Klima larrialdiaren bikia deitu ohi zaio ozeanoen azidotzeari, elkarri estu lotuta baitaude bi prozesuak. Atmosferan pilatzen ari den karbono dioxidoak klima larrialdia eragin du, baina isurtzen den karbonoaren beste parte handi bat ozeanoek xurgatzen dute. Zenbat eta karbono gehiago xurgatu, orduan eta azidotasun handiagoa dute itsasoek. Ozeanoen azidotzeak kalte handiak eragiten ditu koral arrezifeetan eta bestelako itsas ekosistemetan. Orain, ikerketa batean ondorioztatu dute ozeanoen azidotasunak Lurraren mugetako bat gainditu duela, eta arrisku larri bat dela itsas ekosistemen iraupenerako.
Ozeanoek karbonoa xurgatzen dutenean, karbonoak ur molekulekin erreakzionatzen du, eta, ondorioz, itsasoko uraren pHa jaitsi egiten da. Aldaketak eragin zuzena du ozeanoetako hainbat espezie eta habitatetan. Bereziki, kaltzifikazio prozesuak behar dituzten espezieei kalte egiten die, hau da, eskeletoak eta maskorrak sortzeko kaltzio karbonatoa erabiltzen dutenei. Adibidez, ostrei, muskuiluei eta molusku txikiei. Bizidun horiek oskol ahulagoak garatzen dituzte pH apaleko eremuetan. Horrez gain, motelago hazten dira, eta gutxiago ugaldu, eta biziraupen tasa apalagoak izaten dituzte. Koralei ere egiten die kalte, pH apalagoa izanez gero babes gutxiago baitute estres termikoaren aurka, eta estres termiko horren eraginez zuritu egiten dira.
Nazioarteko ikerketa batean ondorioztatu dutenez, ozeanoetako azidotasuna orain arte uste zen baino handiagoa da. Erresuma Batuko Plymouth Itsas Laborategiak, AEBetako NOAA agentziak eta herrialde bereko Itsas Baliabideen Ikerketarako Institutuak egin dute ikerketa. Adierazi dutenez, ozeanoen azidotasunak planetaren muga gainditu du, eta maila kritikoan dago 2020. urteaz geroztik.
7Zenbat muga planetario gainditu diren orain arte. Zientzialari talde batek bederatzi muga zehaztu zituen 2009. urtean, oinarritzat hartuta Lurraren sistema globalen orekari eusteko gaitasuna. Ozeanoen azidotasunari lotutakoaz gain, hauek dira zehaztutako mugak: klima aldaketa, biosferaren integritatea, gizakiak sortutako substantzien kantitatea, uraren erabilera, deforestazioa eta lurraren erabilera, ozono geruzaren zuloa, atmosferako partikulen kutsadura, eta nitrogenoaren eta fosforoaren zikloa.
Planetaren mugak ezartzen dira Lurraren sistema globalen —klima, ura, biodibertsitatea...—orekari eusteko gaitasunean oinarrituta. Irizten diote behin muga horiek gaindituta arriskuan dagoela sistemei eusteko Lurraren gaitasuna. Bederatzi muga planetario zehaztu zituen zientzialari talde batek 2009. urtean, eta horietatik zazpi gainditu dira, ozeanoen azidotasunari dagokiona kontuan hartuta. Orain arte gainditu diren beste seiak hauek dira: klima aldaketa, biosferaren integritatea, gizakiak sortutako substantzien kantitatea, uraren erabilera, deforestazioa eta lurraren erabilera, eta nitrogenoaren eta fosforoaren zikloa. Gainditu gabe daude atmosferako partikulen kutsadurari eta ozono geruzaren zuloari dagozkien mugak.
Ikerketan nabarmendu dute ozeanoko sakoneko uretan atzeman dutela azidotasunik handiena. Horrenbestez, ondorioak ez dira hain agerikoak gizakiarentzat, baina baliteke kaltea uste den baino okerragoa izatea.
Ohartarazi dutenez, karbono isuriak murriztea da ozeanoen azidotzeari aurre egiteko neurri garrantzitsuena, eta ahal bezain azkar jarduteko deia egin dute, itsasoko ekosistemak babeste aldera. Uste dute hala egin ezean kalte handiak izango direla bai ingurumenean eta bai kostaldeetako ekonomietan ere.
Ozeanoei buruzko goi bilera
Ozeanoen «larrialdiari» aurre egiteko neurriak adosteko helburuarekin, NBE Nazio Batuen Erakundearen Ozeanoen Konferentzia hasi da gaur, Nizan (Frantzia). Hirurogei estatuburu eta gobernuburu inguru bilduko dira goi bileran. Horiekin batera, hainbat enpresa, zientzialari eta gizarte eragile. «Historian inoiz ere ez dugu horrenbeste jende bildu ozeanoen alde», adierazi zuen atzo Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, konferentziaren aurreko afari ofizialean.
Bilkuraren helburuetako bat izango da arraste arrantza mugatzeko konpromisoak hartzea. Espero da zenbait herrialdek iragartzea arrasteko arrantza debekatuko dutela beren uretako eremu jakin batzuetan. Horrez gain, babesa biltzeko ahalegina egingo dute nazioarteko uretan biodibertsitatea babesteko nazioarteko akordioaren alde. 2023an onartu zuen NBEk, 115 estaturen babesarekin, baina, oraingoz, berrogeik baina gutxiagok berretsi dute. Akordioa gutxienez hirurogei herrialdek berrestea behar da indarrean sar dadin. Azkenik, itsas azpiko meatzaritza erregulatuko duen hitzarmen bat bultzatzeko negoziazioak ere izango dira, Itsas Hondoaren Nazioarteko Agintaritzak uztailean egitekoa duen bilkuraren aurretik.