Lur labainkorrean harrapatuta

PPk eskuin muturraren ohiko moldeak bereganatu ditu Voxi botoak kentzeko. Inkesten arabera, ordea, Feijoo ez da helburua lortzen ari, eta alderdia are eskuinerago ikusi nahi ez dutenen botoak galtzeko arriskua du. Halere, boto gehien lortzeko faborito da.

Alberto Nuñez Feijoo, Madrilen, uztailean. J.J. GUILLEN / EFE
Alberto Nuñez Feijoo, Madrilen, uztailean. J.J. GUILLEN / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Alderdi Popularrak (PP) irabazi zituen 2023ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, baina Alberto Nuñez Feijoo ez zen bilakatu gobernuko presidente. Hiru urte baino gehiago igaro dira orduz geroztik, eta kontserbadoreen buruak ez du bigarren aukera galdu nahi. Horretarako, torlojuari bizpahiru buelta eman dizkio eskuinerantz, eta ultraeskuinaren ohiko diskurtsoa erabiltzen ari da, Voxi tokia irabazi nahian. Hala ere, hautesle kopurua handitzeko zailtasunak dauzkala azpimarratu dute Astrid Barrio Valentziako Unibertsitateko Zientzia Politikoetako Fakultateko irakasleak eta Cristina Monge politologoak.

Inkesta gehienen arabera, PP izango da boto gehien jasoko dien alderdia hilaren 29an. Baina Mongek, esaterako, uste du une korapilatsu batean dagoela, «Europako hainbat alderdi kontserbadoreren antzera», ikusten ari direlako beren eremu politikoan ultraeskuina ere sartu dela gaur egun; eta kasu askotan, gainera, ez indar politiko txikiekin. Espainian, esaterako, inkesta gehienek diote Voxek botoen %18-20 lortuko dituela —%30-32 lortuko lituzke PPk—.

2023ko hauteskundeekin alderatuta, aldaketa nagusi bat nabarmendu du Mongek PPren jokamoldean. Adierazi du, orduan ez bezala, PPk argi eta garbi aitortu duela Voxekin akordioak egingo dituela gobernatu ahal izateko, erkidego batzuetan jada egin duten bezala. «2023an Voxengandik desberdintzen ahalegintzen ziren, diskurtso desberdinak zituztela ikusarazteko. Orain, baina, ziurtzat jotzen da ezetz».

Mongek dio azken urteetan kontserbadoreek beren gain hartu dituztela eskuin muturretik datozen jarrera eta esamolde batzuk. «Hauteskunde programa hartzen badugu, argi eta garbi ikusi dezakegu hori. Esaterako, klima larrialdiaren arloan eta politika fiskalarenean». PPren lider batzuengan ere mugimendu hori antzeman daitekeela gaineratu du; Isabel Diaz Ayusorengan, batez ere. «Voxengandik gero eta gertuago daude haien moldeak, adierazpenak eta kanpaina mota».

Barrio ere bat dator ideia horrekin, eta uste du hori etxekalte izan daitekeela PPrentzat. Izan ere, Barriok dio popularrek Voxen markoa barneratzen duten heinean orduan eta zailagoa egingo zaiela Voxengandik aldentzea. «Horrek mugatu egiten dio hautesle kopurua areagotzeko aukera, eta, gainera, ahuldu egin dezake zentroko hautesleen artean».

«PPk ez du lortu gazteekin konektatzea, eta Voxek lekua irabazi dio arrazoibide identitario eta apurtzaile batekin»

ASTRID BARRIO Valentziako Unibertsitateko irakaslea

Egoera horretan, agerikoa da popularrek gazteengana iristeko zailtasunak dauzkatela. Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroak (CIS) urrian plazaratutako inkestaren arabera, 18 eta 24 urteko gazteen artean botoa emango dutenen %14,5ek soilik emango diote botoa PPri —Vox eta PSOE lirateke alderdi bozkatuenak adin tarte horretan, botoen %33 eta %32 bilduta, hurrenez hurren—. Barriok etxebizitza bat bereganatzeko zailtasunak dituzten eta ziurgabetasun ekonomikoan bizi diren gazteengan jarri du arreta. «PPk ez du lortu gazte horiekin konektatzea, eta Voxek lekua irabazi dio adin tarte horretan, arrazoibide identitario eta apurtzaile batekin».

