Presidentetzarako bozak Brasilen

Lulak %89 gutxituko du Amazoniako deforestazioa, ikerketa baten arabera

Lulak agindu du ia desaktibatutako ingurumen araudia berrezarriko duela, eta legez kanpoko deforestazioa eten. Euskal Herria halako lau den eremu bat salba dezake, aurreikusi dutenez

inaki petxarroman
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Itxaropen handia du munduak Luiz Inacio da Silva Lula-ren garaipenak Amazoniaren deforestazioa geratzeko eduki dezakeen eraginean. Carbon Brief Erresuma Batuko klima ikerketetarako zerbitzuak eskatuta, Lula presidentetzara iristeak Amazonian nolako ondorioak izan ditzakeen ikertu dute hainbat zientzialarik. Haien arabera, hurrengo hamarkadan %89 txikiagoa izango da deforestazioa Jair Bolsonarok berriz irabazi balu baino. Horrek esan nahi du 2030erako Lulak galarazi dezakeela Amazoniako 75.960 kilometro koadro oihan desagertzea, hau da, Euskal Herriaren azalera ia halako lau.

Ikerketaren egileak —Oxford Unibertsitatea, Sistema Aplikatuetako Analisien Nazioarteko Institutua, Erresuma Batuko Espazioko Ikerketen Institutu Nazionala— ondorio horretara iritsi dira, hainbat printzipio aintzat hartuta: batetik, agindu bezala, Lulak aurre egingo diola legez kanpoko deforestazioari; bestetik, ingurumen legedia estutu egingo duela, batez ere Brasilgo Baso Kodea, oihana babesteko tresna nagusitzat jotzen dena. Ikertzaileek konfiantza dute Lulak beteko dituela agindutakoak, aurreko agintaldietan bete egin zuelako hitzemandakoa: legez kanpoko deforestazioari aurre egitea.

Bolsonaro agintera iritsi zenetik nabarmen handitu da Brasilgo Amazoniaren suntsiketa. Hainbat faktorek erraztu dute hori, baina, bereziki, ingurumen babeserako tresnak eta legez kanpoko deforestazioari jazartzeko zeuden baliabideak ia ezerezean utzi izanak jokatu dute munduko oihan nagusiaren aurka. Horiek horrela, 34.018 kilometro koadro oihan desagertu dira Bolsonaro gobernuan egon den aldian.

Kontrakoa egin zuen Lulak agintean egon zen urteetan. Inoizko oihan galtzerik handiena gertatzen ari zen hura gobernura iritsi zenean, 2003an, eta hiru laurden txikiagoa zen 2010ean, aginte makila utzi zuenean. Dilma Rouseff haren alderdikidearen agintaldian ere apal jarraitu zuen deforestazioak, eta handitzen hasi zen Bolsonarok irabazi eta gero.

Brasilgo Amazoniaren oihan galtzearen kausa nagusia abeltzaintza intentsiboa da. Munduko haragi esportatzailerik handiena da Brasil, eta Txinako eta AEBetako merkatuen hornitzaile nagusia da. Horrez gain, abelburuak elikatzeko sojaren laborantza da baso suntsiketaren eragile nagusietan bigarrena. Bolsonarok nekazaritza industria handiaren babesa izan du kanpaina osoan. Haren kanpainako diruaren %80 jarri du industria horrek.

Baso kodea berrezarri

Kanpaina osoan, Lulak behin baino gehiagotan aipatu du Amazonia babestu egin behar dela, eta garaipentzat jo du agindu duenean Langileen Alderdiak deforestazioa %80 gutxitu izana: «Hori da herrialde batek 2004 eta 2012 bitartean klima aldaketa gutxitzeko egindako ekarpenik handiena». Bide horri eusteko eta basoak berreskuratzeko prest azaldu da Lula.

Carbon Briefek argitaratutako ikerketan bi hipotesi ezberdin landu dituzte. Batetik, Baso Kodea beteko ez litzatekeen egoera bat, hau da, Bolsonarok orain arte indarrean jarri duena. Baso Kodea 1965ean ezarri zuten Brasilen, eta Amazoniaren deforestazioari galga jartzeko dagoen legedi nagusia da. Kode horren arabera, euren lur jabetza mantendu nahi dutenek derrigorrez eduki behar dute oihan zati bat, eta legez kanpo suntsitutako basoa berreskuratu egin behar dute.

Aline Soterroni ikerketaren egile nagusiak iragarri du Baso Kodeari ezikusiarena egiten jarraituko lukeen politika batek indarrean jarraituz gero urtean 10.000 kilometro koadro oihan desagertuko liratekeela batez beste hamarkada honetan. Areago, zenbait adituk uste dute Bolsonarok boterean jarraitu izan bazuen bizkortu egingo zela deforestazio tasa, haren agintaldian gertatu den moduan.

Aldiz, ikertzaileek landu duten bigarren hipotesia gauzatuko balitz —Baso Kodea zorrotz aplikatzea—, urtetik urtera gutxituko litzateke oihan galera. 2021ean 13.038 kilometro koadro oihan galdu ziren, eta 2030erako 1.480 kilometro koadro galduko lirateke. Adituek uste dute Lulak bete egingo duela Baso Kodea berrezartzeko promesa. Horren harira, baikortasunerako datua da berriki bildu dela Marina Silva Ingurumen ministro ohiarekin. Adituen arabera, Silvaren garaian, modu eraginkorrean kudeatu zuten Amazoniaren babesa. Lulak eta Silvak izan zituzten desadostasunak direla medio, elkarri bizkar eman zioten bi politikariek, baina berriki elkartu egin dira, Brasilen politika iraunkorragoak ezartzeko bidea eztabaidatzeko.

Carbon Briefen ustez, oraintxe bertan Amazonian dagoen oihan galtze tasa handien apaltzea nabaritzen hasiko da, batez ere, Lularen agintaldiaren bigarren urtetik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.