Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bere eremura eraman du G7ko goi bileraren bigarren eguneko agenda. Ezustean izan zen: zurrumurruak ugaritu egin ziren atzoko bazkalostean, eta arratsalde aldera Irango Atzerri Ministerioaren eledun Seyyed Abbas Musavik eta Frantziako presidentetzak baieztatu zuten Mohamed Javad Zarif Irango Atzerri ministroa Miarritzen (Lapurdi) zegoela; Txinara zen joatekoa, baina hara bidaiatu aurretik Lapurdin izan zen, Frantziako presidente Emmanuel Macronekin eta Atzerri ministro Jean-Yves Le Drianek batzartzeko. Biekin izan zen G7koen bileraren aitzakia baliatuta, eta mahai gainean jarri zuten Irango akordio nuklearra, Europako sinatzaileak salbatzea helburu duten ituna.
Mugimendu politiko horri esker, Zarifen bisitak eta Irango akordio nuklearrak berebiziko garrantzia hartu zuten goi bileraren bigarren egunean, eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea jokoz kanpo harrapatu zuen, Etxe Zuriak adierazi baitzuen "ezustekoa" izan zela Irango Atzerri ministroaren bisita; alegia, ez zutela espero eta ez zekitela ezer horri buruz.
AEBetako presidentearen kasuan, gaur goizean adierazi du babesa eman ziola Frantziako presidenteari, eta, hortaz, ados zegoela bilera hori egitearekin: "Niretzat goizegi da Irango Atzerri ministroarekin batzartzeko. Ez dugu nahi erregimen aldaketarik Iranen". Aldaketa txiki bat izan zen atzo esan zuenarekin konparatuz gero, adierazi baitzuen ez dutela "hori negoziatu"; Frantziako presidenteak berehala erantzun behar izan zion G7a bilera informala dela, eta hitzordu horietan agintariek ez dutela agindurik jasotzen, horren ordez "iniziatibak" proposatzen baitituzte. Bi agintariek prentsaurrekoa izango dute gaur, 15:30ean.
Bi aldeek ez dute xehetasunik eman Miarritzen izandako bilerari buruz. Eliseoak atzo adierazi zuen bilkura "positiboa" izan zela, eta Irango Atzerri ministroak gaineratu zuen, Twitter sare sozialaren bidez, "bidea gogorra" dela, baina "merezi" duela "saiatzea".
Iran's active diplomacy in pursuit of constructive engagement continues.
— Javad Zarif (@JZarif) August 25, 2019
Met @EmmanuelMacron on sidelines of #G7Biarritz after extensive talks with @JY_LeDrian & Finance Min. followed by a joint briefing for UK/Germany.
Road ahead is difficult. But worth trying. pic.twitter.com/oXdACvt20T
Zarifek Erresuma Batuarekin eta Alemaniarekin ere izan zituen bilkurak, negoziazioen egoeraren berri emateko, Irango Atzerri ministroak berak baieztatu zuenez; aldiz, ez zuen izan bilerarik AEBetako ordezkaritzarekin. Izan ere, hilaren hasieran Washingtonek zigor ekonomikoak ezarri zizkion Irango Atzerri ministroari, azken urteko estrategiari jarraituz. Horregatik atera zuen Trumpek iaz herrialdea itun nuklearretik, Irani eta hango agintariei zein herritarrei zigorrak jartzeko.
AEBen eta Iranen arteko harremana oso tirabiratsua da egun, eta, testuinguru horretan, Frantzia izan da Teheranek izan duen solaskidea itunaren Europako sinatzaileen artean; horren erakusle da atzoko gonbidapena eta iragan astean Zarif bera Macronekin batzartu izana.
Frantziako presidenteak mugimendu diplomatiko indartsua egin du Irango Atzerri ministroa Miarritzera ekarrita, eta frogatu du egunotako goi bilerak arrakasta izatea nahi duela, proposamen eta irtenbide zehatzak adostuta. Halere, G7koek aurten ez dute adierazpen komunik adosteko asmorik; iazko bileran, ez zuten halakorik adostu, Trumpen boikotaren ondorioz.
G7ko zazpi agintariek Irango akordio nuklearraren egoerari eutsi zioten larunbat gaueko afari informalean eta igande goizean egin zuten lehen bilera formalean. AEBek iazko maiatzean jakinarazi zutenetik itun horretatik aterako zirela, Iranek hainbat konpromiso eskatu dizkie Europako sinatzaileei, hori egin ezean hura ere testutik aterako dela mehatxatuta.
Pixkanaka, mehatxua betetzen ari da Teheran, eta akordioan adosturikoa urratzen ari da: uztail hasieran, esaterako, uranio biltegiratze muga eta uranio aberaste muga gainditu zituen. Hala ere, Teheranek adierazia du prozesua "itzulgarria" dela, Europako sinatzaileek "haien hitza betetzen badute". Hortaz, G7ko agintariek Macroni eskatu diote Iranekin akordio nuklearraz hitz egiteko, eta "mezu bat helarazteko"; zeregin horrekin, Frantziako presidenteak nazioartean duen pisua sendotuta ikusi du.
Macronek badu egitekoa, eta elkarrizketen helburua izango da Iranek "arma nuklearrik ez garatzea"; hau da, "elkarrizketa bide bat sortzea" eta "gatazka armatu bat eragoztea". Zarifi egindako gonbidapena, beraz, zeregin horren lehen pausoa izan da.
Trump-Johnson lehen bilera
Zarifen bisitaren aurretik, beste arretagune garrantzitsu bat izan zen atzo Miarritzen. Izan ere, igande goizean aspaldian espero zen argazki bat egin izan ahal zuten argazkilariek: Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren eta Trumpen arteko lehen bilerarena.
Bi agintariek Miarritzeko Hotel du Palaisen izan zuten bilkura, G7aren aitzakia baliatuta, eta, hainbat gairen artean, brexit-a izan zuten hizpide. Eztabaidagai nagusia, noski, azken hilabeteotan hainbatetan errepikatu dutena: bi herrialdeek etorkizunean izango duten merkataritza harreman berria. " [Johnsonek] Ez du aholkurik behar. Brexit-a gauzatzeko gizon egokia da", adierazi zien Trumpek kazetariei, bi agintarien arteko bilera hasi aurretik.
Erresuma Batua urriaren 31n da Europako Batasunetik (EB) ateratzekoa, eta, horretarako bederatzi bat aste falta direla, oraindik ez dago batere argi nolakoa izango den irteera. Sky News kateari igandean emandako elkarrizketan, Johnsonek atzo errepikatu zuen Bruselak eta Londresek adosturiko irteera akordioa "hilda" dagoela, baina beste itun bat adosteko aukerak "handitu" direla; iragan astean kontrakoa adierazi zuen, ez zegoela ia aukerarik akordio berri bat sinatzeko.
Horrelakorik adostu ezean, herritarrak lasaitu nahi izan zituen: "Ez dugu sufrituko itunik gabeko irteeragatik. Prest gaude testuinguru horretarako".
Great working breakfast this morning with Prime Minister @BorisJohnson at the Hôtel du Palais in Biarritz, France! #G7Biarritzpic.twitter.com/ISQRFz7kJO
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) August 25, 2019
Erresuma Batua EBtik ateratzen denean, bi herrialdeek merkataritza harreman berria zehaztu beharko dute, eta AEBetako presidentea nahiko baikor agertu zen negoziazio horiei begira; are, harreman berria "azkar" adostuko dutela uste du: "Nahiko azkar. Ez dut uste arazorik izango dugunik. Inoizko itunik handiena izango dugu". EBko merkaturako sarrera zailduta, AEBetakora begira jarri nahiko du Johnsonek, herrialdearen irteera gauzatu eta berehala.
Trumpekin izandakoak baino txikiagoa izan zuen Erresuma Batuak izan zuen beste bilerak. Johnson Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearekin elkartu zen, Erresuma Batuaren irteeraz hitz egiteko, baina bilkurak ez zuen askotariko balio izan, bi agintariek euren jarrerak defendatu besterik ez baitzuten egin. Erresuma Batuko lehen ministroak Tuski ohartarazi zion herrialdea EBtik aterako dela urriaren 31n, "testuingurua edozein dela ere".
Today I met @eucopresident Donald Tusk at the #G7 summit. We discussed the UK's exit from the EU and foreign policy issues #G7Biarritz#TeamUK🇬🇧 pic.twitter.com/tCV8yTf8vK
— Boris Johnson (@BorisJohnson) August 25, 2019
Orain arte bezala, Johnsonek defendatu zuen nahiago duela akordio batekin atera, baina gogorarazi zuen ez duela beldurrik itunik gabe joateko. Horren inguruan, Tuskek ohartarazi zion "pilotak Erresuma Batuaren teilatuan jarraitzen" duela, eta Londresi dagokiola proposamenak egitea, egungo akordioa ez bazaio gustatzen.
Irtenbiderik adostu gabe, bi agintariak erabaki zuten datorren hilabetean berriz elkartzea, New Yorken, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian.
AEB-Txina negoziazioak, "laster"
Brexit-aren inguruan adostasun handia islatu duten arren, Trumpek eta Johnsonek jarrera desberdinak dituztela erakutsi zuten AEBen eta Txinaren arteko gerra komertzialaz aritu zirenean. Erresuma Batuko lehen ministroak kezka agertu zuen Trumpek Txinari ezarri dizkion muga zergengatik: "Ez zaizkigu gustatzen. Bake komertzialaren alde gaude".
AEBetako presidenteari galdetu ziotenean muga zergak ezartzeari buruzko erabakiaz damutzen ote den, agintariak erantzun zuen mugimendu ekonomiko horretaz "berriz pentsatzen aritu" dela: "Bai, batzuetan beste iritzi bat izan dut". Ostera, iritzia aldatu, eta honako hau adierazi zuen: "Bai, berriz pentsatzen dut: muga zergak ez ote diren handiagoak izan behar".