Eguneroko informazioa plataforma digitalen bidez kontsumitzera ohituta dauden gazte horiengana iristeko asmoz, PPk atzean utzi ditu orain arte erabili ohi zituen komunikazio politikoaren kode tradizionalak, eta propaganda asko egin du sare sozialetan AA adimen artifiziala erabilita. Bideoak, irudiak eta memeak sortu ditu horretarako.

Gauza bat, ordea, ez da aldatu azken hiru urteetan: Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurkako kanpaina. Horixe da PPren eta, oro har, eskuinaren kezka nagusia: sanchismoa amaitzea. Barrioren hitzetan, kanpaina Sanchezengan zentratzeko estrategiak funtziona dezake, «Espainiako presidentearen eta gobernuaren higadura nabarmena delako». Baina muga bat daukala zehaztu du: «Sanchezi uko eginda, ez da automatikoki PPren alde egiten, batez ere pozik ez dauden ezkerreko hautesleen artean. Blokeen arteko jauziak gertatzea oso zaila da». Horregatik, uste du PP ezin dela Sanchezen aurkako mezuan bakarrik zentratu.

«Feijook ez du erakutsi kudeatzaile ona dela. Ez, behintzat, oposizioan. Batere sakondu gabe jardun du, deskalifikazioak eginez eta guztiari kontra eginez»

CRISTINA MONGE Politologoa

Harago joan da Monge. Haren ustez, estrategia horrek ezkerra mobilizatzen ez bada soilik funtzionatu dezake. Azpimarratu du eskuinak oso mobilizatuta daukala hauteslea, eta, kontrara, ohartarazi du ezkerra «kostata» ari dela hauteslea mobilizatzen, batez ere PSOEren ezkerrean dauden alderdien kasuan.

Horrekin lotuta, Mongek inkestak izan ditu hizpide. Azaldu du inkesta gehienek erakutsi dutela 2023az geroztik PP botoak galtzen ari dela pixkanaka-pixkanaka, eta hori zerbaiten erakusgarri dela. «Inkestek erakusten dute PP azken urteetan botoak eta eserlekuak galtzen ari dela progresiboki. Hau da, ezkerra aspaldiko garairik txarrenean dagoen honetan, eskuinean probetxua ateratzen ari dena ez da PP, Vox baizik, argi eta garbi. Eta hori oso albiste txarra da popularrentzat».

(ID_15118729) ESPAÑA CONGRESO PP
Cuca Gamarra, Alberto Nuñez Feijoo eta Isabel Diaz Ayuso, 2025eko uztailean. J.J GUILLEN / EFE

Horrek guztiak pertsona bakarra jartzen du denen begiradapean: Feijoo. Mongeren ustez, bi arazo nabarmen izan ditu Feijook: ez duela lortu hautesle kontserbadoreak bateratzea eta balorazio txarra daukala baita bere alde bozkatuko dutenen artean ere. «Feijoo indartsu iritsi zen Madrilera, baina kalte egin dio Ayusok han daukan irudiak, baita alderdiak eskuinera egin izanak ere». Mongek aipatu du bi ezaugarri nagusi zituela PPren buruak Galizia utzi zuenean, 2022: «Moderatua zela, eta kudeatzaile ona zela». Azken hori, ordea, ez du erakutsi Madrilen, Mongeren hitzetan: «Feijook ez du erakutsi kudeatzaile ona dela. Ez, behintzat, oposizioan. Batere sakondu gabe jardun du une oro, deskalifikazioak eginez eta guztiari kontra eginez. Futboleko hiztegia erabilita, baloi guztiak urrundu dituela esango genuke. Alegia, ez duela jokatzen jarraitu».

Barriok ere uste du Feijook ez duela lortu Galizian zeukan irudia Madrilen islatzea, eta uste du, hein batean, «Ayusoren lider izateko moduak sortu dion presioagatik» dela. Askok azken aukera duela nabarmendu dute, baina Barriok azpimarratu du ezin dela ahaztu 2023an lehenengo aldiz aurkeztu zela Gorteetako hauteskundeetara, eta hura izan zela boto gehien jaso zuen hautagaia.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA