shin Betek eskatu zion Fiskaltzari alderdi arabiarretako lau buruzagi ikertzeko baimena, baina hark eskaera baztertu du. Gauza bera egin du gobernuaren aholkulari juridiko Gali Baharav-Miarak, zerbitzu sekretuek eskaera hori bera egin ziotenean. Horrenbestez, «politizatuta« egotea egotzi dio Likudek.Â