Trumpen arabera, Txinako agintariek negoziazio mahaira itzultzeko eskaria egin diote: "Laster hasiko dira berriz merkataritzari buruzko hizketak. Positiboa da denontzat hori egitea". Hori eginda, AEBetako presidenteak uste du Xi Jinping Txinako presidenteak frogatu duela "lider handi bat" dela. Ohartarazpena ere egin du: "Orain [Txinarekin] egiten ari naizena aspaldi egin behar izan zuten AEBetako presidenteek, duela 25 urteko kontua izan behar luke".
Gerra komertziala da egunotako G7aren eztabaidagaietako bat. Macronek berak jarri zuen mahai gainean auzi hori, goi bilera hasi aurretik: "Agintariei ohartaraziko diet tentsio komertzialak txarrak direla denontzat, eta egoera egonkortzeko beharra dagoela". AEBetako presidenteak, ordea, ziurtatu zuen gainontzeko agintariek ez diotela ezer esan auzi horri buruz: "Inork ez dit ezer esan [gerra komertziala] amaitzeari buruz. Auziak ez du tentsiorik sortzen".
Trumpen mugimendu ekonomiko horren ondorioz, munduko hazkundea moteldu egin da, eta Frantziako presidenteak kezka agertu du gertakari horren inguruan. G7koek irtenbide komunak adostu nahi dituzte eztabaidagaien inguruan, baina hitzorduan protagonista izaten ari diren zatiketek eta ziurgabetasunak zaildu egingo dute helburu hori.
AEBen eta Txinaren arteko gerra komertzialaren itzalpean, Trumpek atzo jakinarazi zuen merkataritza itun berriari buruzko negoziazioak amaitu zituela Shinzo Abe Japoniako lehen ministroarekin, besteak beste, nekazaritza produktuen esportazioak handitzeko. Halere, bi agintariek ohartarazi zuten "oraindik xehetasun batzuk" daudela "fintzeko", baina espero dutela akordioa datorren hilabetean sinatzea, ziurrenik Nazio Batuen Erakundearen Biltzan Nagusiaren urteroko bilkura baliatuta.
Brasilgoa funtsaren "porrota"
G7ko agintariek Amazoniako suteen auziari ere eutsi diote egunotan, Macronek nahi bezala. Agintaria kritiko agertu da Brasilgo presidente Jair Bolsonaroren jarrerarekin, eta goi bileran alboan izan dituen gobernuburuek eta estatuburuek ere kezka agertu dute basoaren egoeraz.
Irtenbide gisa, Frantziako Itsason Gaindiko ministro Annick Girardinek atzo proposatu zuen nazioarteko funts bat osatzea Amazoniarako, haren iritziz Brasilgo Gobernuarenak "porrot" egin duelako. Macronek prentsaren aurrean gehitu zuen sutearen mehatxua jasaten ari diren herrialdeei "ahalik eta azkarrena" lagunduko dietela, xehetasun gehiagorik eman gabe.
Point sur les avancées après une matinée de travail au #G7Biarritz. pic.twitter.com/etWPBaH6LX
— Emmanuel Macron (@EmmanuelMacron) August 25, 2019
Etxeko eta kanpoko presioen ondorioz, Bolsonarok erabaki du armada erabiltzea suteen aurkako lanetan, eta larunbatean bertan hasi ziren soldaduak laguntzen. Fernando Azevedo de Silva Brasilgo Defentsa ministroak azaldu zuenez, jada eremuan bertan ezarrita dauden 44.000 soldadu horiek baino ez dira izango babesa, beste tokietatik tropak bertaratzea baztertu egin baitu. Egoera hori ikusirik, Brasilgo sei estatuk laguntza gehiago eskatu zioten gobernuari.
Le Journal du Dimanche astekarian atzo publikaturiko artikulu batean, Girardinek azaldu du funtsean bilduriko kopuruaren arabera “ekintza zehatzak eta puntualak” sustatuko dituztela Amazonia babesteko.
Errusiaren itzulera
Trump G7aren lehen bi egunetan mintzatu da Errusiaren itzuleraren gaiaz. Herrialde hori 2014an bota zuten garai hartan G8a zen taldetik, Ukrainako Krimea eremua anexionatu zuelakoan: "Posible da [Errusia] itzultzea". Macron Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batzartu da asteon, eta prest agertu da Europa ekialdeko estatuaren itzulera aztertzeko, baina ez du oraingoz baiezkorik eman. Trump, aldiz, hori egitearen alde da iaztik.
G7koak zatitzen dituen gaietako bat Errusiaren itzulera, eta horrek agerian utzi du AEBetako presidenteak zail izanen duela bere asmoa lortzea. EBk, esaterako, jada adierazi du horren aurka agertuko dela; Tuskek herenegun argi utzi zuen hura oztopo izango dela zeregin horretan, eta, Mosku berriz sartu beharrean, proposatu zuen Ukraina gonbidatzea datorren urteko G7koen goi bilerara.