Txinako Gobernuaren aurkako ekintzaile Liu Xiaobok jasoko du 2010eko Bakearen Nobel Saria. Epaimahaiak adierazi du indarkeria erabili gabe giza eskubideen alde egiteagatik saritu dutela. "Azken bi hamarkadetan, Liu Xiaobo bozermaile handia izan da Txinan oinarrizko giza eskubideak ezartzearen alde egiteko".
Txinako Gobernuak "lohikeriatzat" jo du erabakia, eta Norvegiarekiko harremanentzat kalterako izango dela esan du. Areago, herrialde hark Txinan duen enbaxadorea bilera batera deitu du.
Txinan preso dago Liu Xiaobo, hango erregimenaren aurka egiteagatik. Abenduan zigortu zuten 11 urteko espetxealdira, "Estatuaren boterea nahastea bultzatzea" egotzita. 2008tik daukate preso. Txinako erregimenaren aurkako ekintzaile ezaguna da. Besteren artean, 08 Gutunaren sustatzaileetako bat da. Agiri hori abenduan argitaratu zuten, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 60. urteurrena ospatzeko bezperetan. Hartan, demokratizaziorako urratsak egiteko eskatu zieten Txinako agintariei. Gainera, Liu Xiaobo ezagun egin zen Interneten hainbat artikulu kaleratu zituelako Txinako Alderdi Komunistarekiko kritiko. Hori leporatuta zigortu zuten.
Disitente bati azken urteetan jarritako zigor gogorrena jasan zuen Liu Xiaobok: 11 urteko espetxealdia. AEBek eta Europako Batasunak kontuak eskatu zizkioten Txinari, eta Liu aske uzteko eskatu.
mundua
Liu Xiaobok irabazi du Bakearen Nobel Saria
Txinako Gobernuaren aurkako ekintzailea da Liu Xiaobo. 2008tik dago preso. Epaimahaiak dio indarkeria erabili gabe egin duela Txinan giza eskubideak ezartzearen alde. Gobernuak "lohikeriatzat" jo du erabakia, eta Norvegiako enbaxadorea bilera batera deitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu