Lopez Obradorrek ez du aski babes lortu Mexikoko kudeaketa ikertzeko

Bozkatzera deitutakoen %7k hartu dute parte estatuburuak bultzatutako galdeketan

Herritarrak igandeko galdeketan parte hartzen, Ciudad Juarezen, Mexikon. LUIS TORRES / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Mexikon, 1988. urtetik agintean egon ziren goi arduradunen kudeaketa ikertzeko aukerari buruz egin zuten galdeketan herritarren %7k hartu zuten parte %40k hartu behar zuten parte emaitza loteslea izan zedin—. Emaitza arrakastatsua izan zen, hala ere, hura bultzatu zutenen ustez. Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak emaitza defendatu zuen atzo goizean emandako prentsaurrekoan: «6,6 milioi lagunek boza eman izana garaipen handia da gure herrialdean. Parte hartze handia izan zen». Berak bultzatu zuen arren, estatuburua bera ez zen joan bozkatzera, argudiatuta bere helburua ez zela «mendekua bultzatzea».

Igandean, herrialde osoan jarritako ehunka hauteslekuk ateak ireki zituzten nazio mailako lehen galdeketa egiteko. Jasotako erantzuna, baina, eskasa izan zen. Hala ere, boza eman zutenen artean, buruzagi ohien jarduerak ikertzeko prozesua babestu zuten %97,7 inguruk; aldiz, aurka bozkatu zuten %1,5ek; eta bozen %2 baliogabeak izan ziren.

Herritarren parte hartzea apala izan zen arren, agintean den Morena alderdiko kideek lortutako emaitzak txalotu zituzten. Honelaxe idatzi zuen Mario Delgado buruzagi nazionalak Twitterreko kontu ofizialean: «Baiezkoak irabazi du, eta biktimak protagonista izango diren inpunitatearen aurkako etapa berri bat hasi da gure herrialdean. Jendearen justizia goseak ezezkoari irabazi dio. Haien ahotsa ez dadila inoiz ahaztu».

Estatuburuak bultzatutako kontsultak behar adina babesik lortu ez zuen arren, Morena alderdiko buruak egiaren batzorde bat sortuko dutela iragarri zuen: «Ez dut uste parte hartzean oinarritu behar dugunik gaurko galdeketa kalifikatzeko. Lorpen handia da». Halaber, Lopez Obradorrek adierazi zuen parte hartze txikiak ez duela zertan eragotzi ikerketekin aurrera egitea, eta berretsi zuen agintariek eskumena dutela justiziaren alorrean jarduteko, horretarako «frogak daudenean» betiere.

Morena alderdiko kideek INE Hauteskundeetarako Institutu Nazionala jo zuten parte hartze baxuaren erantzule, eta galdeketa «boikotatu» izana leporatu zioten. Ekainean 163.000 hautesleku jarriko zituela iragarri zuen institutuak, baina 57.000 baizik ez zituen jarri. INEk, berriz, salatu zuen «eskasa» izan zela kongresuak emandako aurrekontua.

«Porrota»

Nazio mailako lehen galdeketaren emaitzak modu oso desberdinean interpretatu zituzten oposizioko alderdiek. Haien esanetan, «porrota» izan zen igandeko jardunaldia. Are gehiago, PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko buruak salatu zuen galdeketa «gezur hutsa» izan zela: «Legea aplikatu egin behar da. Dagoeneko presidente ohiak epaitzeko tresnarik badute, erabili ditzatela, eta ez badute, jendea engainatzen aritu diren demagogo hutsak dira».

PRDko buruaren kritikekin bat egin zuen Marko Cortes PAN Ekintza Nazionalerako Alderdiko idazkari nagusiak, eta esan zuen gobernuaren «kapritxo bat» izan zela galdeketa. Gainera, galdeketa egiteko 500 milioi dolar(420.804.576 euro) xahutu izana leporatu zion Mexikoko Gobernuari.

Nazio mailako lehen galdeketaren helburua garbia zen: aurreko bost presidente ohiren jarduerak ikertzeko herriaren babesa lortzea. 2018an bozak irabazi zituenetik, Lopez Obradorrek sarritan adierazi izan du presidente ohi horiek auzitara eramateko asmoa. 1988tik 2018ra bitartean Mexikoko agintean egon ziren bost presidenteei egotzi zien ondasun publikoak pribatizatzea, iruzurra egitea, herritarren aurkako segurtasun estrategiak martxan jartzea eta ustelkeria kasuetan parte hartzea. Ekintza horien arduradunak izango lirateke Carlos Salinas de Gortari (1988-1994), Ernesto Zedillo (1994-2000), Vicente Fox (2000-2006), Felipe Calderon (2006-2012) eta Enrique Peña Nieto (2012-2018).

Mexikoko presidentearen helburua zehatza zen arren, herritarrek zalantza ugari izan dituzte azken asteotan. Galdeketan egin zuten galdera «orokorregia» zela salatu zuten askok. Hau zen erantzun beharreko galdera: «Ados al zaude ekintza egokiak gauzatzearekin, esparru konstituzionalari eta lege esparruari atxikiz, aurreko urteetan eragile politikoek hartutako erabaki politikoak argitzeko ekintzei ekiteko, justizia eta biktima posibleen eskubideak bermatze aldera?». Gobernuak ez zuen azaldu, ordea, behin legea onartutakoan zein izango ziren eman beharreko hurrengo pausoak, eta horrek areagotu egin zuen herritarren mesfidantza.

Kontsultak zalantza ugari utzi zituen airean, eta herritarrak bitan banatu zituen: galdeketak herrialdeko goi kargudunen inpunitatea amaitu zezakeela uste zutenak batetik, eta legea aplikatzeko boza ematea zentzugabea zela uste zutenak bestetik.

Erakundeen artean ere nabarmena zen bi iritzien arteko aldea. Zapatistek, esaterako, galdeketaren alde egin zuten, «masakreetako biktimen justiziaren alde». HRW Human Rights Watch erakundeak, berriz, esan zuen galdeketa «zirku politikoa» zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.