Lubangari hamalau urteko zigorra jarri dio Hagak, haurrak errekrutatzeagatik

Kongoko Errepublika Demokratikoko auzia Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaitu duen lehen kasua izan da

2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Hamalau urteko espetxe zigorra ezarri dio Hagako ICC Nazioarteko Zigor Auzitegiak Thomas Lubangari, gerrarako haurrak errekrutatzeagatik. Epaileek frogatutzat jo dute Kongoko Errepublika Demokratikoko Ituri eskualdeko gatazkan hamabost urtetik beherako ehunka haur soldadu moduan erabili zituela UPC Kongoko Abertzaleen Batasuna eta FPLC Kongo Askatzeko Indar Abertzaleak mugimenduen buruzagiak. Auzitegiko epaileek sententzian bildu dutenez, mehatxuen eta iruzurraren bidez errekrutatu zituten adingabekoak, eta gerora entrenatu eta borrokarako edo ezkutu gisa erabili.

Lubangak atxilotuta igaro dituen sei urteak kontuan hartzeko eskatzen du sententziak. Hori horrela, zortzi urte eman beharko ditu UPCko eta FPLCko buruak espetxean. Martxoan errudun jo zuen ICCk Lubanga, baina atzora arte ez zuten zigorraren berri eman. Adingabekoak gerrarako errekrutatzea gerra krimena dela ebatzi dute auzitegiko epaileek. ICCk itxi duen lehen kasua izan da Lubangarena.

Kongoko bigarren gerraren (1998-2003) paraleloan gertatu ziren Iturin eskualdean gatazkak, eta Hema eta Lendu etnien arteko borroka horretan 60.000 lagun inguru hil zituzten. Hema etniako miliziako buru Lubangak etxez etxe gerrarako zerbait eskatzen zuela kontatu du bere aurkako auzian: dirua, behi bat, edo bere armadan borrokatuko zuen haur bat. ICCko epaileek adierazi dutenez, Kongoko matxinoen buruak «eragindako mina eta biktimei eta horien familiei eragindako kaltea» hartu dute kontuan zigorra ezartzeko orduan. Elizabeth Odio Benito epaileak baina iritzi partikularra gaineratu du sententzian, gainerako epaileek «krimen horien biktimek jasan zituzten zigorrak eta sexu erasoak» kontuan hartu ez dituztelako. Odio Benitok hamabost urteko espetxe zigorra ezarri nahi zion Lubangari.

Luis Moreno Ocampo iragan astera arte ICCko fiskal buru zenak 30 urteko espetxe zigorra eskatu zuen akusatuarentzat, «Ituri eskualdearen izenean errekrutatu zuen haur bakoitzaren izenean». Eska zezakeen zigor nagusia da, hain justu. Biktimen abokatu Franck Mulendak, baina, epaiarekin gustura dagoela dio. Dena den, kalte-ordainen auzia oraindik argitzeko dagoela gogorarazi du. Lubangaren zigorrari esker «mendeku publiko baten moduko zerbait» egin ahal izan dutela esan du Mulendak: «Justiziazko mendekua izan da, biktimek ezingo baitzuketen euren kabuz mendekatu». Bestetik, giza eskubideen aldeko Global Witness erakundeko Mike Davisek adierazi du Lubanga zigortu izana «aurrerapauso handia» dela, baina gaineratu du bere ustetan zigor txikia jaso duela egin dituen krimenengatik. Bi aldeek 30 eguneko epea dute helegiteak jartzeko.

Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak eraman zuen Lubangaren auzia Hagara, eta 2006ko martxoan atxilotu zuten matxinoa.ICCren aginduz atxilotu zuten lehendabizikoa izan zen.

Mundu guztiko arazoa

Unicef NBE Nazio Batuen Erakundearen Haurren Laguntzarako Funtsak adierazi duenez, munduan 300.000 adingabe erabiltzen dituzte oraindik soldadu gisa Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako armada eta miliziek. Kongoko bigarren gerran (1998-2003), esaterako, 30.000 haurrek baino gehiagok egin zuten borroka, baita bederatzi urtekoek ere. Bost milioi lagunetik gora hil ziren gatazka hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.