Macronek ohartarazi du «arriskutsua» dela bigarren itzulira begira «muturrekin» elkartzea

Eskuin muturrak atzera egin du Parisen, LR-ren mesedetan. Marseillan, intsumisoek ez dute parte hartuko bigarren itzulian; Lyonen, berriz, ekologistekin elkartu dira. Retailleau LRko buruak esan du nizatarren esku dagoela ultrei edo Horizonsi boza ematea.

Gizon bat Parisko auzapezgaien kartelen ondotik pasatzen, joan den igandean, Frantziako hiriburuan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Gizon bat Parisko auzapezgaien kartelen ondotik pasatzen, joan den igandean, Frantziako hiriburuan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko martxoaren 18a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alderdiek atzo arteko epea zuten Frantziako herriko bozetako bigarren itzulirako aliantzak egiteko —edo, bestela, haienari eusteko—, hainbat herri eta hiritan datorren igandean erabakiko baitituzte auzapezak. Eta, zerrenda horiek dagoeneko itxita dauden honetan, Emmanuel Macronek ohartarazi du ez dela komeni «muturrekin» elkartzea bigarren itzulira begira: «Zein garrantzitsua den muturrak ez ahaztea, dauden lekuan daudela arriskutsuak baitira errepublikarentzat». Frantziako presidenteak horixe bera esan du gaur Ministroen Kontseiluan, Maud Bregeon gobernuko bozeramaileak kazetariei adierazi dienez.

Paris da adibideetako bat. Herenegun, Horizons alderdiko hautagaiak esan zuen LR Errepublikanoen zerrendaren pean aurkeztuko zela; %11 pasatxo lortu zuen Pierres-Yves Bournazel zentro-eskuinekoak, eta %25 pasatxo Rachida Dati kontserbadoreak. Ezustekoa izan zen Bournazelen iragarpena, lehen itzulia baino lehen esana baitzuen alternatibatzat zeukala bere burua, eta bigarrenerako ez zela juntatuko ez sozialistekin, ezta kontserbadoreekin ere; baina LRk horixe proposatu zion, eta baiezkoa jaso zuen. Are, atzo, Sarah Knafo Reconquete alderdiko auzapezgaiak esan zuen ez zuela parte hartuko bigarren itzulian. Datik gaur Europe 1 irratian esan du «erabaki arduratsu eta koherentea» hartu duela eskuin muturrak, eta «konbergentzia» baterantz jotzen dutela bi alderdiek zenbait kontutan: segurtasunean, hondakinen kudeaketan, murrizketetan eta etxebizitza politiketan, besteak beste.

Galdetu diote ea «eskuinaren batasuna» ordeztuko duen, eta zera erantzun du: «Txandaketaren eta aldaketaren hautagaia naiz Parisen». Azken mende laurdenean PS Frantziako Alderdi Sozialistak agindu du hiriburuan.

Joan den igandean, lehen itzulian, sozialistek lortu zuten boto gehien (%37,98), eta, eskuineko alderdien joera ikusita, Emmanuel Gregoire hautagaiak ahalik eta boto gehien beharko du Anne Hidalgo egungo auzapez alderdikidearen (2014-2026) lekukoa hartzeko. Hori bai, Gregoirek bazter utzi du LFI Frantzia Intsumisoarekin elkartzeko aukera, eta Sophia Chikirou hautagaiak bere zerrendari eutsi dio bigarren itzulirako. LFIkoak salatu du ez dutela gonbidatu BFM TV telebista katean gaur gauean egitekoak diren eztabaidara, berez Gregoire eta Dati besterik ez zirela egotekoak; azkenean, Chikirouk ere parte hartuko du.

Marseillan, LFIren hautagaiak, Sebastien Deloguk, atzo iragarri zuen erretiratu egingo dela, zertarako-eta eskuin muturraren kontra egiteko; izan ere, hiri horretan aurkeztu zen ezkerreko koalizioak (%36,7) eta RN Batasun Nazionala alderdi ultrak (%35) emaitza paretsuak lortu zituzten. Lyonen, berriz, intsumisoak (%10,4) ekologisten eta ezkerrekoen koalizioarekin (%37,4) elkartuko dira; zentroko alderdien koalizioak ere bozen herenak pasatxo lortu zituen.

«Nahasmena» Nizan

Herriko bozek harrabotsa sortu dute Nizan. Eric Ciottik lortu zuen boto gehien, UDR Errepublikaren Aldeko Eskuinen Batasuna eskuin muturreko alderdiko hautagaiak (%43,4), eta bigarren geratu zen Horizonsen hautagaia, Christian Estrosi egungo auzapeza (%30,9). «Nizatarrei dagokie bozetan erabakitzea», esan du Bruno Retailleau LRko presidenteak gaur BFM TV katean. Errepublikanoek Estrosiren hautagaitza babestu zuten lehen itzulian, nahiz eta bigarrenerako Retailleauk herritarren esku utzi duen erabakia: «Akordio nazional bat geneukan Horizonsekin, Nizan barne. Kanpaina kaltegarria izan da». Gero, sare sozialetan, idatzi du itun hori ez duela «zalantzan» jarri: «Besterik gabe, Nizako kanpaina kaltegarria izan da, horrexegatik egin dut salaketa, eta gogoratu nizatarrek dutela azken esana».

Erreakzioak berehala heldu dira: zentro-eskuineko alderdiak ohar bidez salatu du «nahasgarria» dela LR-ren erabakia; alderdikideek esan dute Retailleauren adierazpenek Ciottiren hautagaitza hanpatu besterik ez dutela egin; eta Ciottik berak eskerrak eman dizkio. Aintzat hartzekoa da Ciotti LR-ren burua izan zela 2022tik 2024ra, harik eta alderditik bota zuten arte 2024ko Asanblea Nazionalerako bozetarako eskuin muturrarekin batera aurkeztea proposatzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA