Madurok esan du Venezuela «prest» dagoela AEBekin batera narkotrafikoari aurka egiteko

Venezuelako presidenteak iradoki du inbertsioak direla hango petrolioa lortzeko modu bakarra. Ez du hitz egin Washingtonek portu batean egindako bonbardaketaz.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea Indar Armatu Nazional Bolivartarraren urte amaierako ekitaldian, abenduaren 28an, Caracasen. EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea Indar Armatu Nazional Bolivartarraren urte amaierako ekitaldian, abenduaren 28an, Caracasen. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urtarrilaren 2a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost bat hilabete igaro dira AEB Ameriketako Estatu Batuek armada Karibe itsasoan hedatu zutenetik, «narkotrafikoari aurre egiteko», Donald Trump presidenteak iragarri zuenez. Tentsioa hanpatuz joan da eskualde horretan, AEBek Venezuelatik irtendako hainbat ontzi bonbardatu baitituzte orduz geroztik. Venezuelan jarduten duten petroliontzien kontrako zigorrak ere ezarri ditu Washingtonek, eta Caracasek irizten dio badela garaia bien arteko ika-mikak atzean uzteko: Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak esan du «prest» dagoela AEBekin batera narkotrafikoaren kontra aritzeko.

Droga trafikoa eragozteko «borroka akordio bat» lortu nahiko luke Madurok, eta aditzera eman du «ziurrenik egun batzuk barru» hasi ahalko lukeela negoziatzen, Venezolana de Television kateari bart emandako elkarrizketan iragarri duenez. «Behin baino gehiagotan esan diegu mandatariei: borroka akordio bati buruz serioski hitz egin nahi baldin badute, gu pronto gaude».

Presidenteak berretsi du AEBek gobernu aldaketa eragin nahi dutela Venezuelan, baita hango petrolioa kontrolatu nahi dutela ere, munduko erreserbarik handienak baitaude Venezuelan. «Zeren atzetik dabiltza? Argi dago beren burua inposatu nahi dutela mehatxuen, intimidazioaren eta indarraren bidez», adierazi du Madurok. Washingtonek petrolioa nahi izanez gero, ziurtatu du Caracasek ez duela arazorik inbertsioak jasotzeko, aurrez Chevron konpainiak egin gisa —Venezuelan jarduten duen AEBetako konpainia bakarra da, eta hango petrolioa inportatzen du—.

35

AEBek zenbat ontzi bonbardatu dituen azken hilabeteotan. AEB Ameriketako Estatu Batuek abuztuan zabaldu zuten armada Karibe itsasoan,  narkotrafikoari  kontra egingo ziola argudiatuta. Bada, militarrek irailean egin zuten lehenbiziko erasoa, Venezuelako kostaldetik gertu. Orduz geroztik, 35 ontziri egin diete eraso Kariben eta inguruan, eta gutxienez 115 lagun hil dituzte, Donald Trump AEBetako presidenteak eta haren gobernukideek azken hilabeteotan iragarri dutenez. Azken erasoa abenduaren 31n izan zen: hiru ontzi bonbardatu zituzten, eta zortzi bat lagun hil.

AEBek egindako eraso bati buruz ere galdetu diote elkarrizketan. Astelehenean, Trumpek jakinarazi zuen «instalazio handi bat» bonbardatu zutela asteburuan: «Handik ateratzen ziren ontziak. Kolpea jaso zuen; gogor jo genuen». Ez zuen zehaztu non izan zen erasoa, baina The New York Times egunkariak kaleratu zuen CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak Venezuelako portu bateko gune bati egin ziola eraso. Baieztatuz gero, Venezuelako lurretan egindako lehendabiziko erasoa izango litzateke, orain arteko gainontzekoak itsasoan izan baitira.

Bada, Madurok ez du eraso horri buruzko galdera erantzun nahi izan, eta nabarmendu du herrialdea «seguru eta bakean» dagoela: «Herrialdeko defentsa sistemek lurralde osotasuna bermatu dute eta bermatuko dute». Erantsi du balitekeela «hemendik egun batzuetara» balizko eraso horri buruz eztabaidatzea AEBekin batera. Gogoratu du azkenekoz azaroan hitz egin zuela Trumpekin: «Uste dut atsegingarria izan zela elkarrizketa hori, baina orduz geroztiko bilakaera ez da izan atsegingarria. Ea, itxaron dezagun».

Joan zen urrian, Trumpek baieztatu zuen «lurraldera begira» zeudela AEBak, eta baimena eman ziola CIAri Venezuelan bertan operazioak egin ditzan: «Bi arrazoirengatik. Batetik, [Caracasek] espetxeak hustu zituelako eta presoak Ameriketako Estatu Batuetara etorri zirelako muga zeharkatuta; muga irekia genuelako heldu ziren. Bestetik, droga kontuengatik», esan zuen Etxe Zurian egindako agerraldi batean.

Errusiaren eskabidea

Abenduan, Venezuelan sartzen diren edo handik irteten diren petroliontziak «guztiz blokeatzeko» agindua eman zuen Trumpek. 38 ontzi daude zigortutakoen zerrendan. Gaur-gaurkoz, Skipper eta Centuries petroliontziak konfiskatu dituzte, argudiatuta Venezuelako «ontzidi fantasmaren» parte direla, bandera faltsua zeramatela, eta «lapurtutako petrolioarekin trafikatzen» dutela.

Errusiak, zigortutako bere ontzi bat Venezuelarantz zihoala jakitun, eskabide bat aurkeztu zien joan den astean AEBetako Estatu Departamentuari eta Segurtasun Nazionalerako Batzordeari, zertarako-eta Bella 1 ontzia ez konfiskatzeko; horixe kaleratu zuen atzo The New York Times egunkariak, bi iturri aipatuz.

AEBetako armada petroliontzi hori konfiskatzen saiatu zen abenduaren 21ean; orduko hartan ez zeraman banderarik, The New York Times-ek aipatutako iturri ofizial estatubatuarren arabera. Buelta eman eta Atlantikorantz egin zuen ihes. Egunkari horrek kaleratutako informazioaren arabera, eskifaiak Errusiako bandera bat pintatu zuen; ondoren, petroliontzia errusiarra zela jakinarazi zion AEBetako itsas armadari.

Washingtonek argudiatu du Iranekin lotura duela ontzi horrek, eta horrexegatik erabaki zuela konfiskatzea. Printzipioz Errusiaren babesa du Bella 1 petroliontziak, eta horrek zaildu egin lezake armadaren lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.