Londresko ganberak Eskoziari eman nahi dio galdeketarako eskumena

Erresuma Batuko Parlamentuko Eskoziarako Batzordeak boterea transferitzeko eskatu dio David CameroniErreferenduma «legalki eta moralki garbia» izatea da helburua, batzordearen arabera

Jon Fernandez.
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Legebiltzarrak eskari argi bat egin dio David Cameronen gobernuari: Eskoziako Parlamentuaren esku laga dezala independentziari buruzko galdeketa egiteko eskumena, legezkotasunaren eta zuzentasunaren mesederako. Londresko Komunen Ganberako Eskoziako Auzietarako Batzordeak, gainera, azaldu du zein den eskumena eskualdatzeko jarraitu beharreko prozesua: gobernuak nahikoa du Scotland Act-eko 30. Atala(S30) aplikatzea. Izan ere,batzordeko presidente Ian Davidsonek esan duen bezala, «aztertutako frogek argi laga dute Eskoziako Parlamentuak gaur egun ez duela botererik konstituzio aldaketaren gaineko erreferenduma egiteko». Baina hori ez da arazo ordezkari unionistek gehiengoa duten batzordearentzat —11 kidetik hamar—. «Uste dugu egokiena gobernuak Eskoziako Parlamentuari 30. Atalean oinarritutako proposamen zehatza egitea delaboterea emateko, hark banaketari buruzko galdeketa antola dezan».

Londresek pauso hori ematen ez badu Eskoziak «etengabeko borroka legal eta politikoan eta geroari begirako ziurgabetasun mugagabean» erortzeko arriskua du, The Referendum on Separation for Scotland: Making the process legal (Eskoziaren banaketa erreferenduma: Prozesua legezko egiten) izeneko txostenaren arabera. Scotland Act 1998an Eskoziari autogobernua bueltatu zion oinarrizko legea da, eta haren 30. Ataleko klausulak ahalbidetzen du une jakin batean berez Westminsterrenak diren eskumenak Edinburgoko legebiltzarraren esku lagatzea.

Edinburgoko gobernuak, zeina SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak gidatzen duen, esan izan du Holyroodek —Eskoziako Parlamentuak—baduela eskumena galdeketa antolatzeko. Hala ere, Alex Salmonden gobernua prest dago 30. Atalaren bitartez Londresekin akordioa iristeko. «Beti esan dugu ez dugula horretarako arazorik, betiere akordioan Westminsterren baldintzarik ezartzen ez bada», azaldu du Bruce Crawford-ek, Eskoziako Gobernuaren Parlamenturako Kabineteko bozeramaileak. «Benetako kontua da Eskozian erabaki behar direla erreferendumaren baldintzak eta eguna, eta horrek devo-max [botere autonomiko gorena] aukeraren inguruko galdera ere txertatzeko aukera kontuan hartzen du».

Erreferendumean egin beharreko galdera kopurua da, hain zuzen, Edinburgoren eta Londresen arteko desadostasun puntu nagusienetako bat. Salmondek joan den urtarrilean aurkeztu zuen independentziari buruzko erreferendumerako proposamen agiria, eta haren arabera, honako galdera egingo die gobernuak herritarrei: «Eskozia herrialde independentea izatearekin ados al zaude?». Beste galderarik formulatu ez arren, baina, agiriak atea zabalik lagatzen dio devo-max-en inguruko galdera egiteari ere, Eskoziako herritarrek autonomia handiagoa izateari «behar adinako babesa» ematen badiote. Londres horren kontra dago, aukera horrek gehiengoaren babesa lortuko duen beldur baita.

Beste gai gatazkatsu bat galdeketaren eguna da. Cameronek «lehenbailehen» egin nahi du, 2013an, hartara independentziaren aukerak galduko lukeelakoan. Salmondek, berriz, 2014ko udazkenerako egin du deialdia jada.

Galdeketa, eztabaidaezina

Badaude bi aldeek bat egiten duten puntuak ere. Independentziari buruzko galdeketa «legezkoa, zuzena eta erabakigarria» izatea nahi dute bai Edinburgok, bai Londresek. Hain zuzen, horregatik proposatu dio gobernuari Komunen Ganberako batzordeak eskumena Eskoziari emateko, «erreferenduma legalki eta moralki garbia izan dadin».

30. Atalean oinarritutako proposamena Cameronen gobernuak aurkeztu behar luke, geroEskoziako Auzietarako Batzordeak aztertzeko eta, azkenik, ganberako diputatuen babesa jasotzeko. Batzordearentzat, horixe da «aukera onena»: bi gobernuek galdeketaren inguruko ituna lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.