Frantziako lehen ministro izandako Lionel Jospin sozialista zendu da, 88 urterekin. 1997tik 2002ra izan zen gobernuburua, kohabitazio garaian —ideologia bat baino gehiagotako politikari edo alderdiak agintean elkarrekin egoteari deritzo—, Jacques Chirac kontserbadorea presidente zen garaian. Esaterako, Jospinek ezarri zuen 35 orduko lan astea Frantzian. Senideek esan dutenaren arabera, urte hasieran ebakuntza larri bat egin behar izan zioten politikari ohiari, eta gaur jakinarazi dute heriotzaren berri, xehetasun gehiago eman gabe.
Ibilbide luzea izan du Jospinek, eta, lehen ministro izateaz gain, beste zenbait kargu ere izan ditu. Besteak beste, PS Alderdi Sozialistako idazkari nagusia izan zen (1981-1988), eta Frantziako eta Europako Parlamentuko diputatu eta Hezkuntza ministro karguetan aritu zen François Mitterranden gobernuan (PS).
Frantziako presidente izateko PSren hautagaia ere izan zen, bi aldiz, 1995eko eta 2002ko hauteskundeetan, baina bietan porrot egin zuen. 1995ean boto gehien jaso zuen hautagaia izan zen lehen itzulian, baina bigarrenean Jacques Chiracek (Errepublikaren Aldeko Batasuna) irabazi zion. Bigarren aldian, berriz, lehen itzulian galdu zuen; RN Batasun Nazionaleko Jean-Marie Le Penek irabazi zion. «Nire gain hartzen dut porrot honen erantzukizuna. Ondorioak atera ditut, eta bizitza politikotik aldenduko naiz presidentea hautatu ondotik», esan zuen Le Penen aurka galdu ostean. Hala amaitu zuen ibilbide politikoa.
PSko egungo buru Olivier Faurek France Info telebista katearentzat hitz egin du, eta esan du Jospin «maisua» izan zela, «printzipioak zituen gizon bat, eta pertsona zuzena». Eta gaineratu du: «Hezi eta prestatu egin gintuen. Denok gara Lionel Jospinekin sortu zen belaunaldi horren parte. Borroka bakoitzean hartu zuen parte. Erreferente bat izan da, jarraitu beharreko eredu bat».