Departamendu eta eskualde bozak. Frantzia

LR eta PS garaile Frantziako eskualdeetan; RNk ez du aginterik lortu

ander perez zala
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Abstentzioa erabateko protagonista izan da hauteskundeetan, eta LR Errepublikanoak eta PS Alderdi Sozialistak izan dira garaile Frantziako Estatuko eskualdeetako bozetan, norbere aginteei eustea lortu baitute. Mapa elektoralean ez da aldaketarik izan, eta horrek agerian utzi du, beste behin ere, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen LREM Errepublika Martxan alderdiak zailtasunak dituela presidentetzarakoak ez diren bozetan irabazteko, tokiko sustrairik ez duelako. RN Batasun Nazionala ultraeskuindarraren kasuan, bere oinarri elektorala mobilizatu ez izanak erabat zapuztu ditu bozetarako jarriak zituen itxaropenak, eta ez du lortu hego-ekialdeko Proventza-Alpeak-Kosta Urdinan eskuina garaitzea.

Boto kopuruari erreparatuz gero, LR eta bere aliatuak izan dira babes handiena bildu dutenak, eta alderdi eskuindarrak poza berreskuratu du, batez ere datorren urteko presidentetzarako bozei begira.

Sektore horren presidentegaia izateko lehia ez-ofizialean dauden hiru agintariek emaitza onak izan dituzte bigarren itzulian: Xavier Bertrandek, %52,37 Frantzia Garaian; Valerie Pecressek, %45,92 Ile-de-Francen; eta Laurent Wauquiezek, %55,18 Auvernia-Rodano-Alpeetan.

Ezkerraren batasuna, eskas

PSk eta bere aliatuek lorturiko babesak ere sektore horren erresistentziarako gaitasuna erakutsi du, eta 2019ko Europako Parlamenturako hauteskundeek abiaturiko oreka eten dute. Bost eskualdeei eutsi dieten arren, ekologistak buru zituzten ezkerreko bi zerrenda bateratuek ez dute lortu Ile-de-Franceko eta Loirerriko aginteak konkistatzea, eta horrek zalantzak sortu ditu 2022ko estrategiari begira.

Hitzordu horretarako, PSk ezkerrekoen lidergoa aldarrikatu du eskualdeetako bozen biharamunean, eta adierazpen horrek agerian utzi du datozen hilabeteak gatazkatsuak izango direla batasun posible batez aritzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.