Jaka Horiak

Macron sindikatuekin eta patronalarekin bildu da, Jaka Horien protestak direla eta

Goizean, Jaka Horien mobilizazioei erantzuteko neurriak aurkeztu dizkie Frantziako presidenteak sindikatuei eta patronalari. Arratsaldean, adierazpen publikoa egingo du.

Jaka Horien protesta, joan den larunbatean, Parisen. IAN LANGSDON
2018ko abenduaren 10a
13:06
Entzun

Jaka Horien protestek zeresan handia eman badute ere, aurreko aste osoan adierazpenik ez egitea erabaki du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta Edouard Philippe lehen ministroaren esku utzi du protestei jendaurrean erantzuteko ardura. Gaur, ordea, presidenteak adierazpen bat egingo du, Eliseoak baieztatu duenez. 20:00etan egingo du Macronek hitzaldia.

Aurretik, presidenteak bilerak egin ditu sindikatuekin eta patronalarekin. 10:00etan . Macronek Jaka Horien krisiari erantzuteko neurriak aukeztu dizkie. Bilera horretan izan dira Edouard Philippe lehen ministroa, Brune Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroa, Muriel Penicaud Lan ministroa, Françoise de Rugy Ekologia Trantsizio ministroa eta Elisabeth Borne Garraio ministroa.

Hainbat hedabidek Macronek arratsaldean iragarriko dituen neurrien artean aipatu dituzte errentaren gaineko zergaren apaltzea, etxebizitza bat okupatzeagatik ordaindu beharreko tasaren desagertzea, soldata txikienak dituzten langileentzako sariak eta ordu estrentzako karga salbuespena.

Jaka Horien protestek ez dute etenik izan asteburuan. Laugarren asteburuz jarraian, mobilizazioak izan ziren Parisen eta Frantziako hainbat hirigunetan. Istiluak gertatu ziren, eta indar politikoek esku hartzeko eskatu diote Macroni, auzia bideratzeko.

Jean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroak kezka agertu du Jaka Horien protestengatik, eta Macronen esku hartzeak egoera lasaitzeko balio izatea espero du. Frantziarrentzako "gizarte hitzarmen berri bat" lortzearen alde agertu da. Auziaren muina herritarren erosahalmena dela adierazi du ministroak. Aurreratu duenez, Macronen hitzek frogatuko dute presidenteak Jaka Horien "mugimendua ulertu duela".

Heldu den urtarrilean indarrean sartzekoak zituen zerga igoerak sei hilabetez etetea erabaki zuen Macronek joan den asteartean, baina Jaka Horiek protestari eutsi diote.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.